«Argazkigintza nire ofizio balitz, ez nuke era berean disfrutatuko»

Iñigo Otaegi 2017ko eka. 18a, 11:54

Argazkilaria: Asier Garagarza

Entzutekoa da nola mintzatzen den argazkigintzaz Asier Garagarza (Donostia, 1975), maiteminduta balego gisan, etenik gabeko irribarre batekin. Gaztetxotatik du arnasbide eta pasio argazkiak ateratzea, eta hain justu, hartu-eman horrek eraman du argazkigintzaren gailurrera. Argizaiola sariaren 37. edizioa irabazi berri du Tolosaldeko Argazkilari Taldeko kideak.

Lehiaketa guztietatik entzutetsuenaren jabe egin zara.

Espero gabeko notizia izan zen, baina, sekulako poza hartu nuen. Urtean zehar, Argizaiola sarirako baliagarriak diren hamalau lehiaketa antolatzen dira. Irabazten duzun lehiaketa bakoitzeko, Argizaiola sarian bost argazki aurkezteko gonbita jasotzen duzu. Aurten, hiru sari irabazi ditut, halere, hamabost beharrean, zortzi soilik aurkeztu ditut.

Itxaroteak bere fruituak dakartza.

Horixe da argazki irabazlearen leloa. Nahiz saritua bakarra izan den, bilduma hiru argazkik osatzen dute berez. Lehendabizikoa, Huiziko zelai batean kokatzen da, inguruan uso batzuk ageri direla. Bigarrenean, ni neu nago lainopean, esperoan; eta azkenekoan, zuhaitz bat. Lainoarena hautatu nuen azkenean. Argazki honek duen onena da, nirekin erlazio zuzena duen istorioa kontatzen duela.

Pertsonalki, lelo horretan sinesten duzu?

Bai. La espera, beste argazkiak bezalaxe, nire parte ere bada. Finean, filosofia horrek funtzionatu dit; gauzak ez dira egun batetik bestera lortzen. Argazki hau bera 2014an ateratakoa da, eta begira noiz iritsi den emaitza. Zerbait ona lortzeko presarik gabe ibili beharra dago, su baxuan aritzea ezinbestekoa da, tarteka egur pixka bat bota, gero alde batera utzi, berriz ere horretan zentratu... Mimoz jokatzea funtsezkoa da.

Izen handiko 37 argazkilari horien artean zaude.

Sekulakoa da. Argazkilari andana erreferentetzat dauzkat gainera, ohorea da hauekin zerrenda konpartitzea. Apurka lekutxo bat egiten joan naiz, azken lau urteetan, hiru sari irabazi ditut Argizaiolan; orain dela hiru eta bi urte, podiumeko bigarren koskan izan naiz. Hori gutxik lortzen dute, eta bada erregulartasun baten adierazgarri. Hasieran kasualitate hutsa zela uste nuen.

Gizartean sari entzutetsuengatik egin zara ezagun. Eta orain arteko bidea?

Konplexua da zinez, argazkilari gisa izena lortzea. Aurten adibidez, zortea lagun izan dut, maila handiko hiru lehiaketa irabazita: Eibarren, Indalezio Juaguren Sariko ohorezko irudirik onena; Gipuzkoa Internazional 2. saria; eta Irunen ere onenen artean. Oso maila altua dago, 32 argazkilari topera aritzen gara lehiaketa horiek begiz jota, Txapeldunen Liga jokatzea bezalakoa da.

Nazioartean ere ez dituzu marka makalak erdietsi. 

Txinan lortu nuenarekin zur eta lur geratu nintzen. 60.000 argazkietatik, lehen hogeita hamarretan sartu nintzen. Horrela, lehiaketa gehiagotan aurkezteko erabakia hartu nuen. Garrantzitsuena beharbada, Los Angeleseko saria izan zen, Spider Awards lehiaketan, argazki txuri-beltzen kategorian, hirugarren onena izan nintzen. Azken lau urteetan, ehun sari baino gehiago lortu ditut, hemen eta nazioartean. Orain arte, erakusketak hemen inguruan jarri ditut, asko jota Bartzelonan. Egun, Ingalaterran jartzeko eskaintzak ere jaso ditut, ez da oraindik ezer ziurra, baina, ondo bidean doa dena.

