Udaleko sare sozialak "berriro ere" alderdikeriaz erabiltzea leporatu die EAJri

Ataria 2019ko maiatzaren 23a

Tolosako PSE-EEk eta EH Bilduk egin dute salaketa, Facebook-eko loturak erakutsiz. Koalizio abertzaletik esan dutenez, Hauteskunde Batzordean salaketa jartzea aztertzen ari dira.

Otsailean, udalaren Twitter kontutik, EAJren aldizkaria ikusteko esteka zabaldu zela salatu zuen Tolosako EH Bilduk: «Hanka sartzea izan zela esan arren, atzean egon zitekeenak zalantzan jarri zuen EAJren neutraltasuna».

Orain, hauteskunde bezperan, bigarren akats larria egitea salatzen diote: «Larriagoa, legezkoa ere ez dena. Udalaren Facebook orrialdearen bidez zabaldu dute alderdiaren propaganda, botoa eskatuz». Astearte iluntzean zabaldu, eta gero 12 orduz orrialdea erabili ezinik egon zen EH Bilduren esanetan: «Honen aurrean, ezinbestekoa da EAJk herritar guztiei barkamena eskatu, eta gertatutako zehaztasun osoz azaltzea». Hauteskunde Batzordean salaketa jartzea ere aztertzen ari da EH Bildu.

Tolosako PSE-EE alderdiak berehalako azalpena eskatu dio EAJri: "Beste behin udalaren sare sozialak alderdikeriaz eta helburu elektoralistaz erabili ditu EAJ. Berehala azalpenak eman ditzaten eskatzen diegu".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!