«Uste dut, familia askotan, inertziaz izaten dituztela haurrak»

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko abe. 2a, 11:32

Bizi erritmoa mantentzearen alde egin zuten, Garbiñe Azaldegik (Tolosa, 1967) eta bikoteak, eta seme-alabarik ez izatea erabaki zuten. Hautuak zenbait egoera deseroso sortu izan dizkiola dio, eta berekoitzat jo izan dutela, ama ez izatea erabakitzeagatik. Haurrik gabeko mundua «tristea» litzatekeela dion arren, ez da bere erabakiaz damutzen.

Zer erabakitzen da, ama ez izatea ala ama izatea?

Nik ez izatea erabaki nuen. Ez dut sekula ama izateko grina izugarri hori sentitu baina, aldi berean, ez zitzaidan axola haurrak izatea ere. Egia esan, praktikotasunari begirako erabakia izan zen. Nik egun osoa etxetik kanpo pasatzen dut, eta senarrak garbi zeukan ez zuela haurrik izan nahi. Gainera, haurrak izango banitu neronek zaindu nahiko nituzke, eta nire lanak ez zidan aukera hori bermatzen. Egia esan, horrela oso ondo bizi naiz, eta ez naiz batere damutzen

Azalpenak eman beharra ekarri dizu horrek?

Gaur egun ez, baina hasieran bai. Baina hori, amatasunarekin eta gai guztiekin gertatzen da. Adin jakin batera iritsi eta bikoterik ez baldin badaukazu, horren inguruan galdetuko dizute. Bikotea izanez gero, berriz, ezkontza izango da gaia. Eta, behin ezkondutakoan: «Zer, haurrak noizko?». Gizakiok beti galdera berberekin funtzionatzen dugu. Horrelakoetan, erantzun-zakar bat ematea ateratzen zaio bati, egia esan. Behin neurekoia nintzela esan zidaten, haurrik ez izateagatik. Senarraren ingurukoa zen, eta hasieran isilik geratu nintzen, baina, gero, erantzun egin nion; egia esan, oso harrituta geratu nintzen, eta iltzatuta daukat.

Beste behin, senide bati erantzun nion, ezin nuela haurdun geratu; ez dakit hala den, noski. Barkamena eskatu zidan, oso larrituta. Askotan pentsatu gabe egiten ditugu galderak.

Parekoa zein egoeratan egon daitekeen jakin gabe.

Hori da. Beharbada pertsona horrek ama izan nahi du, saiatzen ari da, eta ez du lortzen, auskalo.

Senarrari baino, galdera zuri gehiagotan egin dizutela uste duzu?

Ez dakit. Nik esango nuke, lagun artean daudenean, gizonezkoek ez dutela gurasotasuna hizpide izaten; emakumeok, beharbada, errazago hitz egiten dugu gai horiei buruz. Dena den, ez dut benetako presiorik sekula sentitu izan.

Aukera bat gehiago da, azken finean, ezta?

Bai, hori da. Guraso izatekotan, zalantzarik ez da gure bizimoduko zerbait aldatu beharko genukeela.

Amatasuna sistema sostengatzeko gakoetako bat dela uste duzu?

Sistemak gaur egungo moduan iraun dezan, argi dago baietz. Gero eta haur gutxiago jaiotzen da, baina, belaunaldi berriak dira helduenei pentsioak ordaintzen dizkietenak. Mundu kapitalista batean bizi gara, eta uste dut hori irauli daitekeela. Nik neuk ez dakit nola egin beharko litzatekeen, baina izango dira gaian adituak. Tamalez, oso urrun ikusten dut aldaketa, horretarako gogoa behar delako. Eta, sistema ekonomikoez harago, egia da mundua tristea litzatekeela haurrik gabe.

Zenbait korrontek uste dute, amatasuna esklabotza dela emakumeentzat; beste batzuek, aldiz, loturazko zaintza defendatzen dute. Guztiak ari dira feminismotik.

Nik ez dut uste amatasuna esklabotza denik; norberak bilatu behar du oreka norbere bikotearekin. Posible da bakarrik egotea ere, baina, kasu horietan, pentsatzen dut ondo hausnartuta izango dutela gurasotasuna. Hala ere, inguruan ikusi izan dudanagatik, iruditzen zait askotan emakumea bera bilakatzen dela haurren menpeko, eta ni harrituta geratzen naiz.

Zein zentzutan?

Adibidez, aisialdian. Gizonak parranda egiten du eta, hurrengo egunean, emakumea kontuz ibiltzen da gizona ez esnatzeko. Kontrara, ordea, emakumeek ustez parranda egin behar dutenean, kasu askotan, etxera goiz itzultzen dira, kezkatuta daudelako. Egia da ni ez naizela ama izan, sentimendu hori ez dudala izan, eta ezin dudala hori epaitu.

Zu gazteagoa zinenetik hona, gurasotasuna aldatu al da?

Bai eta ez. Lehen, emakumeek ardura guztia hartzen zuten: haurrak eta etxea. Baina, orain ere, kanpoan lan egin arren, eskolako gauzak, medikuarenera egin beharreko bisitak eta abarrak emakumeen ardura izaten dira kasu askotan. Eta, gainera, ez nuke esango horren erru guztia gizonek dutenik.

Eredu sozialak eta erreferenteak izan litezke horren eragile?

Bai, baina bikotea dagoen kasuetan bikotearekin gauzak hitz egin eta guztia argi geratzen bada, eredu horrek aldatu egin beharko luke. Uste dut gizartea ari dela, pixkana, moldeetatik ateratzen, eta denbora da gakoa. Dena den, uste dut familia askotan inertziaz izaten dituztela haurrak, eta niri oso lan zaila iruditzen zait haurrak heztea. Oso azkar bizi gara, gauza asko egin behar ditugu, haurrak gauza asko egitera bultzatzen ditugu eta erotu egiten dira.

Nolabaiteko lehia ikusten duzu guraso izateko moduen artean?

Hein handi batean bai, horrelakoak baikara; beti aldamenekoa zein ondo bizi den ikusten dugu, ezer jakin gabe. Egia esan, gurasotasunarena oso gai konplikatua iruditzen zait, alde askotatik begiratuta. Bikote harremana ere aldatu egiten dela iruditzen zait, eta amona-aitonak ere tartean sartzen dira, horrek bikotean sor ditzakeen ika-mikekin. Baina, tira, gaur egungo bizimoduarekin, bakoitzak ahal duena egiten du, eta ingurukoen erabakiak errespetatu egin behar ditugu.

Erlazionatuak

(Z)ama

Itzea Urkizu Arsuaga 2018 aza 30 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!