Inauterietan, karroza eta konpartsentzako arau berri eta zaharrak

Asier Imaz 2019ko urt. 30a, 16:54

Karroza eta konpartsen lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute. Karroza, konpartsa eta plataformarik gabeko konpartsek har dezakete parte eta otsailaren 15era bitarte egin daitezke eskaerak.

Atzera-kontua hasi da. Hilabete geratzen da Tolosako Inauterietarako. Eta gaur, asteazkena, Tolosako Udalak Karroza eta konpartsen lehiaketan izena emateko epea zabaldu du. Otsailaren 15era bitarte edukiko dute horretarako aukera inauterizaleek, www.tolosa.eus web orrian.

Deialdiarekin batera, Nuria Carbonell Kultura, Festa eta Gaztediko zinegotziak karroza eta konpartsen jarduna arautzeko bi neurri berri iragarri ditu. Alde batetik, udalak Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean "Zarataren kontrolerako eremu berezia" jarriko du. Bestetik, gehieneko "zarata" 90 dB-tara mugatuko dute egunez; gauez, 65 dB-tara.

'Zarataren kontrolerako eremu berezia'

"Azken urteetako giroaren aurrean neurriak hartu ditugu egoerak hobera egin dezan: arazo orokorra da Inauterietan zaratarena, baina bereziki nabarmena Trianguloa plazan. Kontuan harturik plaza hau herriaren eta festaren ardatz dela, eta festaren erakustokirik handiena dela, aurten, lehenengo aldiz, musika jartzeko aukerak mugatu ditugu. Hala, Trianguloa eta San Frantzisko pasealekuko 1 eta 2 atarien artean 'Zarataren kontrolerako eremu berezia' ezarriko da. Honek esan nahi du eremu horretan zuzeneko musika egiten duten konpartsak baino ezingo direla kokatu. Gainerako konpartsa ibiltari guztiek, Trianguloatik pasatzean, soinu ekipoak itzalita izan beharko dituzte. Eremu honetan egon daitezken konpartsek identifikagailu berezia izango dute”, azaldu du Nuria Carbonell ziengotziak.

'Gehieneko zarata'

Karroza zein konpartsek egunean zehar egin dezaketen gehieneko zarata 90 dB-tara mugatuko dutela iragarri du zinegotziak, eta gauekoa, 65 dB-tara: "Helburu dugu Inauterien nortasuna zaintzea eta babestea, guztiok izatea lekua jaian, baina errespetuz, jaiarekiko zein tolosar eta bisitari guztiekiko".

Karroza eta konpartsak ibilbidean geldirik

Aurreko urteetan bezala, karroza eta konpartsak geldirik egongo dira tokatzen zaien lekuetan. Ibilbidea ondorengoa izango da: Rondilla kalea, San Frantzisko pasealekua, Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen etorbidea. Zinegotziak jakinarazi duenez, "ibilbide horretan toki finko bat nahi duten konpartsa txikiek ereeskatu egin beharko dute".

Beste hainbat arau

Ordutegiari dagokionez, karroza eta konpartsen emanaldiak 09:00ak eta 23:00ak artean eskaini behar dira, eta emanaldirik ez dagoen bitartean musikaren bolumena erdira jaitsi behar da. Musika 01:00etan amaituko da.

Horrez gain, Kultura, Festak eta Gaztediko zinegotziak "txarangekiko errespetua” eskatu du, “batik bat kalejira garaian. Horretarako, ibilbidean eta alboetan dauden karroza edo konpartsen musika ekipoak itzalita egongo dira 18:00etatik 20:00etara”. Bestalde, Carbonellen esanetan: "galarazita dago edari alkoholikoak agerian eramatea eta sustatzea, konpartsak egiteko kotxeak erabiltzea, konpartsek haimak edo karpa txikiak instalatzea, eta publizitatea egitea".

Diru-laguntzak

Diru-laguntzak banatzeko ekarpen finkoak zein erlatiboak definitu ditu Tolosako Kultura, Festak eta Gaztedia Departamentuak:

  • Finkoen artean, irteera kopurua karrozen kasuan (2 egun 1.100 euro, egun 1 800 euro), eta konpartsen alorrean, berriz, tamaina, partaide kopurua, zuzeneko musika, antzezpena eta koreografia.
  • Ekarpen erlatiboak dira, berriz, gizon eta emakumeen parekidetasunaren bermea eta euskararen erabilera. Irizpide horien arabera zehaztuko da karroza eta konpartsa bakoitzak jaso beharreko diru kopurua. Carbonellek aurreratu du musika zuzenean egiten dutenek eta antzezlanen bat aurkezten dutenek puntuazio handiagoa izango dutela aurten. Izen-emateak Udate Udaleko Arreta Zerbitzuan (astelehenetik ostiralera 07:15etik 14:15era), edo Udalaren www.tolosa.eus web orrialdearen bitartez burutu behar dira, otsailaren 15a bitarte.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!