Joxe Gurrutxagari buruz esandakoak

Tolosaldeko Ataria 2018ko mai. 30a, 19:10

Joxe Gurrutxagaren heriotza dela eta, berarekin harremana izan zuten Tolosako hainbat politikarik esandakoa jaso dugu.

Mirentxu Etxeberria - Tolosako alkate ohia
"Joxe Gurrutxaga beti izan da nortasun  handi eta indartsukoa. Nire atzetik sartu zen udaletxean, eta beste lau urte bera alkate zela eta ni zinegotzi nintzela ezagutu nuen. Pertsona ona, oso ona, baina bere nortasunarekin; bere oroitzapen oso ona dut. Oso giro arraroan ezagutu ginen, PNVren zatiketa eta EA sortu zenekoa izan baitzen".

Antton Izagirre - Tolosako alkate ohia
"Nik zortzi urte egin nituen zinegotzi modura bera alkate zela, eta gero alkate izan nintzela bera zinegotzi moduan izan zen, beraz aukera asko izan genituen elkarrekin egoteko. Nik esango nuke Joxe Gurrutxaga ekintza gizona zela. Bere burua ez zuen politikotzat hartzen; bere ustez gutxiago hitz egin eta gehiago egin behar zen. Zuzenean hitz egiten zuen, eta berak pentsatzen zuena argi eta zuzen adierazten zuen, zeharbiderik gabe hitz egiten zuen. Zentzu horretan esango nuke oso gardena zela. Politikoki ikuspegi ezberdinetatik lan egin genuen, eta ere izan genituen gure aurrez aurrekoak ere. Bestalde, maila pertsonalean izan nuen tratuetan, ikuspegi politikoak alde batera utzita, elkarri errespetua transmititu genion".

Jose Ignacio Telleria - EAko zinegotzi ohia
"Egun tristea da niretzako. Badakigu jenio bizia zuela, ados, baina jenio biziarengatik egin genituen Tolosan gauza asko. Tolosa goitik behera aldatu zen, egia esan. Gehienak obrak izan ziren, nik hori ezagutzen nuelako, kultura arloan ez bainintzen ibili. Adibidez, kiroldegia Joxe Gurrutxagarekin onartu zen".

Onintza Lasa - EAko kidea
"Nik ezagutu nuenean zientzia politikoak ikasten ari nintzen, Gazte Abertzaleak-eko kide nintzen oraindik. Indar handiko eta pasio handiko gizona iruditzen zitzaidan. Herria oso maitea zuen eta gauzak egiten zituen, batzuentzat ondo eta besteentzat okerrago, baina benetan zinez egiten zituen. Oso zuzena zen, delikatua ez zen behintzat formatan, eta horrek ekartzen du askotan asmatzea, eta, besteetan, beste batzuentzat ez asmatzea. Behintzat gogoa jarri eta bere onena ematen zuen. Gero, egia da, gure ibilbide politikoan desberdindu egin ginela. Baina, nik uste, bakoitzari berea eman behar zaiola, eta indarra eta pasioa jarri ziola, eta berak bere onena eman ziola Tolosari".

Olatz Peon - Tolosako alkatea
"Joxe Gurrutxagak Tolosako udalgintzan aro garrantzitsu bat bete zuela uste dut. Urte asko izan zen Tolosako alkate, hiru legealditan. Ni ez nintzen garai berdinean egon berarekin udaletxean, baina dudan oroitzapena da transmititu zuen irudi gogorra. Horretan zerikusia izan zuen ziur aski urte gatazkatsuak izan zirelako bera alkate izan zenean. Oso herrikoia zen, elkartegintzan-eta aritzen zen. Nik izandako harreman pertsonala, alkate naizenetik eta zinegotzi izandakoan, oso ona izan zen".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!