«Eremu kulturalean, sozialean eta politikoan haiek egindako lana guretzat legatu bat da»

Jon Miranda Labaien 2018ko eka. 1a, 14:32

Bilboko Alde Zaharrekoak ziren Josean eta Txabi Etxebarrieta eta auzokideek beti gogoan izan dituzte bi anaiak. Txabiren heriotzaren 50. urteurrenean, memoria ariketa bat egin eta belaunaldi oso baten ekinaldia ekarri nahi du gogora Etxebarrieta memoria elkarteak. Bertan aritzen dira Marina Urkidi eta Imanol Gonzalez.

Noiz sortu zenuten Etxebarrieta memoria elkartea?

Imanol Gonzalez: 2017ko uda ostean biltzen hasi ginen eta modu formalagoan irailetik aurrera abiatu genuen gure lana. Aurtengo urtarrilean eratu dugu elkartea juridikoki.

Zergatik batu zarete Bilboko Alde Zaharreko herritarrak?

Marina Urkidi: Gogoan hartu behar da Etxebarrieta anaiak Bilboko Alde Zaharraren bihotzean sortu zirela, orain Unamuno plaza deitzen dioten horretan. Guk auzoan, nahiz eta plakarik ez egon, Etxebarrieta anaien plaza deitzen diogu.

I.G.: Gehiengoa Alde Zaharreko jendea gara edo bertan lan, bizi edo ibiltzen garenak behintzat, beraz, auzotik sortutako iniziatiba da. Gero jo dugu beste jende batengana, kontrasteak egin eta dokumentazio lanak egin ahal izateko.

Zein asmorekin sortu duzue memoria elkartea?

M.U.: Bilboko Alde Zaharra tabernaz eta komertzioz beteriko gunea da, baina hori baino gehiago, zazpi kaleetan pisu handiko gertakariak pasa izan dira: ELA sindikatuaren sorrera, Eguna euskarazko lehen aldizkariaren sorrera, edo gerturago etorrita, heroinarekin lotutako egoera larriek izan dute inpaktua auzoan.

I.G.: Iruditzen zitzaigun instituzioetatik edo medioetatik kontatzen ez zen historia hori kontatu behar zitzaiela auzotarrei eta auzora etortzen ziren bisitariei. Kezka horretatik sortu dugu elkartea.

Etxebarrieta anaien memoria nola iritsi da zuengana eta gaur egungo belaunaldietara?

I.G.: Josean eta Txabi beti izan dira erreferente auzoan, egin zuten ekarpen ideologiko-politikoagatik. Biek erabiltzen zituzten betaurrekoak errekurrenteak iruditu zitzaizkigun sinbolo gisa erabiltzeko. Lauaxetak erabili zituen betaurrekoen oihartzuna ere hor dago, eta guretzako errealitatea begiratzeko tresna dira, auzoan eta Euskal Herrian kontatu ez den historia hori kontatzeko.

M.U.: Azkeneko 60 urte hauetako ziklo politikoan, Etxebarrieta anaien ekarpenak, ikuspegi historiko batetik izugarrizko garrantzia du, eta neurri batean, urteotako historia baldintzatu du. Horren inguruko gogoeta egitea beharrezkoa iruditzen zaigu.

I.G.: Nire ustez, gaur egun komunikazio agentzia handiek esaten digute zer gogoratu eta nola gogoratu behar dugun. Auzoan azkeneko 50 urteetan, ekainaren 7 guztietan, eta apirilean Josean hil zeneko data guztietan, bi anaiak gogoratzeko ariketak egin izan dira. Bizirik egon da bien memoria.

Zein ekarpen egin zuen belaunaldi horrek?

M.U.: Euskal pizkunde matxinatua deitzen diot nik belaunaldi horri. Frankismoaren iluntasunetik, euskara, euskal kultura eta langile mugimendua azaleratu zuten. Uste dut, hori guztia gogoratzeko etengabeko ariketa bat egin behar dela, memoria berritzen joan behar dela, alde batetik, ahanzturan ez erortzeko, eta bestetik, gaur egungo egoera sozial eta politikoa ulertzeko lagungarri delako.

Txabi Etxebarrieta sinbolo bat da?

I.G.: Guk harrotasunez begiratzen diogu garai horri, ez bakarrik Txabiri. Lehenengo ikastolen sorrera, lehenengo euskaltegi klandestinoak, lehenengo konspirazio bilera horiek, fabriketan zegoen problematikak salatzeko egindako borrokak, lehenengo aldiz ikurrinak zintzilikatu zirenekoak...

