Tolosa CF Gimnastika Espainiako txapeldunorde

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko abe. 16a, 17:58
Argazkiak: Tolosa CF Gimnastika

Gimnastika erritmikoko taldeak zilarrezko domina lortu du, asteburu honetan, Iruñeko Nafarroa Arena pabiloian jokatu den Espainiako Taldekako Txapelketan, senior mailan. Joane Zugasti, Anne Lezea, Irati Agirre, Iratxe Martin eta Saroi Eskisabel dira taldekideak. Bigarren postuari esker, lehen mailarako igoera lortu dute neskek.

"Oso gustura gaude", dio Saroi Eskisabel taldeko kideak. Ez da gutxiagorako. "Azkenean denboraldi guztian zehar sartutako ordu guztiak emaitza bat ematen dutela ikusten da, eta harro gaude orain arte egindakoaz eta Estatu mailan lortutako sariez". Senior mailako Espainiako Txapelketan bigarren postua lortu dute, eta hori gauza handia da. Txapeldun geratu den Balear Uharteetako Consell taldeko neskek 25 dezimalen aldea soilik atera diote Tolosako taldeari: 33,750 eta 33,725. Podiuma osatu dutenak, Madrilgo Torrejon taldekoak izan dira, 33,500 punturekin.

Senior mailako Espainiako Taldekako Txapelketa, ostiralean hasi zen Tolosako taldearentzat, eta larunbatean egin behar izan zuten bigarren pasea.  Azkenean, bi egunetako emaitzen arteko batura egiten da. "Lehenengo hiru sailkatuek lehen mailara igotzea lortzen dute. Horrez gain, lehen zortzi sailkatuak finalera igarotzen dira". Gaur jokatu da finala, aurreko puntuazioak kontuan izan gabe,
eta bertan ere bigarren postua lortu dute tolosarrek. Asteburu osoan zehar, ez zaie laguntzarik falta izan, eta famili eta lagunez gain, ondoan izan dituzte urte osoan zehar lan handia egiten duten prestatzaileak: Sara Alonso, Nerea Otaegi eta Arantxa Aristondo.

Aurreikuspenen inguruan galdetuta, Eskisabelen aburuz, "inoiz ez gara pentsatzen jartzen ea zein postutan amaituko dugun, gure helburua beti izan baita egiten dakiguna plazaratzea eta gozatzea, betiere denboraldiari amaiera on bat emateko helburuarekin". Eta gehitzen du, "gainera, puntuazioari dagokionez, gimnastika erritmikoak ez du esfortzu hori eskatzen, eta ez da komeni horretan pentsatzea, buelta handiak emanez gero, desberdin izaten baita".

Gainontzeko taldeei buruz, berriz, hitz politak besterik ez ditu izan Eskisabelek. "Urte batetik bestera, maila handiagoa ikusten ari gara senior mailan; aurrean aritzen diren taldeek maila handia erakutsi dute eta batez ere horregatik gaude harro, hori aurrera eramateko gai izan garelako". Puntuak emateko garaian, garrantzitsua izaten da koreografiaren zailtasuna kontutan hartzea, baita musikari ematen zaion erabilera, eta noski, taldeak erakusten duen jarrera ere bai.

Gaurko zilarrezko domina honekin, azken urteetako lan onari jarraipena eman diote neskek. Izan ere, iaz eta aurten, Euskadiko txapeldunak izan dira, eta txapeldunordeak Espainiako Taldekako Kopan, senior mailan.

Infantilak brontzearen jabe

Senior mailan ez ezik, gainerako kategorietan ere jokatu dira Espainiako Txapelketak. Tolosarren dagokienez, infantil mailan ere hartu du parte klubak, eta maila ona erakusteaz gain, emaitza bikainak lortu dituzte. Hauek, baina, 5 uztailekin osatu behar izan zuten koreografia, eta ostiraleko nahiz larunbateko paseen ostean, hirugarren postua lortu zuten sailkapen nagusian.

Erlazionatuak

Tolosa CF Gimnastikakoei harrera egin diete

Josu Artutxa Dorronsoro 2018 abe 16 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!