Badatoz jai koloretsu eta berdinzaleak

Josu Artutxa Dorronsoro 2019ko ots. 21a, 18:59

Datorren ostegunean hasiko dira Tolosako Inauteriak. Zaldunita taldeak izango du txupinazoa jaurtitzeko ardura. Ia 100 karroza eta konpartsek alaituko dituzte herriko kaleak, nahiz eta aurten, gehiegizko zarata ekidite aldera, udalak hainbat neurri hartu dituen.

Astebete besterik ez. 7 egun geratzen dira, 6 egunetako festez gozatu ahal izateko. Datorren ostegunean, hilak 28, eguerdiko 12:00etan lehertuko da suziria Plaza Zaharrean. Hain zuzen, Kabi Alai Kuttuna 2019 izendatu duten Zaldunita taldea izango da ohore hori izango duena. Ostegun Gizenaz geroztik, ia astebetez luzatuko dira inauteriak, martxoaren 5ean ospatuko den Asteartita eguna amaitu bitarte.

Olatz Peon Ormazabal alkateak, herriko zenbait eragilerekin batera egin du, goizean, aurtengo inauterien aurkezpena, Tolosako udaletxean. "Izan ere, inauteriak handi egiten duten zerbait da herritarren parte hartzea", aipatu du alkateak. Bertan izan dira, Aurrera Kirol Elkarteko Itsaso Barrenetxea eta Juan Ramon Insausti, baita karroza eta konpartsen ordezkari den Jon Ezkerro, danborradako kide den Rocio Frago eta Pintxana txarangako Milagros Garcia de Iturrospe. Bakoitzak, inauteriei aurten zer eskaini ahal izango dieten azaldu du.

Mende erdi bat, herriaren alde

Hain justu, efemeridez betetako inauteriak izango dira aurtengoak. 2019an, 40 urte beteko ditu Aurpegi taldeak Ostiral Mehe egunez eskaintzen duen emanaldiak. Bestetik, Tolosako Aurrera Kirol Elkarteak 50 urte bete ditu aurten. Horregatik, Peonek, "pilotari esker kirol munduan erreferente delako, baina batez ere, Ostegun Gizen eguneko danborradari esker, herriaren alde egiten duen lanagatik" eskertu nahi izan ditu bertako kideak.

Itsaso Barrenetxea, bertako kidea da, Tolosako elkarte batean izandako emakumezko lehen lehendakaria. "Erraz esaten den zenbakia da, baina urte asko dira. Urtero, inauterien lehen eguneko danborradan, omenaldi bat egiten dugu, eta aurten, gure buruari egitea erabaki dugu".

Bestetik, danborradarako prestatu duten egitarauaren berri eman du Barrenetxeak. "Iluntzeko 20:00etan hasiko gara, Triangulo plazan botako dugun pregoiarekin". Bertan zenbait kantu jo eta alde zaharreko kaleetan barrena ibili aurretik, garai batean egiten zen erregina eta dama aukeraketaren parodia txiki bat egingo dute.

Lehen aldiz, zaldiak danborradan

Zaldunita Bezperako danborradan, iaz bezala, berrikuntzekin jarraituko dute aurten ere. Urtero moduan, Plaza Zaharrean hasi eta amaituko da danborrada, eta iaz bezala, letrak dituzten zenbait kantuetan, danborra jotzeaz gain, abestera ere ausartuko dira.

Rocio Frago bertako partaideak aurreratu duenez, ordea, aurten bada berrikuntza bat. "Zaldunita Bezpera eguneko danborrada, ekitaldi klasikoa da. Gure helburua, ospakizun hau garai berrietara eraldatzea da. Hori dela eta, estreinakoz, hainbat zaldik lagunduko dute danborrada ibilbidean zehar. Ideia asko izan ditugu gure artean, baina antolakuntza aldetik justu samar ibili gara, eta honakoa zen aproposena. Gizonezko eta emakumezkook inauteriez goza dezagula".

Karroza eta konpartsen gaineko neurriak

Tolosaldeko Atariak duela aste batzuk aurreratu zuen bezala, aurtengo inauterietan, hainbat neurri berritzaile ezarriko ditu udalak, batez ere, konpartsen eta karrozen gainekoak. Urtero gauzatzen den sentsibilizazio kanpainaz eta diru-laguntzez gain, bi arau jarri dira behin eta berriz errepikatzen den zarataren gaiaren inguruan. "Aurreko urteko inauterien osteko balorazioan argi geratu zen herriaren erdigunean sortzen den bolumena handiegia dela eta nolabaiteko muga bat jarri behar zela", azaldu du Peonek.

