Tolosako ikonografia historikoan, egun garrantzitsua da 1321ko irailaren 19a. Hain justu, Beotibarko gudua jazo zen ostiral hartan. Guztia, ordea, XIII. mendean hasi zen, Gaztelako Erresumako Alfonso VIII.ak, ordura arte Nafarroaren parte ziren Araba eta Gipuzkoa konkistatu zituenean. Nagusitasun horrek liskarrak eragin zituen Gipuzkoan. Batetik, bandoen arteko gerra ekarri zuen: Oinaztar eta Ganboatarrak, nafarren aurka. Bestetik, berriz, mugari buruzko arazoak zeuden; gipuzkoarrek, Nafarroarentzat gotorleku garrantzitsua zen Gorritiko gaztelua suntsitu zuten.
Ondorioz, Beotibarko gudua etorri zen. Iruñetik soldaduak etorri ziren, mendeku hartzera, Gaskoiak (orduan nafarren aliatuak) ere baziren tartean. Behin muga igarota, lehen herria erasotu zuten: Berastegi. Nafar soldaduak hurbiltzen ari zirela jakitean, Tolosan talde bat bildu, eta Beotibarrera (Belauntza) joan zen, nafarrei itxarotera. Mito eta kondaira guztien arabera, Tolosa inguruko 800 gerlarik lortu zuten garaipena, milaka nafar eta gaskoiren aurka.
Gertaera historiko hark nolabaiteko mitoa sortu zuen historialarien artean. Liskarra existitu zen, baina, gerora, handietsi egin da. Liburu batzuek 40.000 soldaduz hitz egiten dute; 60.000 gerlari ere aipatzen dituzte. Istorio horretan gehiegikeriak egotea onartzen dute denek. Gainera, gertaeren toki zehatza ezagutzen ez bada ere, inguru horietan hainbeste soldadu mugitzea ezinezkotzat jotzen dute.
Bordon dantzaren jatorria, borroka batean?
Beotibarko guduak utzitako beste ondorioetako batek folklorearekin du lotura. Hain zuzen ere, urte luzez pentsatu izan da, borroka horren ospakizun modukoak direla San Joan eguneko eskopetarien alardea eta arratsaldeko Bordon dantza. Horrela dio, Gabriel de Henao historialari jesuitak, 1637an argitaratutako testu batek: «Dantzan itzuli ziren tolosarrak, Beotibarko guduko irabazle modura, aurkarien armak eskuetan hartu eta kate bat osatuz».
Oraindik ere, herrian bada hori hala dela pentsatzen duenik. Hala ere, ezinezkoa dela argudiatzen da, Euskal Herriko dantzen jatorriak ez daudelako inongo liskarretan oinarrituta. Aitzakia historikoa da, eta dantzaren biziraupenean lagundu du, baina ez du balio jatorria azaltzeko. Liskar horren garrantzia ere zalantzan jartzekoa dela diote. Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugan, gerlari asko zebiltzan batetik bestera eta, beraz, pentsatzen da, Beotibarkoa ere mugimendu horien ondorioz gertatutako borroka txiki bat izan zela. Benetako gudu bat izan balitz, eskuragarri daudenak baino dokumentazio eta datu gehiago leudekeela ondorioztatzen dute adituek.
Beraz, teoria baztertuta dagoen arren, sasoi haietan bere funtzioa betetzen zuen. Gainera, jakina da, Ezpata dantzaren egitura duten Europako konpartsa edo konpainiak udaren hasierarekin irteten zirela kalera, solstizioarekin bat eginez. Beraz, testuinguru horretan kokatzen da Bordon dantza. Aurrez aipatu bezala, aitzakia polita izan da, Bordon dantza urtero erritu moduan ospatzen jarraitzeko. Gainera, herri askotako dantzak desagertu diren bitartean, Tolosakoak jarraipena izan du azken mendeetan.
Apaiza, dantzarien gainetik
Segida horretan, ordea, zenbait aldaketa eta eboluzio jasan ditu, eta ez soilik azken urteetakoak. Izan ere, XVIII. mende hasierara jo behar da, Bordon dantzak Tolosan izan duen funtzio sozialaren garrantzia azpimarratzeko balio baitu, 1717an gertatutakoak. Dantza errepikatzea garrantzitsua zen orduan, biztanleek gogoko zuten zerbait zelako (gaur egun ere gertatzen da).
Urte hartako ekainaren 24an, bordondantzariak urteroko ibilbidea betetzen ari ziren, Santa Maria parrokiara heldu aurretik. Hara iristean heldu zen ustekabea. Bidea oztopatuz, dantzariei sarrera galarazi zien Pedro Joakin Garmendia apaizak. Mendetako ohitura zen, elizan sartu eta aldareari itzuli bat ematea. Inongo arrazoirik eman gabe, Garmendiak buelta hori kalean eman zezatela esan zien. Orduko alkatea zen Domingo Manuel de Bergarak ere ez zuen sartzerik izan eta, ondorioz, epaitegietara eraman zuten kasua. Sententziaren ostean, apaiza libre geratu zen, baina prozesuaren gastuak ordaindu behar izan zituen.
