Joxe Gurrutxaga Tolosako alkate ohia hil da

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 30a, 11:53

Hamabi urtez alkate izan zen EA alderdiarekin, 1987tik 1999ra. 86 urte zituela hil da gaur, eta hileta elizkizuna bihar izango da, 19:00etan, Tolosako Santa Maria parrokian.

1932. urtean jaio zen, Tolosako Kale Nagusian. Eusko Alkartasuna alderdiko afiliatu izan zen urte luzez, eta hiru legealdi egin zituen Tolosako alkate gisa. Eudelen bigarren lehendakariorde ere izan zen.

1987ko ekainean hartu zuen alkatetza, Mirentxu Etxeberria (EAJ) ordezkatuz. 1999. urteko uztailera arte izan zen alkate, Antton Izagirrek (EH) kargua hartu zuen arte. Gerora zinegotzi gisa jarraitu zuen legealdi batez. EAtik Hamaikabat alderdia bereizi zenean 2009an, azken honen aldeko aukera egin zuen Gurrutxagak.

Frantsesen Bihotz Sakratuaren eskolan ikasi zuen Gurrutxagak, eta 14 urterekin utzi egin zuen lanean hasteko. Lehendabizi ebanista modura Garzesen, gero Oria kaldererian. Han egin zituen 44 urte. Urdiña Txiki elkarteko bazkide eta lehendakari izan zen, eta CITeko festa batzordeko lehendakari. Inauterizalea, karroza asko muntatzen aritu izan zen.

Politikan EAJren bitartez sartu zen. 1986an, EAJ zatitu eta EA sortu ondoren, azken honetan sartzea erabaki zuen. Horrela kontatu zuen Galtzaundi aldizkarian 2001ean eginiko elkarrizketan, nola bihurtu zen alkategai: "Juntako lehendakaria nintzen eta alkategaia bilatu behar genuen; pertsona ezaguna eta sektore desberdinekin harremana zuena bilatzen genuen. 24 tolosarri esan eta denek ezezkoa eman ziguten. Azkenean alderdiak niri esan zidan. Mirentxu Etxeberria aterako zela uste nuen eta zinegotzi bezala egongo nintzela, baina irabazi egin genuen".

Alkatetzan eman zituen hiru legealdietan, hainbat obra egin izana nabarmendu zuen: "Ibaiaren eskuinaldeko biala eta zubia, Olarraingo espaloia eta obra, Uzturpe eta Ilarramendi kiroldegiak, Berazubiko igerilekuak eta Artxiboa berritzea, epaitegia, suhiltzaileen parkea...". Hamabi urte horietan etxebizitza berri asko egin zirela gaineratu zuen: "Zabalarreta, Eskolapioak, Iurre, Arkaute, Amarotz, SAMeko txaletak, San Frantzisko... Obra bat pentsatu eta zuzenean hori egitera jotzen nuen". Satisfazio handiena eman zion obra "udaletxe berria apaizen Aburuza jauregiarekin osatzea" izan zen.

Alkate izandako hamabi urteetan bizitako momentu zailenak "hilketak gertatu direnean" izan zela azaldu zuen. "Tokatu zitzaidan okerrena Patxi Arratibelena izan zen, nire lagun handia zelako. Goena, Mikel Lopetegi eta Lasa-Zabalarena ere tokatu zitzaizkidan. Familiak ezagunak nituen eta Zabala bizilaguna nuen. Arazo larrienak politikarengatik izan dira. Bahiketak ere izan ditugu Tolosan nire garaian. Udaltzain bat ere hil zuten".

Parte hartu zuen azkeneko ekitaldi publikoetako bat, Tolosako alkate ohien mahai inguru bat izan zen, 2016an, Gogora institutuaren Memoriaren plaza erakusketa zela eta.

Erlazionatuak

Joxe Gurrutxagari buruz esandakoak

Tolosaldeko Ataria 2018 mai 30 Tolosa

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!