Geroz eta gutxiago geratzen da inauteriak hasteko. Edo behintzat, horiek iragartzera heltzen dira, urtero, kaldereroak Tolosara. Gaur ere horrela egin dute. Plaza Zaharrean hasi da, Urdiña Txiki elkarteak antolatu ohi duen kalejira. Konpartsan, erreginak joan dira, baita Joxean Arostegi zuzendaria ere. Haien atzetik, ehun musikari inguru eta beste hainbat herritar, zartagiei hotsa ateratzen.
Bost egun besterik ez dira geratzen inauteriak hasteko, eta Tolosan nabari da hori. Gaur festa gosez irten da jendea kalera, eta eguraldia lagun izan dute, gainera. Bestalde, konpartsaren aurretik joan den hartza, haur eta gaztetxoak ikaratu nahian ibili da. Eta ez hori bakarrik. Udaletxean egin ohi den lore sorta banaketarekin batera, txantxa modura, maiatzeko hauteskundeetarako alkategai bezala aurkeztuko dela adierazi du.
Konpartsaz, musikariez eta hartzaz gain, zingaroak eta abesbatzako kideek ere hartu dute parte gaurko ospakizunean. Lehenik Plaza Zaharrean eskaini dute dantza saioa; ondoren, alde zaharreko beste txoko gehiagotan aritu dira. Hona hemen horren erakusgarri den bideo bat:
Gaurko eguna, ordea, ez da kaldereroen konpartsaren kalejirarekin amaitu, eta gauean, musika gehiagoz gozatzeko aukera izango da, kalez kale aritu ahal izango baitute tolosarrek, Incansables txarangarekin batera.