Tolosako Sanjoanak 2019

Hiru efemeride egun bakarrean

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko eka. 23a, 11:59

Askorentzat, inauteriekin alderatu ezin diren festak dira sanjoanak, duten tradizioagatik. Hilaren 24an, besteak beste, eskopetari konpainia koloretsuek atontzen dute herria, eta aurten, horietako bik, urteurren berezia beteko dute. Bordon dantzak, berriz, lau hamarkada beteko ditu, berreskuratu zenetik.

San Juan eguna, argitu orduko iluna, dio esaera zaharrak. Gainean da azken asteetan irrikaz itxarondako eguna. Baina, ohartu orduko igaroko da. Horixe du ekainaren 24ak. Kaleko anabasak eta eliza barruko atmosferak bat egiten duten prozesioan hasi eta, iluntzeko aurreskura bitarte, etenik gabeko kanpai errepikak eta tiro hotsak entzungo dira herrian. Jaiaren parte izango dira udal korporazioa, musika banda eta bordondantzariak ere.

Ez da urteko egunik luzeena izango, ez behintzat, eguzki argiei dagokienez. Uda hastearekin batera, gaurkoa izango da argiaz gehien gozatu ahal izango den eguna. Udako solstizioari ematen die txanda San Joan festek eta, datozen egunetan zehar, izango da zertaz gozatua; baita lagunen edota ingurukoen oroimenean gordeta geratu, eta urte batzuk barru berrituko diren oroitzapenez ere. Hori baitu festak, efemeride berezi bilakatzera hel daitekeela.

Badatoz urteko egunik luzeenak. Eguzki argiaren iraupena, San Joan egunean parte hartzen duten bi elementuren historiarekin aldera daiteke, herriaren alde egindako lanak zer nolako esfortzua eskatzen duen ebazteko. Izan ere, duela 25 eta 40 urte, hurrenez hurren, Gure Txokoa elkarteko eta Amarotz auzoko eskopetari konpainiak, eta Bordon Dantza, estreinakoz aritu ziren, hilaren 24an. Oinarrian, erlijiokotik datorren festa eguna da, eliztarrena eta liturgia buruena. Modernizazioaren ondorioz, ordea, eraldatzen jakin du, eta eredugarriak dira. Kantuak dioen bezala, «zail dalako nonahi aurkitzen, festa leku bat hobea».

Aurten, beraz, bereziak izango dira, bi taldeetako eskopetarien salba bakoitza, baita herriko hainbat txokotan San Joan zortzikoa behin eta berriz dantzatzea ere. Urte luzetako lanari esker, gozatzeko eguna izango dute. Egun gogorra izaten da, oso luze joaten delako. Hala ere, neke zantzuak emozioz betetako irribarrez estaliko dituzte. Edo poztasun hori transmititzen saiatuko dira, behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!