Udalaren komunikazio bitartekoen erabilera zalantzan jarri du EH Bilduk

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 19a, 18:29

Pasa den larunbatean Tolosako Udalaren kontutik zabaldutako txio baten inguruan azalpenak ematea eskatu dute Lore Agirre eta Kristina Pelaez zinegotziek.

Tolosako EH Bilduko Lore Agirre eta Kristina Pelaez zinegotziek, azken asteetan herritarrengandik jasotako kezkak eta oposizioko kideek bildutako zalantzak azaleratu nahi izan dituzte, udal gobernuak bere komunikazio bitartekoei emandako erabileragatik. «Maiatzeko udal hauteskundeei begira, sare sozialetan erabiltzen ari den esposizioa gehiegizkoa ez ote den galdetzen dute askok». Sarritan publikoaren aurrean aritzeak, gobernuko alderdia ikusgarri egitera bideratzen duela «ukaezina» dela adierazi du Pelaezek. «Baina, udal baliabideak alderdiaren mesedetan propaganda egiteko erabiltzea beste kontu bat da».

Larunbatean Tolosako Udalaren Twitter kontu ofizialak zabaldutako txio batek atentzioa deitu zien oposizioko kideei. Bertan, EAJ-k Zurekin aldizkaria kaleratu duela eta Olatz Peon alkategaia izango dela iragartzen zen, aldizkaria ikusteko estekarekin batera. «Argi erakusten du udal gobernuaren propaganda zela». Txioa ezabatu eta ondoren alderdiaren kontutik zabaldu zuten. «Akatsaz ohartu ziren, baina hanka sartzea egina dago».

«Txioak berak baino gehiago, guzti honen atzean dagoenak kezkatzen gaitu», gehitu du Agirrek. «Argi ikusten da pertsona berak kudeatzen dituela bi kontuak, bere neutraltasuna zalantzan jarriz». Ondorioz, zenbait galdera planteatzen dituztela esan du. «Agian alderdiaren kontua kudeatzen duen norbaitek, udalaren kontua erabiltzeko sarbidea ere badu». Hala ere, «muga gainditu dutela» nabarmendu nahi izan dute. Arrazoia edozein delarik, «ahalik eta azkarren eta zehatzen, udal gobernutik arrazoiak eta azalpenak ematea» eskatzen dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!