Argazki galeria eta bideoa

Ibon Gonzalez omendu dute, lasterka hasi aurretik

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko urriaren 12a

XXXII. Tolosako Herri-Krosa hasi aurretik, Tolosa CF Atletismo taldeko kidea zen eta orain gutxi hil den Ibon Gonzalezi omenaldi hunkigarria egin diote taldekideek. Hitz batzuk esan ondoren, agurra dantzatu du Urko Odriozolak, gero minutu bateko isilunea egin dute, eta azkenik, Gonzalezen alargunari oparia eta lore sorta eman dizkiote.

Hona, Tolosa CF Atletismo taldeko kide batek irakurritako mezua:

Hemen bildu garen guztiok ezagutzen genuen Ibontxo. Korrikalari itzela zen, gogorra, beti bere hoberena ematen zuena, eta kirola hain gertutik bizi eta disfrutatzen zuena. Baina oraindik itzelagoa zen pertsona bezala. Alaia zen, beti zegoen irribarretsu, eta zu ondo sentitzeko hitz egokiak izaten zituen horietakoa. Aita eta senar maitagarri eta zoriontsua zen, beti edozertan laguntzeko prest azaltzen zena. Horrelakoa zen Ibon. Pertsona ederra, behar zenuenean, beti zure ondoan zegoena.

Hutsune handia utzi digu gure Ibontxok gure bizitzetan. Baina, hauek eta beste mila gauza gehiagorengatik, bere lagun eta taldekideen bihotzetan eramango dugu. Eskerrik asko Ibon, gu, zure lagunak, zure bizitzaren partaide egiteagatik. Laster arte lagun min hori, eta zauden lekuan zaudela, segi korrika.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!