Hego haizeak airean eraman ditu korrikalariak

Tolosaldeko Ataria 2018ko urr. 12a, 14:34

XXXI. San Esteban auzoko Herri Krosa egin da gaur goizean Tolosan eta 165 korrikalarik hartu du parte. Helmugara iristen azkarrenak: gizonezkoetan Aitor Regillaga eta emakumezkoetan Oiana Ortiz izan dira. 

Giro ona izan da gaur San Esteban auzoan. XXXI. aldia da Herri Krosa egiten dutela eta eguraldiak ere lagundu du, hego haizearekin osatu behar izan baitute parte hartzaileek 8 kilometroko ibilbidea. San Estebango Ferialekutik abiatu eta Tolosako kaleetan zehar ibili ondoren Aitor Regillaga tolosarra sartu da helmugan lehenengo tokian, bigarren sailkatuari Jon Ander Cabero ibartarrari, 24 segundoko aldea aterata.

Emakumeetan garaile, iazko hirugarren sailkatua, Oiana Ortiz tolosarra izan da. 165 parte hartzaileetatik 23 emakume izan dira.

Korrikarako eskola ere bai

Aurten hirugarren urtez, helduen krosaren ondoren, gaztetxoen txanda izan da eta 200dik gora umek hartu dute parte, bi txandatan banatuta. 9 urte bitarteko korrikalariak atera dira lehenengo, eta zenbaitek gurasoen laguntza izan dute 500 metroko ibilbidea osatzeko. Bigarren txandan, berriz, 9 urtetik gorakoak izan dira, eta lasterketa azkarra egin dute San Esteban auzoan zehar.

Sari banaketa ekitaldian opariak banatu dituzte parte hartu duten ume guztien artean eta une hori baliatu dute auzokide bat omentzeko: Lurdes Gabarain. 1977an maratoi bat amaitu zuen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. San Estebango auzotarren aitortza jaso du eta udal ordezkarien eskutik opariak hartu ditu. Patxi Amantegi zinegotziaren hitzetan, "Lurdesek atzetik etorri diren emakumeei bidea leundu bakarrik ez, bidea zabaldu zien". Hunkituta jaso du saria Gabarainek eta Oviedoko maratoia egitera joan zeneko oroitzapenak berritu ditu jendearekin: "20 kilometro egiteko esan zidaten eta nik ezetz, 42 kilometro eta 195 metroak egingo nituela. Esan eta egin. Akaso emakumeok ezin al dugu bada korri egin?".

SAILKAPENA:

Gizonezkoak

1. Aitor Regillaga Beloki (Tolosa) 00.26:41

2. Jon Ander Cabero (Ibarra) 00:27:05

3. Asier Mujika Gonzalez (Tolosa) 00:27:30

Emakumezkoak

1. Oiana Ortiz Laborde (Tolosa) 00:32:11

2. Laiane Arrospide Garmendia (Tolosa) 00:33:22

3. Itziar Ibarbia Urrutia (Alkiza) 00:34:13

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!