Musika eskolak emakumez beteta dauden bitartean, oholtzak gizonez zergatik betetzen diren jakin nahiko luke Natalia Garmendiak (Tolosa, 1972). Musikaria da bera, Humus taldean abestu egiten du, eta baxua ere jotzen du. Hamaika oholtza eta gehiago zapaldu ditu bere ibilbidean zehar, beti gizonen ondoan, eta gizonez inguratuta.
Inoiz parte hartu duzu inauterietan, musikari bezala?
Bai, batez ere txosnetan hartu izan dut parte, nire taldearekin bi aldiz tokatu zait jotzea.
Eta emakume musikarien presentzia badagoela esango zenuke?
Nik ez dakit oso ondo zer gertatzen den musika eskoletan. Esan beharko banu, gehiengoa emakumeak dira klaseetan eta kurtsoetan, baina, gero, taularatzeko orduan, ez dakit oso ondo zer gertatzen den. Oholtzak errespetu handia ematen du, eta urteak daramatzagunok oso ondo dakigu hori. Salto hori ematerako orduan, ez dut uste arazoa lotsa denik. Kritikatua izateko beldurra, edo daukagun rol horri aurre egiteko borroka hori, nik uste gogorragoa dela. Batez ere musika munduan, emakumearen rola oso homogeneoa da. Ia gehienak abeslariak dira edo, bestela, instrumenturen bat jotzen dute, baina, konturatzen bagara, ez dira izaten gogortasunarekin lotutakoak.
Jarrera kontua ere bada; nola begiratzen gaituzten, ez nola ikusten gaituzten. Emakumearen irudia oso sexualizatuta dago, eta ez soilik Euskal Herrian, baita nazioartean ere. Emakumeentzat, hauxe: gona motzak eta pega-pega egindako jantziak. Gizonezkoetan ere gertatzen da, baina, nik uste, sexualizazio hori ez dela hainbestekoa.
Itxurari gehiegi begiratzen zaio?
Hori beti izan da horrela, eta ez soilik musika munduan; albistegiak begiratu besterik ez dago, emakumeak nola agertzen diren ikusteko, eta gizonak nola. Non dago errespetu hori? Emakumeek dena eduki behar dute, eta politak ere izan behar dute, ezta? Nik, nire lanean ez dut polita izan nahi, ona izan nahi dut.
Emakumeei gizonei baino gutxiago barkatzen zaiela uste duzu?
Askok esaten dute gizonei gehiago barkatzen zaiela, adibidez, okerrago abesten badute, baina hori guri ez litzaiguke inporta behar izango. Axolarik ez izatea lortu behar dugu. Izan ere, pentsatzen ari bazara jendeak zer pentsatuko duen zutaz, horrek dakarren motxila oso-oso handia da.
Nik urte asko daramatzat musika munduan, eta, noski, gertu-gertukoek esaten dizutenean zer pentsatzen duten zutaz, beti inporta zaizu. Baina, orokorrean, argi baldin badaukazu egiten ari zarena, ba aurrera, eta beste guztia etorriko da. Izan ere, begira bagaude honek hiru kilo gehiago dituela, honi flekilloa mugitu zaiola eta beste hura gaizki makillatzen dela, ez goaz inora. Gizon bati ez zaio horrelakorik esaten. Ezin gara perfektuak izan gauza guztiekin, dena ezin da ondo egin. Hori argi eta garbi eduki behar dugu eta, zer esanik ez, musika munduan, gizonezkoen munduan.
Zure taldean emakume bakarra zara.
Bai, nik abestu eta baxua jotzen dut. Oso ohituta nago gizonen artean ibiltzen. Dena den, esan beharra daukat, nire taldekoak ni baino zorrotzagoak direlan zentzu horretan.
