Tolosaldea Bus Greba

ELAk demanda bat jarriko du, Hiribuseko langilea isilpean kaleratu dutela argudiatuta

Mikel Iraola 2018ko eka. 27a, 12:45

Sindikatuak eta Tolosaldea Bus-eko langileek kritikatu dute Tolosako Udalak hiribusaren zerbitzua bere gain hartzea, «orain artean zerbitzu hori emateaz arduratzen zen langilea alde batera utzita».

Ostiralean, Hiribusaren ardura hartuko zuela jakinarazi zuen Tolosako Udalak, presaz emandako agerraldi batean. Ekainaren 21ean amaitzen zitzaion kontzesioa Tolosaldea Bus enpresari, eta lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarrak, Cuadra Bus-ek, esleipenean atzera egitea erabaki zuen, lan gatazka konpontzeko akordiorik ez zegoela ikusita.

Tolosako Udalak egoera hori ekiditeko aukera zuela uste dute Tolosaldea Bus-eko langileek: «Hiribuseko langilearen lan baldintzak hobetzeko aukera ona zuen, bera baita zerbitzu horren erantzule nagusia eta, hortaz, baita lan baldintzena ere. Zerbitzua publikoa da, enpresa pribatu batek ala udalak berak eman», azaldu dute.

Egoera ikusita, ordea, eta herriko jaien atarian autobus zerbitzurik gabe geratzeko arriskua ikusita, udalak zerbitzua behin-behinean bere gain hartzea erabaki zuen. Erabaki horrek, ordea, haserrea eta zalantzak eragin ditu Tolosaldea Bus-eko langileen eta ELA sindikatuko ordezkarien artean. Izan ere, 15 urtez hiribuseko gidari izan den langilea «isilpean kaleratu» dutela salatu dute gaur goizen eman duten agerraldian.

Langile horren egoera «airean» dagoela diote: «Udalaren esleipena amaitzen zitzaionez, ez da Tolosaldea Bus-eko langilea. Lan baldintza eta greba eskubideekin subrogatuta pasa behar zuen Cuadra enpresara, baina atzera egin duenez, ez da sartu enpresa berrian. Udalak ere ez du kontratatu».

Erabaki hori, «har zezaketen erabakirik okerrena» izan dela salatu dute bost hilabete baino gehiago greban daramaten langileek: «Langile hau Tolosako Hiribuseko zerbitzura egon da atxikita, eta beraz, subrogatuta pasa beharko litzateke Cuadrara edo udalera. Baina beste bat kontratatu dute».

ELAk, berriz, «ilegala» dela uste du: «Udalak ezin du horrelakorik egin, irizpide batzuk bete behar dituelako. Ez dugu ezer kontratatu duten langile horren aurka, baina Iñaki –kaleratutako gidaria– lanpostu horretara itzultzea eta bere egoera argitzea da gure lehentasuna». Hori dela eta, demanda judiziala jarriko du sindikatuak, «kaleratzearen kalte ordainak» eskatzeko.

Langileak, «arduratuta»

Bestalde, oraingoz erantzunik ez duten galdera asko sortu dizkie udalaren erabakiak, langileei: «Alokatu duten autobusa ez dakigu norena den, ez dakigu zein baldintzatan alokatu duten, ez dakigu noiz arte... Cuadrak berak lehiaketara aurkeztu zuen matrikula berarekin ari dira orain zerbitzua eskaintzen».

Udala eskaintzen ari den zerbitzuaren inguruan ere badute beste kezka bat: «deigarria da gutxieneko zerbitzuak ematen jarraitzen dutela ikustea. Gu gaude greban, ez beraiek. Ez du zentzurik gutxieneko zerbitzuekin jarraitzea», azaldu dute Andres Goikoetxea eta Alvaro Atorrasagasti langileek. Hala ere, udalak gaur arratsaldeko lehen orduan jakitera eman du ordutegi berria izango duela hiribusak bihartik aurrera.

Olatz Peon berak, honakoa adierazi zuen ostiraleko agerraldian, gai horien inguruan: «Guk Cuadrari errekerimendua bidali genion, hitzarmena sinatzeko, baina gatazka egoeraren aurrean ez dute sinatu. Errekerimendu hori adostea lortzen dugunean, lehengo ibilgailua Tolosara itzuliko da. Lan gatazkari dagokionean, alkateak esan zuen konponbiderako itxaropentsu zegoela: «uste genuen akordio batera iritsiko zirela, baina ez da posible izan. Alde guztiei adostasun batera iristeko ahalegina eskatu nahi diegu. Eguneroko jarraipena egiten ari gara, eta bi enpresek azaldu digute, badutela horretarako borondatea».

Hala ere, udalaren eta alkatearen jarrera ere ez dute gustukoa izan langileek: «Bi udaltzain bidali zituen ELAren egoitzara, jakinarazpena entregatzera, zuzenean guri esan beharrean. Horrek erakusten du zein gutxi axola dion bost hilabete pasa dituen lan gatazka honek».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!