Korri egitea maite zuen emakumea

Asier Imaz 2018ko mar. 23a, 09:32

Lurdes Gabarain, 1987an, helmugara iristen, Donostiako maratoi erdian. TOLOSALDEKO ATARIA

Lurdes Gabarain izan zen lehen euskal emakumea maratoi bat bukatzen; txikitatik txikikeriak ez diren kontuekin hazi eta hezi behar izan zuen tolosarrak.

Bizitako pasarte gehienak esaldi berarekin amaitzen ditu Lurdes Gabarainek: “Korri egitea gustatzen zitzaidan niri”. Haurra zela etxetik beti arineketan ateratzen zela aitortu du. Gaztetxo garaian, entrenatzea baino gehiago, “lehiatzea” gustatzen zitzaion. Gaztetan, Oviedoko maratoia egitera joan zenean, 20 kilometro egiteko esan zioten. “Baina nik ezetz; nik 42,195 egin nahi nituela erantzun nien”. 1981ean, bahitu egin zuten ETA militarreko kideek; autoaren maletategian sartu zuten… Baina kontu horiez ez du hitz egin nahi. “Ez dauka zerikusirik gaiarekin, eta oso haserre nago denekin. Biktima eta ez-biktimaren kontuarekin; ni ez omen naiz biktima”.

58 urte ditu Lurdes Gabarain tolosarrak, eta maratoi bat amaitu zuen Euskal Herriko lehen emakumea izan zen. Del Jogging a la marathon liburuan idatzi zuen datua Josep Maria Antentasek: “1977. urtean, euskal atleta batek, Lurdes Gabarainek, lehen aldiz maratoi bat amaitu zuen. Hori lortzen zuen lehen emakume espainiarra izan zen”. Hala dio aipu horrek.

Bordelen izan zen. Gabarain Irungo mutil batekin ibiltzen zen korrika orduan, Ricardo Tororekin. “Hura joaten zen leku guztietara joaten nintzen ni ere lasterketa herrikoietan parte hartzera”. Ipar Euskal Herrira eta Frantziara joaten ziren gehienbat; “baina baita Suitzara ere”. Hala, Bordeleko maratoia egiteko aukera sortu zitzaion tolosarrari: “Han ez zidaten jarri inongo arazorik; bai, ordea, Oviedon, nire bigarren maratoian”.

70eko hamarkadaren hasieran, Espainiako Estatuan emakumeek ezin zuten parte hartu distantzia luzeko probetan. “Oker ez banago, 3.000 metrokoa zen luzeena”, gogoratu du Gabarainek. 1972an, Francisco Castellok hala idatzi zuen El Mundo Deportivo egunkarian: ‘Espainian, atzerritarrei uzten zaie bertako emakumeei debekatzen zaiena. Hala, Estatu Batuetako emakume bat ikusi dugu Zarauzko Nazioarteko Maratoian’.

Bordeleko maratoia egin ondoren, Oviedokoa egin behar zuela sartu zitzaion buruan Gabaraini: “20 kilometro egin ondoren, geratu eta azterketa bat egingo zidatela esan zidaten, hura zelako nik egin nezakeen distantziarik luzeena. Bordeleko diploma erakutsi behar izan nien maratoi bat egina nuela erakusteko”. Gogoan dauka korrika hasi orduko antolatzaileen furgoneta bat aurrean eta beste bat atzean jarri zitzaizkiola. “20. kilometrora iritsi, eta ez zen ezer gertatu. Aurrera jarraitu nuen nik, amaitu arte”. Oviedokoaren ondoren, beste hiru maratoi egin zituen tolosarrak, Donostiakoa eta Oiartzungoa tartean.

1966. urtea zen Roberta Gibb Bobbi izeneko emakume batek Bostongo maratoian parte hartzeko izena eman zuenean. Garai hartan, gizonezkoek bakarrik zuten aukera lasterketa horretara joateko. Antolatzaileek ezetz esan zioten Bobbiri. 24 urteko korrikalaria irteerara joan zen, ordea, eta gizonezkoen artean ezkutatu zen. Dortsalik izan ez arren, hura izan zen maratoi bat egin zuen lehen emakumezkoa. Hurrengo urtean, 1967an, ospetsu bihurtu zen Kathrine Switzer. Bostongo maratoian izena eman eta dortsala lortu zuen 20 urteko ikasle hark. Hori bai, izen osoa ez, KV Switzer jarri zuen inskripzio orrian.

Ibilbidea egiten ari zela, ikusi egin zuen Jock Semple antolatzaileak, eta atzetik korrika hasi zen, “alde nire lasterketatik eta itzuli dortsala” oihukatuz. Prentsaren kamioia bertan zenez, grabatuta gelditu zen dena. 261 dortsalarekin, maratoia amaitzea lortu zuen Switzerrek. Lau urte geroago, 1971n, New Yorkeko maratoiak ateak zabaldu zizkien emakumeei. 1972an, pauso hori bera eman zuen Bostongoak, eta Switzer eta Semple elkar besarkatuta ageri dira 1973ko maratoian.

“Orain mundu guztiak ezagutzen ditu argazki horiek”, adierazi du Gabarainek. “Switzerren galtza luzeez gogoratzen naiz begira jarritakoan”. Galtzamotzen kontua barruraino iltzatuta gelditu zaio tolosarrari: “Udara iristen zenean, galtzamotzak nork jantziko zain egoten ziren neskak. Asko kostatzen zitzaigun kalera galtzamotzetan ateratzea. Gizartean mutilen kontua zen hori; presio hori bazegoen. Ni, berriz, galtzamotzetan joaten nintzen korri egitera. Gero, horrela begiratzen zidaten denek…”.

Ikusleari zaplaztekoa

Txikikeriak ez ziren kontuekin hazi eta hezi behar izan zuen Gabarainek, beti haize kontra: “Mutilak ziren nire lagunak, beti haiekin ibiltzen nintzelako. Horrelakoetan beti entzuten dira aurkako kontuak, baina zer egingo diogu, bada…”. Kros batean, ordea, pazientzia agortu eta belarrondoko bat eman zion ikusle bati. “Errenterian izan zela uste dut. Lehenengo postuan nindoan, eta errepidera atera zitzaidan ikusle bat. Nire titiak handiak zirela eta asko mugitzen zirela edo horrelako zerbait esan zidan. Gelditu eta zaplazteko bat eman nion. Hala eta guztiz ere, lasterketa irabazi nuen”, azaldu du umoretsu.

Maratoiez gain, beste hainbat kirol egina da tolosarra: triatloia, txirrindularitza, iraupen eskia… “Dena gustatzen zitzaidan. Orduan ez zen izaten laguntzarik, eta ondoan ez nuen izan batera edo bestera bideratuko ninduen inor. Dena egiten nuen nik”. Gorputzak nahikoa zela esan zion arte. Akilesen zainak hamaika abisu eman zizkion Gabaraini. Ebakuntzak egiteko gogorik gabe, kirol ibilbideari amaiera ematea erabaki zuen. Orain, atzera begiratu eta tartean oroitzapen mingarriak izan arren, politak nagusitzen dira beti. “Izan ere, korri egitea gustatzen zitzaidan niri; zoriontsu sentitzen nintzen”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!