«Zazpi lurraldeetatik eta zortzigarren probintziatik ere ordezkaritza du»

Iñigo Terradillos 2018ko uzt. 17a, 08:00

Irati Labaien antolatzaile tolosarrak hilabeteak eman ditu Euskarabentura errealitate bilakatzeko antolaketa lanetan. Lan kontuengatik ezin izan du orain arte abentura berriaren barruan murgildu, baina, ekimenaren azken txanpan taldera batzeko «gogotsu» dago.

Nondik sortu da Euskarabentura?

Duela 2-3 urte sortu zen ideia. Nire lagun talde bat bildu zen Ameriketako Estatu Batuetako Boisen egiten den Euskal Jaian, eta bertan hasi zen ideia forma hartzen. Ruta Quetzal moduko bat Euskal Herrian egitea eta euskaraz izatea, horixe izan zen abiapuntua. Horrela, pasa den urte hasieran taldetxo handiago bat elkartu ginen, eta ideia lantzen hasi. Ate ugari jo ditugu, diru laguntza batzuk ere jaso ditugu, eta pasa den urte amaieran ekimena aurkeztu genuen.

Zenbat aritu zarete hau guztia antolatzen?

Antolaketan boluntarioki aritu garen taldea ikaragarria da. Zortzi hasi ginen eta hamar izan gara azken urte eta erdian lanean. Aipatu, baita ere, gazte hauekin abenturan parte hartzen ari den begiraleen taldea ere, lan oso polita egiten ari baitira, eta eskertzekoa da. Aipatu behar da parte hartzeko aukera duten gazteentzat doako abentura ari dela izaten, eta hori aipaturiko diru laguntzei esker, nahiz babesa eta ekarpena eman duten eragile eta taldeei esker izan dela. Horiek gabe ezingo litzateke ekimen hau burutu, beraz, oso eskertuta gaude.

Zer helburu du?

Euskarabentura espedizioaren helburuak anitzak dira: gazteen artean euskarararen erabilera sustatzea, gazte euskaldunen sarea sortzea, Euskal Herriaren ezagutza sustatzea historia, kultura, geografia edota gizateriaren ondareak, eta baita gure ustetan balore osasuntsuak direnak sustatzea ere, hala nola, ingurumenarekiko errespetua, turismo arduratsua, genero berdintasuna eta elkarbizitza.

110 gazte ari dira parte hartzen. Nolatan izan dute aukera horretarako?

16-17 urteko gazteei gonbidapena luzatu zitzaien ekimenean parte hartzeko. Horretarako, lan bat bidali beharra zegoen. Euskara eta zure herria, Euskara eta emakumea eta Euskara eta itsasoa ziren aukeratu beharreko gaiak, eta lanak idatzizkoak nahiz ikus-entzunezkoak izan zitezkeen. Ekimen berria izanik, ez genekien nolako erantzuna izango zuen eta zenbat lan jasoko genituen, eta horregatik zalantza ere izan dugu aurrera atera ahalko zen, baina, azkenean 140 lan iritsi zitzaizkigun. Eusko Ikaskuntzaren laguntza izan dugu horien ebaluaketa egiten, eta 110 izan dira aukeratuak.

Euskal Herriko txoko guztietako ordezkaritza du ekimenak.

Bai. 72 neska eta 38 mutil dira denera. Bizkaitarrak 48 dira, 23 nafar, 20 gipuzkoar, 14 arabar eta Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurditik bana. Euskal diasporatik, Washingtondik eta Patagoniatik, gazte bana ere baditugu. Gure helburuak bete ditugu, beraz, zazpi probintzietatik ordezkaritza baitugu, eta baita zortzigarrenetik ere.

Era askotariko ekimenak prestatu dituzue gazteentzat ibilbidean zehar.

Aipatu moduan, Euskarabenturak helburu desberdinak ditu. Euskara du oinarrian, euskararen erabilera sustatzea gazteen artean. Horretaz gain, beraien artean sare bat sortzea, edota gure kultura eta historia ezagutzea. Azken honi lotuta, Unescok Euskal Herrian gizateriaren ondare izendatuak dituenak bisitatuko dituzte gazteek ibilbidean zehar. Gainera, bidelagun ugari izango ditugu arte eszenikoetatik, euskalgintzatik, musikatik, kiroletik...

Egiteko berezi bat ere badute parte hartzaileek.

Azken aurreko eguneko gauerako emanaldi berezi bat prestatuko dute guztiek. Taldeka zatitu ditugu, eta bidean zehar sormen proiektu bat prestatzea da asmoa. Horregatik, interesgarria iruditzen zitzaigun disziplina desberdinak lantzea. Inprobisazioa, eszenografia, koreografia, ahozko adierazpena eta hitza ari dira lantzen, Odei Barroso, Miren Amuriza, Kattalin eta Piter Ansorena, Ximun Fusch, Myriam Perez edota Ander Lipusek eskainitako tailerren bitartez.

Sormen tailerrez gain, hitzaldi interesgarriez ere ari dira gozatzen.

Bai. Dauden lurraldearen arabera hitzaldi desberdinak ere izango dituzte bertako errealitate soziolinguistikoaz. Nafarroa Beherean Xan Aire, Nafarroan Koldo Colomo, Beñat Garaio eta Ane Pedruzo Araban, Kike Amonarriz Gipuzkoan, Jone Goirigoizarri eta Txerra Rodrigez Bizkaian eta Eneko Gorri Lapurdin ariko dira.

Erlazionatuak

Euskara ahoan eta ibili gurean

Iñigo Terradillos 2018 uzt 17 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!