“Inauteria, behar-beharrezko gauza da. Inauteririk gabeko bizia, bizi tristea da”, adierazi zuen Xabier Garikanok, atzo arratsaldean, Kabi Alai elkartean egindako prentsaurrekoan. “Ahaztu urte guztiko kezka, lan eta nekeak, eta gozatu!”. Horiek izan ziren bere hitzak, sei eguneko festen atarian.
Nuria Carbonell zinegotzia ere izan zen, Kabi Alai elkarteko kideekin batera Zaldunita Taldea 2019ko Kabi Alai Kuttuna izendatzeko aurkezpen ekitaldian. Plaza Berrian kokatuta dagoen elkartean izan zen, eta bertan, izendapenaren nondik norakoak ezagutzeaz gain, taldeak inauteri askotan bizi izandako anekdotak ezagutzeko aukera ere izan zen, kideen ahotik.
Kutsatuz joan den zaletasuna
Kabi Alai elkarteko kideek hasi zuten aurkezpena, taldearen sorrerari buruz hitz egiten. “Letxuga kaleko Txaparro sagardotegi zaharrean du sorrera. Antonio Garikanok gaztetatik bizi izan zituen inauteriak, eta bere emazte Mariak, sei seme-alaben ama eta jostuna zenak, Xabierri txantxoak egiten zizkion inauteriak heldu aurretik”. Ondoren, seme-alaba guztiei zaletasun hori kutsatu zietela, eta pixkanaka Garikano familia ere zaletzen hasi zela adierazi zuten.
Talde bezala egin zuten lehen antzezlana 1979an Jose Karrerarekin egindako armiarma sare erraldoi bat izan zela adierazi zuten kideek, garai hartan trafikoa haren azpitik igarotzen zela aprobetxatu zutelarik. “Ondoren, beste hainbat mozorro kaleratu zituzten, eta tartean, 1990ean, Iparragirre zinema aretoko jabeak, mozorro eta trasteak gordetzeko lekua eskaini zien, eta aurrerantzean, bertan izan ditugu”.
82 urtetan, 81 inauteri
Urte luzez balkoitan jarrita ikusi ditugun sobrekama eta tela koloretsuak jartzearena, zati handi batean, eurei esker jasotako ohitura dela diote, inauteriak iragartzeko egiten dena. Taldea kopuruz txikitzen joan dela ere aipatu zuten, nahiz eta mozorrotzen jarraitzeko grinak bere horretan iraun. “Esaterako, 2012an, gondola batean ikusi genituen Oria ibaian, eta azkenekoz, 2018an, San Frantzisko pasealeku inguruan, Kaxianoren kantuak abesten”.
“Xabierrek ez du inauteririk galdu 1937tik hona, soldaduskara joandako urtean bakarrik, eta Zaldunitako kideek taldearen arima eta bihotza dela aitortzen dute. Gure aldetik, inauteriei emandako guztia eskertu nahi diegu omenaldi honekin, euren abesti, imaginazio eta umore ona, inauteriei egindako ekarpenerako garrantzitsuak izan baitira”. Ondoren, euren inauterietako ibilbidea deskribatzen zuen bideo bat ikusi ahal izan zuten elkartean bertan.
Osasuna, ezinbestekoa
Nuria Carbonell Kultura eta Jai zinegotziak, eskerrak eman nahi izan zizkien Kabi Alai elkarteko kideei, eta bestetik, Zaldunita Taldea zoriondu nahi izan zuen. “Gozatu Ostegun Gizenaz, eta batez ere, txupinazoko uneaz; eta nola ez, baita inauteriez ere!”.
Xabier Garikanok argi esan zuen, ondo pasatzeko, osasuna ezinbesteko giltza dela. Juan Luis ilobak mezu bat bota nahi izan zuen: “Ostegun Gizenean, denok alai eta osasuntsu egon gaitezela”. Txupinazoaren unerako zerbait prestatu duten edo ez galdetuz, sorpresa erraldoi bat izango dela aurreratu zuten bai Zaldunita taldekoek, baita Kabi Alai elkartekoek ere.
Musikarik gabe, ezinezkoa
Txepe Agirrezabalak mezu bat zabaldu nahi izan zuen: “Inauteriak zaindu egin behar dira”. Eta Juan Luisek gehitu zion: “Dezibelio gutxiago, eta tipokeria gehiago”. Taldeko kideek “inauteria herriko txoko guztietara zabaldu beharra dagoela” nabarmendu nahi izan zuten, “eta txarangarekin jauzi egin”.
Txepek argi du, “txantxorik gabeko inauteria posible dela, baina txarangarik gabekoa, ez”. Xabierrek, berriz, inauteria zeharo aldatu dela aitortu zuen. “Pentsa, gerra garaikoa ere ezagutu nuen, baina orain, inauterietako gauza kaskarrena, zarata da”. Kabi Alai elkarteko kideek, “zuen garaitik ikasteko asko dagoela” adierazi nahi izan zieten.