Besteak beste, alkateak azpimarratu duenez, "Trianguloa plazaren eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 zenbakien arteko eremuan, zuzeneko musika eskainiko duten konpartsak soilik kokatu ahalko dira". Gune horretan, Zarataren kontrolerako eremu berezia ezarriko dute.

Aurtengo inauterietan, 95 karroza eta konpartsek koloreztatuko dituzte kaleak, eta 1.400 haur baino gehiago irtengo dira kalera Astelenita eguneko aisialdi taldeen konpartsetan. Herriko hainbat guneetara festa giroa zabaltzeko helburuarekin, iazko ibilbide bera mantenduko du udalak. "Hiru urte dira karroza eta konpartsak geldirik egotea erabaki zela, eta berdin jarraituko dugu aurten". Gaur arratsaldean egingo da kokalekuen zozketa.

Bestalde, txarangak ibilbidetik igarotzen direnean, konpartsek eta karrozek musika isilarazi beharko dutela gogorarazi du alkateak. 20 txaranga baino gehiago izango dira aurtengo inauterietan kaleak doinu alaiez blaituko dituztenak. Bai Peonek baita Garcia de Iturrospek ere, txarangak inauterietan ezinbesteko elementua direla nabarmendu nahi izan dute. "Ez dut txarangarik gabeko inauteririk ulertzen".

Bandera morea, berdintasunaren ikur

Bestetik, Peonek, udalak laugarren urtez 'Tolosak, EZETZ' kanpaina abian jarriko duela gogorarazi du. Herritarrei, 'Tolosak Ezetz' dioten txapak banatuko zaizkie, eta eskuragarri izango dira udal eraikinetan eta beste hainbat gunetan. "Gainera, herriko merkatari eta ostalariei pegatinak eta kartelak helaraziko zaizkie".

Azken urteetan bezala, karroza berdinzaleena ere sarituko da, baina berezitasun batekin. Bandera morea izango da aurten. Alkateak azaldu duenez, “banderola hau urtez urte karroza berdinzaleenak eramango du. Horrela, iazko karroza irabazleak aurtengoari emango dio sari banaketan".

"Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunezko harremanak indartu, emakumezkoen parte hartzea nabarmendu eta sexu-genero aniztasunaren aldeko mezu sinbolikoen eta kulturalen sorrera sustatzea dugu jomuga", adierazi du alkateak.

Alkoholaren inguruko prebentzio neurriak

Gazteek erabaki arduratsuak har ditzaten, Nerabeen Prebentzio Mahaia urte osoan egiten ari den lana goraipatu nahi izan du udalak. Alor honetan, 'Zaindu!' kanpaina jarri da abian. "Heziketa saio ugari egin dira gazteekin, eta asteburu honetan gazte-lokaletan informazioa banatuko dute Ai-Laket elkarteko kideek".

Astelehenean, berriz, Ai-Laket eta Inmakulada Gizarte Integrazioko ikasleek kalean informazioa banatuko dute. Azken hauei eskerrak eman nahi izan dizkie alkateak. Taberna eta saltokiei,18 urtez berako gazteei alkohola ez saltzeko deia egin zaie.

Hondakinak eta garraio publikoa

Bestetik, hondakinen prebentzioarekin jarraituko du Udalak. “Inauterietan ere birziklatu, berrerabili eta zaborra gutxitu behar dugu. Aldi berean, herria garbi mantentzea guztion lana da”.

Horrez gain, garraio publikoaren erabilera sustatuko du Tolosako Udalak, tren eta autobus zerbitzuak areagotuz eta orduak egokituz. Gainera aparkatzeko gune ezberdinak ezarri eta egokituko dira. "www.tolosa.eus webgunean aurki daitezke informazio eta ordutegi guztiak"

Inauteriak liburuan eta sarean

Iaz Udalak Tomas Henandez Mendizabal, azken 52 urteetan Tolosako Inauterietako kartelaren egilea, omendu zuen mende erdiz zeregin hori burutzeagatik. Orduan bere kartel guztiak batzen dituen bilduma kaleratu zen, poster formatuan. Orain, ordea, kartel horiek guztiak eta Tomas Hernandez Mendizabalen inguruko idatziak liburu batean batu dira. Peonek azaldu duenez, "eskuragarri dago Topic zentroko dendan, 15 euroren truke".

Azkenik, inauterietako ekintza guztien jarraipena egingo da sarean. Besteak beste, txupinazoa, diana eta Astelenita eguneko zezen festa zuzenean izango dira ikusgai www.tolosa.eus webgunean eta udalaren komunikazio kanaletan. Sare sozialetan, unean uneko edukia zabalduko dute, eta herritar guztiei dei egin die udalak #TolosakoIñauteriak traola erabiltzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!