«Amatasunari buruz egiak esaten dituenak kritika asko jasotzen ditu»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 1a, 08:56

Amaia Vaquero (Tolosa, 1975) duela 13 urte izan zen bikien ama, hormona bidezko tratamendu batekin. Oraindik orain, behin eta berriro errepikatu behar izaten du ama bakarra dela, eta aitarik ez dagoela eta, bide horretan, hezkuntzatik bezala etxetik eragin behar dela uste du.

Ama bakarra zara. Zerk bultzatu zintuen erabakia hartzera?

Arrazoi zehatzik ez nuen izan. Nik banekien ama izan nahi nuela, eta ez nuen bikoterik. Gogoan dut lagun batek nola esan zidan, artean 30 urte nituela, eta beharbada norbait aurkituko nuela. Eta, topatzen ez banuen, zer egin behar nuen, 40 urteak bete arte itxaron? Nik orduan izan nahi nuen ama, eta momentu egokiena iruditzen zitzaidan. Iradoki izan didate, ez ote zen errazagoa edonorekin oheratu eta haurdun geratzea. Baina nik ez daukat zertan horretan ibili beharrik; niretzat askoz ere garbiagoa da erabakia hartzea eta klinika batera jotzea. Inori kalterik ez diot egin, eta ez daukat inon gorde beharrik.

Erabakia zaila suertatu zitzaizun?

Zaila ez. Momentua iritsi zenean oso garbi neukan guztia eta, banekien, gero nire bizitzan pertsonaren bat azaltzen bazen, hark onartu egin beharko zuela nik bi haur izatea. Kezka handiagoa sortzen zidan, beharbada, nire etxean nire erabakia onartuko zuten moduak. Baina, egia esan, oso ondo hartu zuten guztia, eta gurasoek izugarri lagundu zidaten hastapenetan, sekulako kaosa bainuen esku artean. Haurrak bikiak ziren eta hiru orduz behin elikatu behar nituen. Gurasoak nire etxera etorri ziren bizitzera, eta txandak egiten genituen, haurrak zaintzeko; saiatzen ginen, bakoitzak sei orduz lo egiten. Inguruan horrelako laguntzarik ez baldin badaukazu, oso zaila da halako egoera bati aurre egitea; aterako litzateke, noski, baina oso-oso gogorra da.

Nolakoa izaten da haurdun geratu bitarteko prozesua?

Nirea, egia esan, esku-liburuetako ereduen parekoa izan zen. Quironera joan nintzen, eta prozesuari buruzko informazioa eskatu. Hormonak hartu behar dira, ohikoa baino obulu gehiago sortzeko. Gero, medikuek agindutako egunetan, klinikara bertaratu, eta semena txertatzen dizute; eta, hamabost egunera, emaitza iragartzen dizute. Nik azaroa inguruan ekin nion prozesuari, eta otsaila hasierarako haurdun nengoen; lehenengoan geratu nintzen haurdun.

Gogorrena hamabost eguneko itxaronaldia izan zen niretzat. Izan ere, haurdun ez geratzeak berriro hasieratik hastea zekarren. Fisikoki ez zen prozesu zaila, sabelean egunero indizio bat jartzea besterik ez zen. Psikologikoki, ordea, gogorragoa zen, emaitzarekin pentsatzen baituzu une oro.

Estereotipo asko al daude ama bakarren inguruan?

Bai, bai. Denok diogu normala dela guraso bakar izatea, baina, normala da, zenbait egoerarekin aurrez aurre jartzen zaren arte. Iaz, adibidez, haurrek iparraldera txangoa egin behar zuten, eta Udaltzaingoko baimena behar zuten, muga zeharkatu ahal izateko. Hara bertaratu nintzen, baimenaren bila nindoala azaldu nien, eta honakoa erantzun zidaten: «Senarrarekin etorri beharra daukazu». Eta nik: «Ez, ez daukat senarrik, ama bakarra naiz». Eta haiek, erantzun: «Beno, bananduta baldin bazaude ere, bere baimena behar duzu». Nik, berriz: «Ezetz, ama bakarra naizela». Udaltzainak: «Baina, nola?». Hirugarrenez: «Ez dagoela aitarik».

Azalpen horiek guztiak eman eta gero, familia liburua aurkeztu beharra daukazu eta, zuk esandakoa hala dela berresten dutenean, orduan, ez dakite zehazki zer gehiago egin behar duten eta, badaezpada ere, kopia konpultsatua egin beharra dago. Osakidetzan ere, gauza bera pasatu izan zait; leku askotan hiru aldiz esan beharra daukazu ama bakarra zarela, eta ez dagoela aitarik.

