Argazki historiko bat eta hamaika bizipen, memoriarantz

Itzea Urkizu Arsuaga 2016ko mar. 15a, 20:25

Irudian, Mirentxu Etxeberria, Joxe Gurrutxaga, Antton Izagirre, Jokin Bildarratz, Ibai Iriarte eta Iker Uson.

Gogora insitutuaren Memoriaren plaza erakusketak Tolosan egindako egonaldia alkate ohien hitzaldiarekin biribildu zuten, astelehenean.

Zertarako berreskuratu memoria? Galdera hori airera jaurtiz ekin zion, Iker Usonek, Memoriaren plazan antolaturiko Tolosako alkate ohien mahai inguruari. Argazki historikoa sortu zuten Mirentxu Etxeberriak, Joxe Gurrutxagak, Antton Izagirrek, Jokin Bildarratzek eta Ibai Iriartek, eta Olatz Peon egungo alkateak, berriz, behetik jarraitu zituen bere aitzindarien hitzak.

Guztiak ere, errealitate, bizipen eta -askotan iritzi desberdinen jabe dira. Baina, tamalez, Tolosako alkate ohi guztiek erreferentzia historiko berberak dituzte, herriko memoria eraikitzeko: asko.

«Tentsio handiko urteak izan ziren» Mirentxu Etxeberriarentzat eta «giro oso nahasikoak», berriz, Joxe Gurrutxagarentzat. Antton Izagirrek, aitortzarako ere baliatu zuen hitzordua: «Nire bizitzako lau urte gogorrenak izan ziren».

Hamarkaden lekuko

Denboran barrena egindako bidaia bat izan zen, hitzaldia, entzuleentzat. Garaiak garai, ordea, denek izan zituzten gogoan Joxean Lasa eta Joxi Zabala. Ibai Iriartek, pegatinetan baino ezagutu ez zituen bi tolosarrak, film baten aitzakian omentzeko aukera izan zuelako. Mirentxu Etxeberriak, haiek desagertu ziren gauean alkate zelako: «Benetako ezintasuna sentitu nuen familia haiei ezin lagunduta». Jokin Bildarratzek, aldiz, ikaskide izan zuen Joxi Zabala, eta baita haren arreba Mari Jose eta Arantxa Lasa bera ere. Hondarribiko aireportura eta San Blaseko hilerrira zuzendu zuen begirada, Antton Izagirrek.

Alkate izanadakoez gain, tolosar bakoitzak bere oroitzapen propioa eraiki du, Lasa eta Zabala kasuaren inguruan. Baina beste hamaika izen, abizen eta gertakarik ere bete zituzten alkate ohi bakoitzaren agintaldiak.

Bi bahiketa ezagutu zituen, Mirentxu Etxeberriak. Francisco Limousinena izan zen bata, eta Mirentxu Elosegirena, bestea; biak ere 1982an. Urtebete lehenago, berriz, hilketa bikoitza izan zen, Tolosan, San Joan egunean, bera alkate zela: «Iñaki Ibargutxi eta Juan Manuel Martinez Beti Alai jatetxean bazkaltzetik irten, eta autoan tirokatu zituzten».

Bide beretik, gogoan du urte nahasi haiek Tolosara ekarri zituzten atxiloketa masiboak eta beldurra. «Asko ikasi nuen alkate izanda eta, batez ere, horrelako gauzen aurrean hausnartzen lagundu dit».

Joxe Gurrutxaga izan zen Etxeberriaren lekukoa hartu zuena, eta «inork gutxik» ezagutzen duen testigantza batekin ekin zion hitzaldiari: «1979an, lau orduz bahituta egon nintzen, Zizurkilgo baserri batean, eta ihes egitea lortu nuen. Handik egun gutxira, berriz, lagun bat tiroz erail zuten, Villabona parean, errepide gaineko zubitik; egun batzuk lehenago, bi Guardia Zibilen hilketan ustez parte hartu izanagatik hil zuten».

Baina, norbere oroitzapenen kutxatik harago, Joxe Gurrutxagak ondo gogoan ditu alkate izan zeneko urteetan Tolosan gertaturikoak. Mikel Lopetegik espetxean bere burua urkatu zuenekoa aipatu zuen, lehenik, 1988an: «Guardia Zibilak deitu zidan, albistearen berri emanez. Hark ez zuen inor hil», azaldu zuen.

Gurrutxaga alkate eta Izagirre oposizioko zinegotzi zen, Mikel Lopetegi hil zenean. «Lehengusua nuen Mikel, eta gogoan dut Joxek Tolosako Udalaren izenean espetxera joaten utzi zidala, asko eskertu nion».

Juan Carlos Garcia Goenak, Patxi Arratibelek eta Francisco Gomez Elosegik bete zuten, besteak beste, Joxe Gurrutxagaren alkate urteetako agenda beltza.

Agendetatik geltokietara pasatu zen, Antton Izagirre, bere bizipenak plazaratzeko. Inoiz hitza beste edozeri gailentzen zaiola pentsatu izan badu,hori amari zor diola dio: «Irratia izaten zuen informazio iturri, eta biktima zein aldetakoa zen begiratu gabe, gogoan dut nola esaten zuen: 'Oain e badeu, latza gertatu da'. Enpatia adierazteko modu hori zuen berak, eta asko erakutsi zidan».

