«Ama bakoitzak askatasuna izan behar du amatasuna bere modura bizitzeko; ez dago eredu on bakar bat»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 3a, 11:44

Haurraren beharrak erdigunean jarrita garatzen ari da, amatasuna, Laida Agirre (Tolosa, 1988). Erditu eta gero haurraren zaintzan aritu zen, hilabetetan, eta feminismotik defendatzen du eredu hori, zaintza kolektibizatzeko beharra azpimarratuz.

Nola hartu zenuen ama izateko erabakia?

Ez dakit zuzena ote den, esatea, beti izan nahi izan dudala ama. Baina bai, buruan beti izan dut noizbait ama izateko ideia. Baldintza egokiak sortu zitzaizkigunean, aurrera egitea erabaki genuen.

Zalantzarik izan zenuen bidean?

Ez genekien gai izango ote ginen, guk nahi bezala, eta pentsatzen genuen bezala, eta sentitzen genuen bezala haurra hezteko.

Aurrez hausnartuta zeneukaten nahi zenutena.

Gehienbat, nahi ez genuena. Gero, amatasuna bizitzen zoazen heinean, egunero-egunero sortzen dira gauza berriak, eta horri ahal bezala aurre egiten diozu. Baina, bai, gauzak nahiko argi geneuzkan. Eta, geneuzkan diot, nire ustez oso garrantzitsua delako erabaki horiek bikotean hartzea.

Zer erabaki zenuten aurrez?

Denbora hartzea eta haurra guk hezteko aukera izatea. Eta haurra parekidetasun eredutan heztea ere bai, nahiz eta gizarte honetan oso zaila izan. Oraindik ere, sekulako mina ematen dit, gure haurrak neska edo mutila den oraindik ez dakienean, kalean «zu mutil handia zara» esateak. Irakasle izanda, nire lanak hainbat kasu ezagutzeko aukera eskaintzen dit, eta lanketa berezi bat egin nahi nuen haurrarekin. Hori bai, gero nola lortu horra iristea? Ahal den moduan. Baina nik informatzeari garrantzia ematen diot. Izan ere, beti esan izan da, umeak beti jaio izan direla, eta guztiak hazi direla. Eta bai, hazi denak hazten dira, baina hezi, bakoitzak bere modura hezten ditu.

Behin erditu eta gero, zaintza erdigunean jarri eta eszedentzia hartzea erabaki zenuen, hainbat hilabetez. Zeure burua feministatzat izanda, erabaki horrek kontraesanik sortu dizu ala ez?

Argi neukan hori egin behar nuela, argi neukalako haurrak hori behar zuela. Emakumeak lan munduan sartu dira, eta aurrerapauso ikaragarria izan da, baina, aldi berean, iruditzen zait emakumea edo gizakia ez direla errespetatzen, alde horretatik. Batetik, konturatu naiz amatasun baimenak eta abarrak eredu matxista baten barruan ezarritakoak direla. Nik, ditudan lan baldintzengatik eta daukadan inguruagatik, eszedentzia hori hartu ahal izan dut, baina denek ez dute zorte hori. Eta, iruditzen zaigu, lau hilabeteko baimenarekin eta edoskitze baimenarekin, emakume guztiok gogoa izan behar dugula lanera itzultzeko. Hala egin nahi duenak, oso ondo, itzul dadila lanera. Ordea, ez da kontuan hartzen haurrari zaintza hori eskaini nahi dionaren aukera; kolokan jartzen dira haurraren beharrak. Eta, ez dut esango denei hala gertatzen zaienik, baina, ezagutzen ditudan ama gehienak, erditu eta lau hilabetera lanera itzuli direnean, negarrez joan izan dira. Beraz, bai, feminismoak aurrerapausoak eman ditu emakumea lan munduan sartzeko, baina, ezarri den eredua, berriz ere, eredu matxista bat da.

Horren harira, zer diozu aitatasun baimenen inguruko eztabaidaz?

Ondo dago aitatasun baimenei buelta bat ematea, baina ez zait lehentasuna iruditzen. Izan ere, bitxia da: hainbat ama talde daude amatasun baimenak luzatzearen alde, baina nik ez dut aitatasun baimena luzatzearen aldeko aita talderik ezagutzen. Beraz, inork bultzatu gabeko baimen bat luzatu dute eta, bitartean, amatasun baimena bere horretan utzi dute. Petatxu bat jarri dute, eredu matxista indartzen jarraituz. Zeren, pediatrek nahiz Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatzen dute, haurrak sei hilabete bete bitarte bularra ematea. Baina, hain justu, oztopoak daude hori egin ahal izateko. Balantza horretan, beraz, non geratzen da berez hain ona den hori?

