Argazki galeria

Txikienak, erraldoi eta guzti

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urr. 12a, 17:18

Lasterketa nagusia amaitu eta gero, 12:00ak aldera, Tolosako V. Elkartasun Txiki Krosa egin da. 275 umek hartu dute parte saharar haurren aldeko proban, eta aurten, auzoko berrikuntza nagusia den erraldoia aurkezteko aukera aprobetxatu dute.

Lehenik, helduen lasterketa ikusten aritu dira. Ondoren, haien asmo berarekin irten dira irteera puntutik. Irabaztea zuten helburu gehienek, baina Ainhoa Artolazabalek argi esan die, "gaur guztiak zarete irabazle, lasterketaren ondoren guztiak izango zarete eta indartsuagoak". Haur ugari gerturatu da Ferialeku parera, eta ondorioz, bi txandatan banatuta egin dituzte probak. 9 urte bitartekoek 500 metro korrika egin dituzte San Esteban auzoan zehar. 14 urte artekoek, berriz, 1.250 metro.

Garrantzitsuena parte hartzea zen. Ez da sailkapenik izan, eta izena eman dutenei motxila eta baloi bana oparitu dizkiete. Izen ematearekin batera, gainera, saharar errefuxiatuen kanpalekuetan dauden haurrei eramateko eskola edota kirol materiala utzi behar zuen haur bakoitzak.

Hala ere, aurtengo nobedade handiena, auzoko bi emakumek egindako erraldoia izan da. Goizean zehar auzoan ibili da paseoan, eta haurren lasterketaren amaieran, hauekin batera amaitu ditu lanak. Helmugara iristean, gainera, dantzatzeko tartea ere hartu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!