Argizaiola saria: Garagarzaren mendilerroan, gailurrik altuena?

Izenez indartsuagoak direnak beste oihartzun bat izaten dute. Baina, sentimenduz, ezbairik gabe, Argizaiola da bereziena, ilusio gehien egin didana. Azken batean, neuri buruz hitz egiten du argazkiak, nire barrutik ateratako obra da.

Argazkilaritzak bat-batekotasunetik asko du.

Nire kasuan behintzat bai. Nik ez dut aurrez inolako prestakuntzarik egiten. Argazkilari askok irudiak etengabe ateratzeko tendentzia dute, lekura iritsi, kamera atera, eta egurra. Argazkiak ateratzen hasi aurretik ordea, tokia behatzea eta hausnartzen jartzea oso komenigarria da. Nik denbora luzea ematen dut horretan, inprimatu egiten dut bertan arnasten den giroa. Sentimenduak azaltzen diren unean, orduantxe hasten naiz botoiari sakatzen. Bakardadean egotea gustuko dut, eta hori transmititzen ahalegintzen naiz. Momentuan probatzen joaten naiz, teknikak aldatzen ditut, argiarekin jolasten dut... Finean, argazki onena arriskatuta lortzen da. Hori bai, egun asko daude etxera argazkirik gabe joaten naizena. Baina, ez da ezer gertatzen, afiziotzat daukat eta.

Afizioa ofizio bilakatzeko asmorik bai?

Eskaintzak jaso ditut, baina, ez dut inolako intentziorik. Ez dut nahi besteen esanaren menpe egon, niri barrutik ateratzen zaidan hori azaleratzen jarraitu nahi dut. Txikitatik nire bokazio izan da, eta hala izan dadin jarraitu nahi dut. Egunerokotasun aspergarritik ihes egiteko baliagarri zait, eta ez nuke nahi argazkigintza eskema horren barruan sartu. Ofizio balitz, ez nuke era berean disfrutatuko. Gainera, argazki onenak horrelaxe ateratzen dira, lasaitasunez, presiorik gabe jardunda.

Argazkiak manipulatzeko joera handia dago.

Photoshop beste erreminta bat baino ez da. Nik askotan erabiltzen dut, eta ez dago zertan ezkutatu. Lortu duzun argazki horri beste traza bat ematen dio, emaitza hobetzen du. Betidanik izan da manipulatzeko joera, baita garai batean ere, orduan eskuz egiten zen. Denek erabiltzen dute, bakoitzak jakin behar du non dagoen norberaren edizioaren muga. Nire argazkiak egiteko moduarekin bat egiten du photoshopek, sortzaile izatearekin alegia.

Berezko ahala izatea funtsezkoa da.

Baietz esango nuke. Nik ez dut argazkigintzako ezer ikasi. Osaba Egin egunkariko argazkilaria zen, eta berarengandik datorkit zaletasuna. 17 urterekin izan nuen nire lehen kamera, Minolta bat. Apurka nire kamerak aldatzen joan nintzen, saldu, beste bat erosi, eta oraindik horrela nabil. Ezagutza teknikoaren gainetik, norberaren ikuspuntua da gehien balio duena. Egia da nik maila altuko kamerak ditudala, eta kalitate handiko argazkiak ateratzen dituztela. Halaber, garrantzitsuena bakoitzaren ikusteko modua da. Ideia onik ez badago, akabo; eta horretarako berezko sena behar da.

Zein duzu argazki kuttunena?

