Euskara ahoan eta ibili gurean

Iñigo Terradillos 2018ko uzt. 17a, 08:00
Abenturaz gozatzen ari diren eskualdeko parte hartzaile eta begiraleak.

Euskal Herrian zehar hilabeteko ibilbidea ari dira egiten lurralde osoko 110 gazte; euskararen erabilera sustatzea, gazteak saretzea edota herriaren ezagutza bultzatzea dira Euskarabenturaren helburuak.

Euskara ardatz hartuta oporraldi berezia egiten ari dira 16-17 urteko 110 neska-mutil. Uztailaren 1ean ekin zioten Mauletik Euskarabenturari, eta Euskal Herria zeharkatuz 483 kilometro egin ostean, Getxora iritsiko dira uztailaren 31n. Done Jakue bideari men eginez, gehientsuenak oinez, eta tarteka garraio publikoa erabiliz ari dira egiten, eta parte hartzen ari diren gazteen eta begiraleen artean eskualdekoak ere badira. Gaur iritsiko da ekimena Tolosaldera, eta bi egunetan zehar hamaika jarduera egingo dituzte.

Parte hartzen ari diren gazte tolosarrek «eskertzekoa» dela ekimenaren parte izateko aukera edukitzea errepikatzen dute. «Oso gustura» daudela diote, «ederki» ari direla igarotzen egunak, jende ugari ezagutzen eta lagun berriak egiten ari direla. Horrekin batera, Euskarabenturak euskara hitz egiteko modu desberdinak entzuteko aukera ematen diela ere nabarmentzen dute.

Begirale edo beraiek dioten moduan xerpek gazteen zainketaz arduratzeaz gain, ibilbidearen gidari lana ari dira egiten. Leire Bengoetxea eta Ioritz Segurola tolosarrak ari dira zeregin horretan. «Proiektu polita» iruditu zitzaielako animatu ziren, eta gazteen moduan «pozik» daude ekimenaren parte izateaz eta bertako «giro ederra» azpimarratu dute. Batzuk zein besteek diote Tolosatik pasatzeak «ilusio berezia» egiten diela.

TOLOSA, GERALEKU

Bada, gaur egingo du ekimenak geldialdia Tolosan. Trenez iritsiko da taldea, eta Alde Zaharretik bisita gidatu bat egin ostean, Zerkausian elkartuko dira afaltzeko. Bihar, berriz, goizean Leidor zinemara joango dira, Mattin Zeberioren Zortzi Yukon dokumentala ikustera. Zeberio bera egongo da proiekzioa aurkezten. Interesgarri ikusi dute antolakuntzatik bera egotea, «oso gazte zela egin zuelako», eta gazteak «identifikatuta» sentituko direla uste dute. Arratsaldean, sormen lanaren lanketa egingo dute artista desberdinekin, eta Gipuzkoako egoera soziolinguistikoaz ariko zaie Kike Amonarriz. Ekimenak burutu ahal izateko Tolosako Udaletik zein Laskorain ikastolatik eskainitako laguntza eskertu dute. Hain juxtu, azken honetako ganberan egingo dute lo gazteek.

Eskualdeko sartu-irtena gauzatuta, etzi goizean goiz utziko dute Tolosa, Andoinareko bidea hartu eta Berria egunkaria bisitatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!