Zer moduz? Guztia prest egun berezirako?
Josu Carrera: Pixka bat urduri, jende asko ateratzen delako eta, beraz, ardura handia da.
Iñaki Tadeo: Ni oraingoz ez nago urduri. Gainera, urte berezia denez, zerbait ezberdina egin nahian gabiltza, baina zaila da, gu ere asko garelako.
1994an hasi zineten kapitain bezala. Nondik etorri zitzaizuen aukera, eta zergatik esan zenuten baiezkoa?
I. T.: Amarotz auzoko konpainia, 1993an hasi zen argia ikusten. Parrandan geundela, konpainia ezberdinetako auzokideak bildu ginen, auzoko taldea sortzeko pentsamenduarekin. Horrela hasi ginen eta, San Joan egunean izandako beroaldiaren ondoren, urtebetera atera ginen lehen aldiz. Jende gaztea ginen, auzoko 35 bat lagun; tartean, Alde Zaharretik etorritako 8 bat emakume. Guk hasieratik izan genuen konpainia parekidea ateratzeko ideia. Tolosan, une hartan, oso gutxi ziren emakumeen presentzia zuten konpainiak. Nire kasuan, esperientzia gehien zuen kidea nintzenez, kapitain izatea egokitu zitzaidan. Egun horretan bizi ohi den giroan sartzea lortu zuten konpainiako kideek; eguna ezagutzea, alegia.
J. C.: Ni 1995ean hasi nintzen. Lehen urtean, Jose Angel Cuerdo Terre izan zen kapitaina. Urte hartan, bazkide modura sartu nintzen, eta eskopetarien konpainia kanpotik ikustea egokitu zitzaidan. Jose Angelek ezin izan zuen kapitain modura jarraitu. Hortaz, proba egitea erabaki nuen.
Behin hasita, hogeita bost urte bete dituzue.
J. C.: Ni oso gustura aritu naiz, eta oraindik probatzen ari naiz. Ni naiz kapitaina, baina gainerako bazkide eta konpainiako kideek ere lan handia egiten dute. Gazteagoa nintzenean, ez nuen uste ekitaldi honek hainbesteko parte hartzea izango zuenik. Nik kanpotik ikusten nuen, baina niretzako ez zen zerbait berezia. Barrutik, ordea, bestelakoa da. 40 lagun kudeatzea erraza da. Baina, 175...
I. T.: Ez nuen pentsatzen kapitain izango nintzenik, ezta postu horretan 25 urte beteko nituenik ere. Polita izan da, San Joan egunari estimu handia diodalako. Etxean betidanik izan da egun oso berezia. Nire ilusioa ez zen kapitain izatea, baina horrela gertatu da. Egia da urduritasun egunak direla, baina gustura ateratzen naiz.
Aurrez, beste konpainiaren bateko kide modura hartu zenuten parte?
I. T.: Sukalde elkartekoekin atera nintzen eskopetari, 5-6 urtez. Nire aita ateratzen zen lehenago, eta haren bitartez hasi nintzen ni. Nire anaia ere ateratzen zen lehen nirekin, eta, gero, Amarotzen, elkarrekin hasi ginen.
Urteurren berezia denez, aukera izango al duzue, kapitain nagusi modura, su egiteko agindua emateko?
I. T.: Printzipioz, ez. Zerrenda bat dago, eta hori errespetatzea erabaki genuen. Lehenago aldaketak ere izan ziren, urteurrenak zirela eta, baina ez ziren begi onez ikusi. Aurten, Urdina Txikiko kapitainari egokitzen zaio eskopetari guztiei su egiteko ardura ematea eta, datorren urtean, niri. Bestela, mende laurdena aitzakia hartuta, gorbata berezi batzuk atera ditugu.
J. C.: Errespetatu egingo da, eta ez da aldatuko urteurrenak direlako. Hala ere, Trianguloa plazan egin ohi den azken tiroa agintzeko ilusioa dut. Gainerako kapitainei proposatu nahi diet, ea zer esaten duten. Guk, bestetik, urte berezia denez, zapi batzuk aterako ditugu. Guztia amaitzean, gainera, elkartean pintxoak eta edariak banatuko ditugu nahi duten guztientzat.
Urtero, gero eta gehiago zarete konpainietan. Zein iritzi duzue parte hartze masibo horren inguruan?
I. T.: Ez dugu langarik jartzen, ezezkoa esateak pena ematen didalako. Badakit jarri beharko genukeela. Aldi berean, jende gaztea festan sartzea nahi dugu. Hala ere, elkarteetako konpainiek langa jartzea normala iruditzen zait, elkarteen edukieragatik. Gainerako konpainiek, betiere, jende gehiago hartzeko aukera dugu. Gure kasuan, ordea, txirula talde bat bihurtzen ari da konpainia eta, beraz, alde horretatik, 20 laguni ezezkoa esan diegu aurten. Aukera bakarra eskopetarekin ateratzea da, baina, arazo handi bat dago. Eskopetak erostea oso garestia da, eta urtean behin erabiltzen da. Gu bezala, konpainia asko ere ezezkoa esaten ari dira. Hortaz, belaunaldi berria, 16-17 urteko gazteena, festan parte hartzeko aukerarik gabe geratzen ari da.