2016ra bitarte, geltokiz geltoki, itxaropen aldi batzuk argitu zuten bere kontakizuna: Argeleko elkarrizketek, Lizarra-Garaziko akordioak eta Aieteko konferentziak, kasu. Poz txikiena baino luzeagoa izan zen, ordea, Izagirrek arin irakurritako gertakari ilunen errenkada. Gregorio Ordoñez, Patxi Arratibel eta Francisco Gomez Elosegi, zinegotzi zela. Eta Miguel Angel Blanco, «arrakala handiegia».

Gogoan ditu, halaber, 1999an udalaren agintea hartu, eta Esteban Esteban Nietoren heriotzak sortutako tentsioa, nahiz Juan Mari Jauregiren erailketa: «Telefonoz jakin nuen berria, eta esan zidaten aurpegiko kolorea aldatu zitzaidala. Nire desadostasuna adierazi nuen orduan, eta aurkako iritzia aldarrikatu».

Ondo gogoan du, halaber, 2001. urteko Ostegun Gizena; Martuteneko enpresa baten atarian, auto batek eztanda egin eta Josu Leonet langile tolosarra harrapatu zuen. «Ezintasun ikaragarria sentitu nuen, eta benetan gogoangarria da herritarrek azaldu zuten babesa».

Horren ondotik, Euskaldunon Egunaria ixtea,tortura salaketak, ilegalizazio garaia, «beldurra». Iragana ezagutu eta aurrera begira jartzeko deia egin zuen, ordea, Izagirrek: «Bada garaia biktima guztiak guztionak izan daitezen».

Izagirrek kontaturiko hainbat une udaletik bertatik ezagutu zituen Jokin Bildarratzek ere, zinegotzi gisa. Patxi Arratibelen hilketa, adibidez, eta baita Juan Mari Jauregirena ere: «Ezkontza bat genuen eta Anttonek berak deitu zidan, berria emanez. Segituan Frontonera joan nintzen, eta udaleko alderdi guztiak elkartu ginen han».

Bere garapen pertsonalari lagundu dion familia bat aipatzekotan, ordea, Leonet-Tadeo familia nabarmendu zuen, estreinakoz, Bildarratzek: «Eskerrak jende askori eman behar dizkiot, noski, baina gogoan dut Ana Tadeoren amak, Maria Eugeniak, Oria hotelera deitu gintuela, eta familien errealitate gordina helarazi; fokoak eta albisteak bukatzen direnean, familia bakarrik geratzen dela, alegia. Arrazoi zuten, noski, eta horrek izugarri lagundu dit, gerora, hori guztia kudeatzen. Asko zor diet».

Horrela, garai berrien ataria alkatetzatik ezagutzeko aukera izan zuen Jokin Bildarratzek. Gogoan du, memoriaren egun batez, Tolosan terrorismoak eraildako biktimen omenez antolaturiko ekitaldia: «24 biktima ziren, alde guztietakoak, eta askorik ez zitzaien ondo iruditu biktima guztiak zaku berean sartzea. Baina benetan aberasgarria izan zen hura».

Familiak aipatuz ekindako esku hartzea, familiekin gogoratuz amaitu nahi izan zuen, Jokin Bildarratzek: «Hau guztia bukatuko da noizbait, baina familia horiek hor egongo dira».


Helduenek hasitako kontakizuna biribiltzea egokitu zitzaion gazteenari, Ibai Iriarteri. Beste belaunaldi batean jaiotakoa, baina aurrekoen bizipenetan bere iritziak eraikitakoa. «Ariketa zaila» suertatu zitzaion memoriaz hausnartzearena eta, ahalegin horretan, oso gogoan izan zuen Arturo San Vicente aitona: «Hark beti esaten zigun denekin hitz egiteko, gorrotorik ez izateko eta gerra batean guztiek galtzen zutela. Bere hitzak benetan baliagarri zaizkit orain».

Aro politiko berri baten lekuko zuzena da Iriarte, 2011ko maiatzean Bildu legezko zela jakin, eta erakunde publikoetan ordezkaritza berreskuratu baitzuten. ETAren su etena iritsi zen, udazken hartan bertan, eta itxaropen argiak pilatu, Euskal Herrian nahiz Tolosan.

Izpi horien pean, baina, «batzuek sagarra usteltzen utzi» dutela uste du «Alderdikeria edo alderdien hegemonia gailentzen da oraindik, eta iraganeko zekenkeriak bizirik dira».

Bide horretan, Tolosako Bizikidetza Foroa eredutzat azpimarratu zuen, eta udalek norabide horri ekin beharko lioketela uste du: «Gure agintaldiak utzitako arantza hori izan da: gaur hemen lortu duguna ezin lortu izana, Errenterian egin zuten moduan».

Iritzi, alderdi, begirada eta bizipen desberdinetatik abiatuta ere, hizlari guztiak bat etorri ziren euskal gizarteak memoriaren lehen harria baino ez duela jarri berrestean; helduekin, gazte nahiz haurrekin etorkizuna eraikitzeko prest dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!