Nik uste dut nire seme-alabek ez dutela aitaren figuraren beharrik izan, nolabait, nire aitak paper hori bete izan duelako. Behar batzuk, ordea, kanpotik sortzen dira, inguruan entzuten duten horretatik guztitik.

Familia nuklearraren eredu hori oso errotuta dago oraindik.

Bai, erabat. Esaten baduzu alarguna zarela, listo, ez dago beste azalpenik eman beharrik. Aldiz, eredu estandarretik ateratzen dena ulertzeko, puntu bat falta da oraindik.

Seme-alabak aipatu dituzu. Zure ustez, nola bizi dute guraso bat bakarrik izatea?

Etxean, daukazuna bakarrik ikusten duzu. Lagun guztiek dituzte aitak eta amak; batzuk bananduta, beste batzuk ez. Nik uste dut beraiek ez dutela bigarren guraso bat izateko beharrik sentitu, baina, azken finean, niri bi gurasok izan ditzaketen rolak hartzea dagokit, eta oso zaila da.

Gogoan dut behin semeak nola esan zidan: «Aita bat baneuka, orain futbolean jolastuko luke nirekin». Beharbada bai eta beharbada ez. Gainerako haurrek kontatu egingo dute nola jolasten duten aitarekin, baina, posible da aita izatea eta hark futbolean jolastu nahi ez izatea ere. Aita eredua ere estereotipatuta dago, neurri batean.

Beraz, aitaren falta sumatuko zutela? Zenbait momentutan bai seguru baietz eta, batez ere, desberdin ez izateagatik eta hainbeste azalpen eman behar ez izateagatik.

Izan ere, nola ikusarazten zaio haur bati, badirela guraso bakarra duten haurrak? Beti biko ereduak landu izan dira eta, figura hori ez dagoenean, zailagoa da azaltzen, eta normala da.

Zer da zuretzat amatasuna?

Uste dut, nik bizi dudan amatasuna eta familia estandar bateko amak bizi duena berdinak direla. Zure haurrak dena dira: zure buruhaustea eta zure poza, dena. Alde onak eta txarrak ditu, guztiak bezala. Egia da, bakarrik zaudenean, gauza gehiago utzi behar dituzula alde batera; gauza asko ezin dituzu egin. Baina niri merezi dit.

Lehen eta orain desberdin ikusten al duzu?

Bai. Erabakia hartu baino lehen ez dakizu ama izatea zer den; zaila da gauza asko azaltzea, bizitzen duzun arte. Eta, horrez gain, bakoitzak desberdin bizi du. Esaterako, batzuek erditze ostearen oso oroitzapen politak izaten dituzte. Bada, zer nahi duzu esatea, nire oroitzapenak ez dira beste munduko ezer. Nire haurrak txikiak jaio ziren, inkubagailuan egon ziren, eta beharbada horrek xarma kendu zion momentuari; baina ez nuen amek ustez eduki behar dugun senezko lotura izugarri hori sentitzen. Akaso nire izaeragatik ere bada.

Edo, idealizazio batengatik?

Bai. Dena oso polit marraztu digute, dena zoragarria izango dela sinestarazi, baina, gero, egunerokoan, gauzak ez dira horrela. Gainera, amatasunari buruzko egiak esaten dituenak kritika asko jasotzen ditu, bai baitirudi, ideal izaten jarraitu behar dugula.

Zuri gertatu zaizu?

Ez, baina nik ez dut amatasuna idealizazio horretatik bizi. Lehenengo hiru hilabeteetan, adibidez, nekea hain zen fisikoa, ez bainekien biberoia eman nien edo ez. Askori entzuten nien, haurrak gau osoan lo egiten zuelako kezkatuta esnatzen zirela. Kezkatuta? Ni ez behintzat! Lo egin dugula? Primeran, ondo geundenaren seinale. Eta, oinez ikasi zutenean, fisikoki lehertuta bukatzen nuen eguna.

Super ama izateko beharra dute zenbait amak?

Bai. Amak denetara iritsi behar du, eta dena egin behar du, eta ezin da. Bide horretan, uste dut norberak jakin behar duela gauzak lehenesten. Nik lehen beste lan bat nuen, tentsio handikoa. Niretzat seme-alabak ziren lehentasuna, beraz, lanez aldatzea erabaki nuen. Zentzu horretan, ama bakarrok ez ditugu mila aukera. Bikote batean, aldiz, biak lanean ari baldin badira, beharbada bietako batek lanaldi murriztua hartzeko aukera dauka; gure kasuan ez, eta ez dago besterik, hori baita gure diru iturria. Beraz, egon ninteke egun osoa kexaka, edo errealitatea onartu, zortzi orduz lan egin, eta ahalik eta denbora gehien pasatu seme-alabekin.

Erlazionatuak

(Z)ama

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 aza 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!