«Behean nahiz goian eskaintza gastronomiko berdina izango da»

Ataria 2019ko uztailaren 10a

12 urtez aritu zen lanean Fronton jatetxean, Roberto Ruiz sukaldariarekin. Orain, proiektu handi batean sartu eta behin praktikak egiten hasi zen lekura itzuliko da Sonia Tapia (Irura, 1978). «Oraindik, sentimendu erromantiko bat dut eraikin honekin», dio. Bazkide berri batekin ekingo dio, ordea, erronka garrantzitsuari: Orbela tabernako Egoitz Goikoetxea tolosarrarekin. «Berak egin zidan proposamen ero hau», aitortzen du txantxetan.

Zein izan zen zuen erreakzioa esleituak izan ondoren?

Azaldu ezinezko sentimenduekin nago oraindik. Oso pozik gaude biok, emozioz beterik. Urtebetez aritu gara gogor lanean, sektoreko profesionalekin batera, eta albiste hau guzti horren emaitza izan da, oso positiboa.

Egun, zein egoeratan aurkitzen da zuen proiektua?

Esleipenaren ostean, administrazio kontuen dokumentuak aurkeztu behar izan genituen, eta ondoren, legalki esleitu ziguten proiektua. Orain, eraberritze lanetarako proiektua aurkeztu behar dugu, obrei ekin aurretik, beharrezko agiri guztiak jaso behar ditugulako.

Nola irudikatzen dituzue kafetegi eta jatetxe berriak?

Jose Luis Belloso dekoratzaileak bideratuko du obra. Guk ideia bat genuen buruan, eta berak, proposamen hori eraikinaren ezaugarrietara egokitu behar izan du. Ordu askotako lana izan da, baina merezi izan du. Askok espero ez duten itxura emango diogu, lehengoarekin zerikusirik izango ez duena, ederragoa. Izan ere, sartzen den oro leku berri batean sentitzea nahi dugu.

Noiz hasiko dira obrak?

Irailean hastea aurreikusten da. Orain lizentziak iristea itxaroten ari gara. Uda, beraz, lasaiago egoteko aprobetxatuko dugu, nahiz eta hasteko gogo izugarriarekin gauden. Guregatik balitz, bihar bertan hasiko ginake eraberritze lanekin.

Eta noiz irekiko duzue?

2020ko sanjoanak baino lehen irekitzea da gure nahia. Hala ere, obrek markatuko dituzte epeak.

30 urteko kontratua. Epe luzeaz ari gara hizketan...

Bai, baina oraindik ez naiz horri begira jarri. Lanean hasteko gogoz gaude, eta beraz, baita hainbeste urtez bertan irauteko ere.

Nola banatuko dituzue kafetegiko eta jatetxeko lanak?

Bi espazioak uneoro elkarlotuta egongo dira, bereizketarik gabe, eskailera batzuen bitartez. Horrela, bezeroek behean nahiz goian egon ahalko dute, nahi duten bakoitzean. Egoitz eta biok elkarrekin ariko gara lanean, bi zerbitzuetan, bikote indartsua osatzen dugulako, eta negozioa bera, gainera, biona delako. Eskaintza gastronomikoari dagokionez, berdina izango da goian nahiz behean. Kontuan izan behar da, goian, agian, jarduera ezberdinak egin ahal izango direla.

Zeintzuk dira zuen proiektuaren ezaugarri nagusienak?

Adin guztietako herritarrentzako proiektua izango da, eta tolosar oro izango da proiektuaren parte. Herrian egiten diren ekitaldi gastronomiko eta kulturaletan ere izango gara. Gainera, kontzertuak edota liburu aurkezpenak egingo ditugu. Izan ere, Fronton eraikinak lehen zuen esentzia edo izaera gastronomikoa nahiz kulturala berreskuratu nahi dugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!