M.U.: Argi ikusten genuen ekimenak ezin zuela figura baten goraipamen soilean geratu. Mahai baten bueltan bildu eta eztabaidatzeko baliatu nahi genuen urteurren borobila. Berpizkunde matxinada hori gogoratu nahi dugu, eremu kulturalean, sozialean eta politikoan haiek egindako lana guretzako legatu bat baita.

I.G.: Ez da, bakarrik, atzera begirako ariketa bat. Belaunaldi horrek utzi zuen giro politiko hori ulertzeak laguntzen du, gaur egun, Frankismoaren oinordekoek utzi diguten panorama hau ulertzen. Gaurkotasun handiko gaia dela iruditzen zaigu, eztabaida zentzuzkoa egiteko, ekarpen politiko positibo bat eta etorkizunari begirako ariketa egin ahal izateko.

Zein ekarpen egin diezaiokete bizikidetzari Etxebarrieta memoria elkartea bezalakoek?

I.G.: Zenbait elkartek errelatoen lehia horretan sartu nahi gaituzte baina gu ez gaude horretarako prest. Ezin gara joko horretan erori. Kontatzen ez dena ez da existitzen. Beraz, gertatu zena kontatzea dagokigu guri, asmo horrekin sortu dugu elkartea.

M.U.: Txabi 23 urte zituela hil zen eta bere belaunaldiko kideek, gaur egun, 70 urte inguru dituzte. Pertsona horiek gure artetik joaten direnean, historia guzti horiek dokumentatuta geratu behar dute. Gertakizunen inguruan nork, zerk eta nola kontatu zuen argitzea garrantzitsua da. Oraindik ere, gerra zibilean hildako pertsona horien inguruko lanketa egiten ari gara. Epe luzerako bide bat dugu egiteko, baita garai honi dagokionez ere.

Covite bezalako elkarteek jardun dute zuen kontra. Beldur zarete?

I.G.: Ez. Horrelako elkarteak garaile eta garaituaren guda horretan dabiltza. Mediatikoki oihartzuna dute, baina gurea elkarte memoristikoa da inolako posizionamendu politikoa goraipatzen ez duena. Beraiek beraien bidea egin dezatela eta guk gurea.

Ekainaren 2an Tolosan egingo diren ekitaldietan izango zarete?

I.G.: Bai, autobusak antolatu ditugu Bilbotik Tolosara joateko. Urtero komentatzen da Bentaundira joateko asmoa eta aurten gauzatuko dugu. Gero bazkaltzen geratuko gara.

Eta Bizkaian, ekainaren 7an, zein asmo duzue?

M.U.: Derion, Etxebarrieta familiaren hilobian, lore eskaintza bat egingo dugu goizean eta arratsaldean, San Antongo elizatik manifestazio bat abiatuko da Unamuno plaza deitzen zaion horretara. Hain zuzen, eliza horretan Claudio Gallastegi parrokoak Txabiren aldeko lehen meza eman zuen eta kanpoan zegoen jendearen kontra oldartu zen polizia. Gallastegiri salaketa eta isuna jarri zizkioten.

Memoria ariketa ez da Etxebarrieta anaietara bakarrik mugatuko.

M.U.: 1968-2018 Begirada bat askatasunera dinamika abiatu nahi dugu. Adibidez, ekainaren 14an BilboRock aretoan berpizkunde kulturalaren inguruan solasaldi berezi bat antolatu dugu, non Tasio Erkiziak, Xabier Amurizak edota Kattalin Minerrek hartuko duten parte, besteak beste. Gainera, dagoeneko agortuta dagoenez, Txalapartak Txabi Etxebarrietaren liburuaren berrargitalpena atera du eta hori ere aurkeztuko dugu.

I.G.: Elkartearen lehen ekimena Txabiren heriotzaren 50. urteurrena gogoratzea izango da. Baina elkarteak bere plangintzan baditu beste asmo batzuk. Ekainaren 16an, Bilboko Alde Zaharreko Gazte Eguna denez, bisita gidatu bat antolatu dugu, orduan betetzen direlako 80 urte tropa frankistak Atxuritik sartu zirela parte zaharrera. Irailetik aurrera, Alde Zaharretik oroimen tour modukoak egiteko asmoa dugu, gertakari historikoak gogoratzeko. Uztailaren 14an, berriz, Ovidio Ferreira egunkari saltzailea ere gogoratuko dugu, polizien tiroen ondorioz hil zen 1981en Barrenkale barrenan.

Erlazionatuak

Min (ia) guztiak hasi zirenekoa

Jon Miranda Labaien 2018 eka 01 Aduna   Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!