Bada, 20 urte eskasekin atera nuen nire argazki estimatuena. Bilbon atera nuen, Alhondigan; aita igaro zen bere semearekin, eta haurra igerilekuan sar zedin esan nion, eta eskuak jarri zitzala kristalean. Nahi nuen gisan harrapatu nuen, eta gerora oihartzun dezentea izan zuen argazki horrek. Ordudanik, milaka klik egin ditut, hala ere, kuttunena izaten jarraitzen du. Une hori mugarri izan zen nire ibilbidean, goraka orduantxe hasi bainintzen. 

Nola katalogatuko zenuke, zure argazkiak egiteko modua?

Minimalistatzat. Oso elementu gutxi izaten dituzte nire argazkiek, baina, aldi berean oso adierazgarriak. Kamera aurrean premiazkoa dena bakarrik jartzen dut, eta agertzen den hori benetan senti dezala ikusleak, hori da xedea. Oro har, txuri beltzean ateratzen ditut argazkiak, eta karratu forman. Koloreak erakusten baditut, elkarren artean oso harmonia berezia dutelako soilik izaten da. Argiarekin jolastea ederra da, batzuetan oso goiz jaikitzen naiz, Iparraldean 06:00etan egoteko, apropos argi mota horrekin atera nahi ditudalako argazkiak. Zeru urdina baino, nahiago dut kaosa: elurra, ekaitza...

Zer behar du argazki batek.

Argazkigintzaren munduko erronka istorio bat kontatzea da; ezer esan gabe, gauza asko esatea. Argazkiak mezu bat behar du, eta ideia horrek hartzailearengana iritsi behar du. Sinplea dirudien arren, ez da batere samurra helburura gerturatze hutsa.

Zer du berezia argazkiak, gainerako formatuek ez dutena.

Bideo batean esaterako, hamaika elementu daude argazki batean ez daudenak. Horrek erronka zaildu egiten du, argazkian ez dauzkazulako bideo batean bezainbeste baliabide mezua transmititzeko. Finean, argazki batean irudikatzen dena istante bat da, une bakarra. Egoera baten momentu zehatza harrapatzeak sekulako balioa du. Horrez gain, lagun talde bat bildu eta leku batera joatean, argazkiak ikusi eta ematen du ez garela toki berean egon. Izugarria da zer nolako begirada ezberdinekin ikusten dugun mundua. Hori argazkiaren bidez oso ondo islatzen da.

Bakardadeko argazkiez gain, mugimendu askoko egunetan ateratzen duzu kamera?

Bai, eta ikaragarri disfrutatzen dut. Adibidez, inauterietan karrozen inguruan sartzen naiz, eta une bereziak hartzen saiatzen naiz. Ondoren, jendeari pasatzen dizkiot eta estimu handiz jasotzen dituzte. Hori da argazkigintzak duen beste alderdi aberasgarri bat, jendeari zure lanak erakustea, eta hori gustatu zaiela ohartzea. Gainera, argazkilari batek denetik behar du egin, txipa aldatzea beti da ona.

Finean, kamera egoera gertutik bizitzeko aitzakia bikaina da.

Bai, eta une gogoangarriak bizi izan ditut kamerari esker. Behin, baserri giroko erreportaje bat egin nuen, idiena hain zuzen. Inoiz ez nuen horrelako egoerarik bizi, eta ikasi nuen plazara atera baino lehen zegoen prozesu guztia. Argazkietan hori erakusten saiatu nintzen, eta egia esan, niretzat irakaspen ona izan zen. Espero dut argazkiak ikusi zituen baten batentzat ere hala izan zela.

Etorkizunean jomugarik baduzu begiz jota?

Ez zait etorkizunaren gainean gogoeta egitea gehiegi gustatzen. Alabaina, badut liburu bat ateratzeko asmoa. Ez da bi urteren buruan gauzatuko den proiektu bat, oso urruti ikusten dut oraindik ere. Halere, argazkien bidez nahi nuke biografia moduko bat islatu. Bizitzan gertatu zaizkidan pasadizoak, zergatik atera nituen argazki horiek, azalpenak gehitu... Badut gogoa nire barrunbeak publikoarekin elkarbanatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!