Tolosaldea Bus Greba

Hiribusaren ardura Tolosako Udalak hartuko du, behin-behinean

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko eka. 22a, 16:25

Cuadra enpresak atzera egin du Hiribuseko esleipen hitzarmenean, lan gatazka konpontzen ez dela eta; gaur bertan autobus zerbitzurik gabe geratzeko arriskuaren aurrean, udalak hartu du kudeaketa, aldi baterako. 

Tolosaldea Bus enpresako langileak joan den urtarrilaz geroztik daude greban, enpresa hitzarmena lortu nahian, eta soka luzea izaten ari da gatazka; besteak beste, herrialdeko garraio zerbitzuari eta Tolosako Hiribusari eragin dio krisi egoerak. Horrela, ekaineko azken osoko bilkuran jakinarazi zuen, udal gobernuak, Tolosako Hiribusak esleipendun berria izango zuela ekainetik aurrera: Cuadra. Azken horiek, ordea, esleipenean atzera egitea erabaki dute, lan gatazkan aurrerabiderik ez dagoela ikusita. 

Tolosaldea Bus ez zen lehiaketa publikora aurkeztu, baina Cuadra enpresak subrogazio bidez kontratatu behar zituen, orain arte Tolosako autobusean lanean aritu diren gidariak; subrogazioak, ordea, aukera eskaintzen zien, langileei, greba egiten jarraitzeko. Bada, Olatz Peon alkateak urgentziaz eskaini duen agerraldian, azaldu du "ELA sindikatuak eta Cuadra enpresak zenbait bilera" egin dituztela: "Baina, Cuadrak azaldu digunez, ez dira akordio batera iritsi". 

Kontuak horrela, Cuadra enpresak Tolosako Hiribusa kudeatzeko 6 hilabeteko kontraturik ez sinatzea erabaki du. Gaur zuten horretarako azken eguna, eta Tolosako Udalak, "ezohiko egoera horren aurrean", erabaki du behin-behinean Hiribusaren ardura hartzea, "bi enpresak eta langileak adostasun batera iristen diren arte". 

Olatz Peonek nabarmendu du, halako neurririk hartu izan ez balute, gaur bertan tolosarrek ez zuketela autobus zerbitzurik izango, eta ezinezkotzat jo du egoera hori: "20.000 biztanleren langa gainditzen ez dugunez, Tolosan ez gaude autobus zerbitzua jartzera behartuta; gaur egun, ordea, pentsaezina da herrian urbanorik ez izatea". 

Horrenbestez, gaur hasi eta gatazka konpontzen den arte, Tolosako Udalak kudeatuko du Hiribusa, gutxieneko zerbitzuak eskainiz; epe laburrean zerbitzu osoa ematea da udalaren nahia. 

Oztopo administratiboak

Iragarri berri duten erabakia hartzeko zenbait oztopo izan dituzte bidean, alkateak azaldu duenez. Batetik, udalak autobus zerbitzua zuzenean eskaini ahal izateko, langile bat kontratatu behar izan du, aldi baterako: "Horretarako, Udalhitz hitzarmena sinatu behar da langilearekin, eta hori ezin da egun batetik bestera egin administrazioan".

Era berean, Tolosako Udalak autobus bat alokatu behar izan du, behin-behineko irtenbidea martxan jarri ahal izateko: "Guk Cuadrari errekerimendua bidali genion, hitzarmena sinatzeko, baina gatazka egoeraren aurrean ez dute sinatu. Errekerimendu hori adostea lortzen dugunean, lehengo ibilgailua Tolosara itzuliko da". 

Lurraldeko autobus zerbitzuaren gatazkan adostasun batera iritsi direla gogora ekarriz, Tolosako alkateak iritzi du herriko urbanoa gatazka horren erdian suertatu dela: "Itxaropena genuen, eta uste genuen akordio batera iritsiko zirela, baina ez da posible izan. Hala ere, alde guztiek adostasun batera iristeko ahalegina eskatu nahi diegu. Eguneroko jarraipena egiten ari gara, eta bi enpresek azaldu digute, badutela horretarako borondatea". 

Azkenik, udalak azaldu du informazio eguneratua eskainiko dietela herritarrei, Hiribusaren auziari buruz.

Zerbitzu "kamutsa", EH Bilduren ustez

Albistea ezagutu ahala, prentsara oharra igorri du EH Bilduko udal taldeak. Hiribusaren auzia "aurreikusten zen tokira" iritsi dela azaldu du koalizioak, eta udala "herritarrei kalte handiagoa ez eragiteko inprobisatzen" hasi dela salatu du.

EH Bilduren ustez, udalak kudeatuko duen zerbitzua ez da nahikoa izango: "Zerbitzu kamutsa izango da, gutxieneko zerbitzuak baino ez dituelako beteko. Bost hilabeteotan izan duten zerbitzu murritza izaten jarraituko dute herritarrek, baina orain udalak kudeatuta". Egoera horrekin "noiz arte" egongo diren galdetu du.

Horrez gain, udalari ere eskaera egin dio EH Bilduk, behin-behinean bada ere, zerbitzu osoa eskain dezan: "Kontratatu ditzala beharrezkoak diren gidariak zerbitzua murrizketarik gabe emateko". Zerbitzua bera azpikontratatzeari uzteko urratsak emateko ere eskatu du koalizioak: "Aukera aprobetxatu behar zuen hiribus-zerbitzua zuzenean kudeatzeko oinarriak jartzeko. Osoko bilkuran hori aztertzeko eskatu genion, eta aztertuko zutela agindu zuen alkateak. Une egokian daudela uste dugu", adierazi dute oharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!