Tolosaldea Bus enpresako langileen grebak bat egin du Tolosako Hiribuseko esleipenaren berritzearekin eta, azken osoko bilkuran udalbatzak jakinarazi zuenez, aurrerantzean beste enpresa baten ardurapean izango da, Tolosako urbano zerbitzua. Maiatza hasieran aldizkari ofizialean argitaratu zituzten lehiaketako baldintzak eta, ezarritako epearen barruan, enpresa lizitatzaile bakarrak aurkeztu du proposamena. Modu horretan, eta okerrik ezean, Cuadra autobus konpainiak ekingo die herri barruko joan-etorriei.
Plenoan azaldu zutenez, udalak datorren ekainaren 11n sinatuko du Hiribusaren kontratu berria, eta urtebeteko esleipena izango da; aukera izango dute, beste sei hilabetez hitzarmena luzatzeko.
BONOA BEHARREAN, TXARTELA
Hiribuseko esleipena hizpide izan zen bilkuran, udalbatzak onartu egin behar izan baitzituen, autobuseko tarifak. Zerbitzua eskainiko duen enpresa aldatzeak, dena den, ez die autobuseko prezioei eragingo, eta orain arteko prezioekin egin ahal izango dira hiri barruko bidaiak.
Modu horretan, bidaia bakoitzaren prezio arrunta 0,70 eurokoa izango da, eta erabiltzaile txartela duten herritarrek 0,32 euro ordaindu beharko dute; lau urtetik beherako haurrek doan bidaiatu ahal izango dute.
Prezioak mantendu egingo dituzte, baina ohiko erabiltzaileen txartelean berrikuntzak izango dira aurrerantzean. Bono sistema kendu, eta txartel bidezko hobaria jaso ahal izango dute eguneroko bidaiariek.
Txartel hori eskuratzeko unean, herritar bakoitzak hiru euroko bermea ordaindu beharko du, eta inoiz txartela itzultzeko beharra izanda, bermea bueltan jasoko luke erabiltzaile bakoitzak. Hiribuseko txartela autobusean bertan kargatu ahal izango da, betiere, bosten multiplo diren diru kopurutan. Azkenik, lau urtetik beherako haurrek ere txartela eskuratu beharko dute, doan bidaiatu ahal izateko.