Lanuzte horiek Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako autobus linei eragiten die, batetik, eta baita Tolosako Udalak kudeatutako Hiribus zerbitzuari ere: enpresako bi langile aritzen dira bertan. Aurrerantzean Tolosako urbanoa beste enpresa baten ardura izango denez, urbanoko langileak subrogatuta ariko dira bertan. Horrek ordea, ez dio grebari eragingo; tinko jarraitzeko asmoa dute.
Ana Alkorta ELAko ordezkariak azaldu du, bazekitela Tolosaldea Bus ez zela udalak deitutako lehiaketa publikora aurkeztuko: «Bagenekien ez zutela lehiaketa publikora aurkezteko asmorik, urtebeteko kontzesioa zelako, batetik, eta pleguetan prezioa jaitsi egin dutelako, bestetik. Ez genekien, ordea, beste enpresaren batek aurkezteko asmoa bazuen edo ez».
SUBROGATUTA, BAINA GREBAN
San Joan jaien aurretik, Tolosako Udalaren eta Cuadra enpresaren arteko hitzarmena martxan izango da, Hiribusean. Langileak, ordea, subrogazio bidez kontratatuko dituzte, eta orain arteko gidariak ariko dira.
Ordea, grebak ez du etenik izango: «Tolosaldea Bus enpresako inor ez da, oraindik, gurekin harremanetan jarri. Nahiz eta orain, Hiribusean, kontzesio berri bat egon, urbanoan ere grebak jarraitu egingo du. Subrogatuta dauden langileek eskubide osoa dute greban jarraitzeko, eta guk eutsi egin nahi diegu, bai lanuzteei, bai gure helburuei».
Duela zenbait egun Ana Alkorta Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan zen, lau hilabeteotako gora-beherak salatu eta aldundiko Mugikortasun sailari, laugarrenez, bilerarako hitzordua eskatzeko. Oraingoz, ez dute Marisol Garmendia diputatuarekin bilerarik lortu.