Egia dena da, hasiera batean, ondo ezagutzen ez nindutenean, besteentzat ni «gitarra jotzailearen neska laguna» nintzela. Horren kontra ez neukan ezer, halaxe nintzen, eta kito. Gero, ordea, abesten ikusten naute eta, gainera, baxua jotzen dut, eta, kontuz: bi gauza batera egiten ditut. Behin, hori esan zidan bati erantzun nion, beste gizon askok bezala egiten nuela.
Izaro Andresek esana da, taldeko guztiak gizonezkoak zituenean, jarrera maskulinoagoak hartzera behartua sentitu izan dela. Zuri pasatu izan zaizu horrelakorik?
Bai, pixka bat kamuflatu egiten zara, hori horrela da. Hala ere, Izarok egiten duen musika estiloan emakume gehiago ikusten ari gara. Baina, rock gogorraren arloan, oraindik oso gutxi gara. Abeslariak bai, bagaude, baina rol hori daukagu barneratuta, eta profesionalizazioa oso zaila da.
Zer gertatzen da bide horretan? Zergatik kostatzen zaie emakumeei gorenera iristea?
Nik ez dakit. Erronka kontu bat dela iruditzen zait. Nik uste dut izaera indartsua eduki behar dela, oholtza gainean jartzeko. Oraindik gizonen nagusitasun hori oso barneratuta daukagu kulturan, eta ez da musika arloko kontua soilik.
Zu iritsi zara.
Bai, eta ni ere musika eskolatik nator. Solfeoa eta pianoa ikasi nituen. Gerora erosi nuen gitarra. Esparru horretan, ordea, asko aldatu behar dira gauzak. Baina, ez guk, emakume bezala; nik, pertsonalki, ez dut laguntzarik behar ezertarako. Eta mundu honetan gauden emakumeok ere ez. Pentsamoldearen ikuspuntutik aldatu behar dira gauzak.
Duela bi urte, Azkena Rock jaialdiko kartelak hautsak harrotu zituen. 24 taldeen, ez zegoen emakume bakar bat ere.
Hori kudeaketaren ikuspuntuaren isla bat da, zeren, emakumeok gauden taldeak, egon, bagaude. Beste gauza bat da, beraiek nahi duten gu agertzea edo ez. Gero esaten dute emakumerik ez dagoela rock taldeetan; nola egongo gara, bada, oholtzetan ez bagaude?
Batzuek diote hoberena dela emakumeen taldeen alor bat jartzea, apropos. Nik hausnartu egin beharko nuke horren inguruan.
Jaialdiak nork antolatzen dituen begiratzea ere garrantzitsua izango da.
Gizonek hartzen dituzte erabakiak, normalean, boterea dutenak haiek direlako. Nork jartzen du dirua? Zeinek jartzen ditu azpiegiturak, kontzertuak egiteko? Ba horixe.
Emakumeek zer dute egiteko ?
Behin, mahai inguru batean, mutiko batek esan zidan, kosta egiten zitzaiela emakumeak mirestea, eta ez errespetatzea. Ez gaude ohituta, jarrera oso gogorreko emakume bat, eszenatokian, oso jarrera gogorrarekin ikustera. Ikusten duzu gizon bat, eta pentsatzen duzu: «Jo, ze indartsua den». Eta ikusten duzu, modu berean, emakume bat, eta erotuta dagoela pentsatzen duzu. Oraindik kosta egiten zaigu, eta asko,erabakitzeko boterea duten emakume indartsuak oholtzan ikustea. Beti dira kritikatuagoak; izan potola dagoelako, izan titi okerrak dituelako, izan itsusia delako. Sinetsi eta demostratu egin behar da indartsua zarela, eta ez borroka bat izango balitz bezala, baina, hasunarketa potente bat egin behar da.
Eta, orokorrean, zer egin daiteke egoera aldatzeko?
Honen guztiaren giltza ez dago emakumeen esku. Gu hor egongo gara, beti, aurrera egiteko, borrokatzeko, protestatzeko, eta kalera ateratzeko. Baina, txip aldaketa, batez ere, gizonezkoek egin behar dute.