Asier Garagarzak Espainiako Argazkilari Onenaren saria irabazi du

Iker Larrañaga 2018ko azaroaren 6a

Argazkiak: Asier Garagarza

Asteburuan Asturiasen ospatu den XXXII. Espainiako Argazkilaritza Konfederazio kongresuan lehen postua irabazi du Tolosan bizi den argazkilariak.

Asier Garagarzak Espainiako argazkilari onenaren saria eskuratu du. Tolosako Targazki taldeak aurkeztu zuen bere hautagaitza, eta 10 argazkiz osaturiko bilduma aurkeztu zuen Paisaje onírico izenpean. Saria jaso berritan, Tolosako argazkilari taldeari eskerrak eman zizkion, eta bereziki, Javier Ortiz taldekidea izan zuen gogoan: «Zu gabe, hau ez litzateke posible izango».

Epaimahaiak aurkeztutako bildumaz gain, bere ibilbidea ere hartu du kontuan. Aurkeztutako argazki guztiak zuri beltzean dira, esan duenez horrela «emozioak eta sentimenduak hobeto komunikatu» ahal dituelako. Argazkilariak adierazi du ere karratuan aurkeztu dituela irudiak, formatu horretan eroso sentitzen delako.

Ez da irabazi duen sari bakarra. Orotara 150 sari jaso ditu, besteak beste, Argizaiola Sariko argazkilari euskaldun onenarena edo International Photography Awards lehiaketako zilarrezko domina banakako argazkien Fine Art mailan. Jaso berri duena da, dena den, jaso duen saririk garrantzitsuena.

Garagarzaren lanak minimalistak dira, oso elementu gutxi erabiltzen baititu. Kamera aurrean premiazkoa dena bakarrik jartzen duela eta bere nahia ikusleari argazkian agertzen den hori benetan sentiaraztea dela esan izan du.  

Espainiako Argazkilari onenaren saria eskuratzen duen hirugarren euskalduna da Garagarza.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!