Ondorengo urteetan, bordondantzariei ez zieten debekatu elizara sartzea, nahiz eta epaileak aholku moral batzuk eman zizkien. Argi dago herriarentzat oso garrantzitsua zela, dantza hura urtero errepikatzea. Gainera, dantzaren funtzio soziala, kulturala nahiz erlijiosoa, tolosar komunitatearen lotura estua eta usadioaren transmisioa azaltzen ditu, duela 300 urte gertatutakoak.
40 urte, garai berrietara egokitzen
Gaur egunera bitarteko ibilbide luze horretan, beste urte esanguratsu bat dago: 1979a. Ikerketa baten ondorioz, duela berrogei urte, ordura arte ezagutzen zen dantza gaurkotu zuen Udaberri dantza taldeak. Janzkera, materialak eta dantzaren koreografia gaurkotu zituzten. Garai bateko bordoiak, alabarda eta banderilla izatera igaro ziren. Tradizioarekin jarraitzeko, eta dantza bera bizirik mantentzeko, garai berrietara egokitzea oso garrantzitsua dela diote.
1979az geroztik, Bordon dantzan ateratzen den dantzari bakarra da Jose Luis Vallejo tolosarra. Azken lau hamarkadetan ohitura horrek izan dituen aldaketen inguruan galdetuta, honakoa dio: «Ordutik hona gauzak ez dira asko aldatu. Hala ere, lehenago hainbeste entsegu egin gabe ateratzen ginen; eta, egunean bertan, orain ez bezala, dantzarien eta euren postuen artean ez zen aldaketarik izaten». Herriari dagokionez, zenbait gune ere aldatuta daudela gaineratu du. «Santa Maria ingurua edota Zumardiaundia ez dira gauza bera. Egun, ez dute zerikusirik».
Aldaketa horiez gain, dantzari kopurua ere kontuan hartzeko ezaugarria da. Gaur egun, asko dira festa egun horretan bordondantzari modura parte hartu nahi izaten dutenak. Kontuan izan behar da, goizean prozesioan ere bordondantzariek hartzen dutela parte, baina ez duela zerikusirik arratsaldeko Bordon dantzarekin, alabardarik gabe egiten delako. Urte batzuk atzera eginda, prozesioan ateratzen ziren dantzarien formazioan, 25 lagun izatetik –tradizioz hala zen lehen–, 29 izatera pasatu ziren. Zehazki esanda, formazioari lau laguneko ilara bat gehitu zitzaion.
«Kopuruz, betidanik izan dira 25. Arratsaldeko Bordon dantzan hori mantentzen da oraindik. Egia da, goizeko prozesioan 29 dantzari ateratzen garela. Bordon dantza ere posible da laukote bat gehiagorekin egitea, baina musika moldatu beharko litzateke, baita dantzarien koreografian pauso bat gehitu ere». Kontua zera da: dantzariak lerroz aldatzen direla, alabardak eskuetan helduta, bata bestearen ondotik igaroz. «Aldaketa hau, ordea, egingarri ikusten dut hemendik urte batzuetara, dantzatu nahi duen gero eta jende gehiago dagoelako. Dantzari gehiago izateak, baina, bigarren ondorio bat dakar: Zumardiaundian egiten den aurreskua eta dantza saioa luzatzea».
Tolosakoa da Euskal Herrian ezagutzen den dantzarik zaharrenetakoa. Normalean, urtean behin soilik dantzatzen da. Hala ere, arrazoi kulturalak, politikoak, kirol arlokoak edo sozialak tartean izan direnean ere dantzatu izan da, aurrez dantzariei eskatuta eta haien onespenarekin. Horrek adierazten du, herriko ohituren artean, dantza horrek prestigio handiko leku bat duela.
Herriaren historian, beraz, Bordon dantzak funtzio edo rol sozial garrantzitsuak bete ditu, eta horretan dihardu oraindik ere. Aurten, gainera, bost urte beteko dira, Bordon dantzaren historian, lehen aldiz, emakumeek parte hartu zutela. «Hori da azken urteetan gertatu den aldaketarik handiena. Lastima, ordea, berrikuntza hau lehenago ez egin izana, hamar urte lehenago egin zitekeelako». Gaur egun, zorionez, herrian normaltasun osoz bizi den errealitatea da emakume bordondantzariena; horrek erakusten du, tradizio bati jarraiki, berritzen eta egokitzen jakin duela, funtzio bera betetzen jarraitzen duela, identitate bat osatzen, baina transmisioaren bitartez.