Inauteriak berekin darama musika. Izan txaranga, txosnetako kontzertu, edota danborrada. Izan lagun artean, taldean, edota bakarka. Baina, horietan guztietan, zenbatekoa da emakumeen presentzia?
Jarri emakume musikariekin pentsatzen. Badaude, eta ez gutxi gainera. Jarri inauterietako txaranga batekin pentsatzen. Zenbat emakume konta daitezke, gizon guztien artean? Pentsatu erantzuna.
Iaz, San Joan jaien inguruan, genero analisia egin zuen Tolosako Udalak. Festetako musika jarduera guztiak hartu zituzten kontuan, 49 denera eta, azterketa horren arabera, musikarien %64 ziren gizonezkoak, eta %36 emakumezkoak. Emakumeak protagonista bakar ziren lau taldek hartu zuten parte; horietatik hiru, bakarlari moduan aritu ziren eta, laugarrena, batukada feminista izan zen. Eta, gizonezkoak baino emakume gehiago zituzte taldeak, denera lau izan ziren, abesbatzak eta akordeoi orkestrak.
Akordeoia jotzen urteak daramatza Ane Urbizu tolosarrak. Astelenitan ateratzeko ohitura du kalejiran, akordeoi taldekoekin. Talde hori, ordea, ez da azterketaren ispilu, izan ere, 30 lagun inguru elkartu ohi dira, eta gehiengoa gizonezkoa dela argitu du Urbizuk: «Taldeko helduenak gizonak dira. Berez, emakume akordeoilariak egon badaude, baina, kalera ateratzen direnak, oso-oso gutxi». Arrazoi baten bila aritu arren, ez du garbi ikusten: «Badakigu garai batean zer gertatzen zen, emakumeak etxean geratzen ziren, eta gizonak festan. Emakumeek etxeetan joko zuten eta, agian, familian elkartzen zirenetan ere bai, baina, kalean, inoiz ez».
Aldiz, perkusioaren munduan, denborarekin emakumeen presentzia areagotzen ari dela ikusten du Lurgi Zalakin billabonatarrak. Mundu horretan dabil egun, dantza afrikarrak eta perkusioa uztartzen dituen Kawadeni taldean. «Perkusioaren kasuan, zorionez, aldatzen ari dela uste dut; emakumeak gero eta perkusio talde gehiago ari dira sortzen, aldiz, gizonei gehiago ari zaie kostatzen dantza munduan sartzea».
Nola Urbizu, hala Zalakain, bat datoz emakume erreferenteak behar direla pentsatzean. Baina, horretarako, kalean egon behar dute, oholtzak zapaldu behar dituzte, eta Urbizuk lan hori «nekeza» ikusten du: «Gaur egun, emakumeoi asko exijitzen zaigu, gure dohainak erakusten aritu behar dugu, eta parekideak garela ere demostratu egin behar dugu. Horrek nekatu egiten du bat».
Urbizuk badu proposamen bat, egoerari buelta ematen hasteko: «Parekidetasunera iristeko lagungarria izan daiteke elkarlan sare bat sortzea, batak bestearengatik ikasteko. Euskal Herri mailakoa izan daiteke eta, gero, pixkana, handitzen joatea. Eta, ez bakarrik elkar laguntzeko, baita ikusgarritasuna emateko ere». Zalakainen ustez, «egia da gizartea aldatzeko norberetik hasi behar dela, baina erakundeek ere asko daukate egiteko eta laguntzeko».