Behin-betikoz esleitu dute Fronton eraikineko ostalaritza-zerbitzua

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko uzt. 10a, 10:11

30 urteko hitzarmena sinatu dute Orbela Taberna SL-k eta Sonia Tapiak; 2020ko ekainean irekitzea aurreikusten dute.

Duela bi hilabete egin zen, Beotibar frontoiko ostalaritza-eraikineko jatetxe eta kafetegi zerbitzuen lehiaketa publikorako ustiapen deialdira aurkeztutako proposamenen gutun-azal irekiera. Hiru erakundek aurkeztu zuten kudeaketarako hautagaitza, baina bik soilik lortu zuten azken fasera igarotzea: Orbela Taberna SL-k eta Sonia Tapiak osatutako ABEEa (Aldi Baterako Enpresa Elkartea), eta Azkonarra SL. Espedientea eta klausula administratibo partikularren eta baldintza teknikoen plegua onartu ondoren, aurkeztutako irizpideak baloratu eta dokumentazioa kalifikatu zen.

Aurkeztutako proposamenak aintzat hartuta, eraikuntzaren aurreproiektua, kontzesioaren ekonomia eta finantza plana, eta proiektuaren kalitatea baloratu ziren. Horiez gain, marka, komunikazio eta marketin proposamenak, hizkuntza-jakintza egiaztatzeko tituluak eta kanona ere baloratu ziren. Orbela Taberna SL-k eta Sonia Tapiak lortu zuen puntuazio altuena.

Gerora, errekurtsoa aurkezteko aukera izan zen. Hala ere, ekainaren 17an bildu zen kontratazio mahaia, udaletxean, eta aho batez onartu zuen txostenak eta dokumentuak epe eta modu egokian igortzea; lizitazio egintza ere balioztatu zuen. Aste honetan argitaratu dute behin-betiko esleipena Tolosako Udalean eta Gipuzkoako Buletin Ofizialean, eta jada sinatu dute hitzarmena Orbela tabernako Egoitz Goikoetxeak eta Sonia Tapiak.

30 urteetarako kontratua da, eta urtero, 33.600 euroko kanona ordaindu behar diote udalari. Eraberritze lanak aurreikusi moduan joanez gero, kafetegi eta jatetxe zerbitzu eraberrituak, 2020ko San Joan festen atarian irekitzea espero dute. Iazko maiatzean erabaki zuen udalak eraikina eraberritu eta ustiaketa berrirako lehiaketa publikoa abiaraztea. Ordutik, urtebete igaro da, eta datorren urtera arte itxaron beharko da ostalaritza zerbitzu berriaz gozatzeko.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!