Beraz, amak haurrarekin duen lotura eta aitak duena, desberdinak dira.

Batez ere, lehen bi urteetan. Haurdunalditik hasita, bidea amek bakarrik egiten dute. Kasu gehienetan, ordutegiagatik, bikoteek ezin izaten dute Osakidetzak antolatutako erditze aurreko ikastaroetara joan. Eta, orduan, haurdun dagoena informazioz betetzen hasten da, bidaia horretan sartuta dago, eta bikotea ez. Eta hori bikotean prestatu nahi duenak, bere kabuz egin beharra dauka. Nik argi daukat bikoteak sortutako haurdunaldia biren lana dela, eta baita erditzea eta erditze ostea ere. Bakoitzak bere modura eta bere lanketarekin, baina elkarrekin egin behar da.

«Feminismoak aurrerapausoak eman ditu emakumea lan munduan sartzeko, baina, ezarri den eredua, berriz ere, eredu matxista bat da»



Epaituta sentitu izan zara inoiz, hori guztia defendatzeagatik?

Batez ere, nire erabakiak hartu ditudan bezala hartzeagatik. Hori baita bestea: behin ama izaten zarenean, badirudi mundura ateratzen zarela, eta mundu guztiak epai zaitzakeela eta zerbait esan diezazukeela. Aukera izan dut nire amatasuna ia nahi izan dudan bezala bizitzeko, baina, gizarte honek ez du hori ondo ikusten; askorentzat atzerapauso bat da. Jende askok ez du ulertzen emakumeak lan munduan sartu eta, orain, berriz ere, haurrarekin etxean geratzea. Esan izan didate nire ibilbide profesionala alde batera uzten ari nintzela, karga horretatik askatu behar nuela edo haurrari kalte egiten niola berarekin egoteagatik. Baina ni nire erabaki propioz geratu naiz etxean, hala sentitu dudalako eta hala iruditu zaidalako. Dena den, kontrara ere gertatzen da, eta iritzi onak ere jaso izan ditut, noski.

Beharbada, gure arteko kritiketan aritu beharrean, gehiago lagundu beharko genuke elkar. Baina ez dago horretarako sarerik eta, beraz, bakoitzak ahal duena egiten du, bakarrik, eta gizarte indibidualista batean bizi garenez, amatasuna ere modu nahiko indibidualean bizitzen ari gara.

Beste zenbait korronteren artean, historian barrena, hainbat autore feministak esklabotzatzat jo izan dute amatasuna. Zaintzari lotutako amatasuna nola izan daiteke feminista?

Ama bakoitzak askatasuna izan behar du amatasuna bere modura bizitzeko; ez dago eredu on bakar bat. Norberak gustura egon behar du hartutako erabakiarekin eta, askok esanagatik haurrarekin etxean egotea ona dela, lanera itzuli nahi duen amak askatasuna izan behar du lanera bueltatzeko.

Uste dut erdigunean haurrak jartzeko hautua ulertu behar dela. Egia da, lehenengo hilabeteetan, haurrak amarekin lotura estuagoa duela, baina, denbora-tarte horretan guztian, ama horrek ere behar du sostengu bat; bikotea daukazun kasuan, bikotea, eta ama bakarra zarenean, beste norbait. Zaintza, beraz, gizartearena dela uste dut, zerbait kolektiboa. Haurrak etorkizuneko gizartea izango dira, eta guk ez badiegu zaintza hori eskaintzen, zer izango dugu ondoren? Denok behar dugu zaintza bat, bere ezaugarriekin, eta hori zergatik da esklabotza? Haurra amak, aitak edo familiak zaintzen ez badu, beste norbaitek zainduko du. Eta, beste norbait horrena ere esklabotza al da?

Hainbat emakume liberatzen dira beren gurasoak zaintzeko eta, adinekoen zaintzan aritzen diren gehienak ere emakumeak dira.

Bai, hori da gakoa, emakumea dela beti zaintzari lotuta dagoena. Baina, behar hori gizartera zabalduko balitz, eztabaida hau ez litzateke hain bizirik egongo.

Erlazionatuak

(Z)ama

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 aza 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!