Zenbat lagun ateratzen zarete, gutxi-gorabehera? Erraza al da hainbeste pertsona gidatzea?
J. C.: Gure Txokoa elkarteko konpainian, 175 pertsona izango dira aurten. Iaz, 160 izan ginen. Hala ere, aurrerantzean, guk ere muga bat ezarri beharko dugu, bestela elkartean ere ez garelako sartzen. Hamaiketakoa egiteko eta bazkaltzeko lekurik gabe geratuko litzateke jendea.
I. T.: 150 pertsona izaten gara, eta oso zaila da. Egia da konpainiako beteranoek ere laguntzen dutela. Bakoitzak nahi duena egiten badu, artzainek bezala, akuiluarekin atera beharko dut [barreak]. Ez da komeni haserretzea. Zaila da, eta eguna oso gogorra bihurtzen da. Armekin gaude, eta jendea ez da ohartzen eskopetak egin dezakeen minaz.
Prestaketa lanik egin al duzue?
J. C.: Azken asteetan pare bat entsegu egin ditugu txirula jotzaile guztiekin. Melodiari garrantzia eman nahi diogu; desfilatzearena eta tiroena egunean bertan aterako dira.
Aurten, gainera, konpainia berri bat gehituko zaizue, Aiz-Orratz Veleta. Hori aberasgarria da, ezta?
J. C.: Herritar gehiagok parte hartzeko aukera berriak izatea oso positiboa da.
I. T.: Bai, baina ez da jende berriarekin sortu, gehienak beste konpainietatik joandakoak dira. Konpainia berriak ateratzea aberasgarria dela diote, gainerakoak txikitzeko, baina ikusten dugu hori ez dela gertatzen. Hortaz, arazo handia dugu. Gainera, Tolosako plazetan dagoen tokia dago, eta ezin da handitu.
J. C.: Festa hazi egin da, eta niri oso ondo iruditzen zait. Agian, udalak esku hartze handiagoa izan beharko luke. Eskopetak erosteko elkarteei diru-laguntza handiagoa ematea, edota konpainia gehiago sortzeko baliabideak eskaintzea, izan daitezke soluzioak. Lan handiena elkarteen esku dago eta, beraz, zaila da.
Tolosan, alardeak garai berrietara egokitzen jakin duela esan daiteke, nahiz eta gazte askok agian zergatik egiten den ez jakin. Zein da zuen iritzia?
I. T.: Nik ere aitortu behar dut, ez dakidala zergatik eta egiten den. Kultura eta erlijioa nahasten dituen festa eguna da, parte hartzaile berriak txertatzen dituena. Tolosarrontzat egun oso berezia. Beste herri batzuetan arazo handiak izan dituzte alarde parekideen kontuekin. Tolosan, modu batera edo bestera, hori normaltasunez daramagu.
J. C.: Agian, parte hartzaile berri horiei alardearen jatorria azaldu beharko zaie.
Zer dira zuentzako San Joan festak?
I. T.: Intentsitate handiko eta giro bikaineko egunak izaten dira. Orain urte batzuk, egun tristeak izaten ziren eta, egun, kuadrilla egunak asko lagundu die jaiei, indartzen eta bat egiten. Ni oso inauterizalea naiz, baina txikitatik erakutsi didate sanjoanek zer nolako garrantzia duten.
J. C.: Positiboki eraldatu dira, eta giro ona eta sanoa nagusitzen da. Orain, gainera, jendea ez da Tolosatik joaten.
Eta, San Joan eguna?
J. C.: Barrutik bizitzea oso berezia da. Kanpotik ez naiz gogoratzen nolakoa den.
Une berezi bat aukeratzekotan, zein izango litzateke?
I. T.: Dudarik gabe, San Joan santua Santa Maria eliza atarira irteten den unean, plazan biltzen den atmosfera horrekin geratzen naiz. Kanpai hotsak, bordon dantzariak, eskopetariak eta musika banda elkartzen diren unean eratzen den soinua oso berezia da. Inauterietan Dianarekin gertatzen zaidan moduan, oilo ipurdia jartzen zait.
J. C.: Nik ere une hori aukeratuko nuke.
Kapitain modura anekdotarik izan duzue?
J. C.: 1995ean, kapitain ardura hartu nuenean, Lasa eta Zabala tolosarren heriotza zela-eta, hileta elizkizuna ospatzekoa zen Tolosan, San Joan egunean. Egoera gatazkatsua zen, kanpotik jende asko etorri zelako. Alardean parte hartzen ari ginenok, ordea, festa aurrera ateratzea lortu genuen, zailtasunik gabe, eta arazo handirik eragin gabe.