Lurra eta itsasoa festa bakarrean

Josu Artutxa Dorronsoro 2018ko mai. 23a, 17:58

Udaleko ordezkariez gain, sagardotegileak, Txinparta elkartekoak eta Orioko parrilleroak izan dira aurkezpenean. JOSU ARTUTXA

Aurten ere, bisigu eta sagardoaren tenplu izango da Tolosa; bisita gidatuez gain, bertsoak entzun, antzerkiaz gozatu, sagardoak eta pintxoak dastatu edota dokumental bat ikusteko aukera egongo da. Bazkarietarako txartelak salgai daude jada Tolosaldea Tour turismo bulegoan.

Landako eremua izateaz utzi gabe ere, kostako giroa Tolosara hurbiltzear da. Urtero legez, ekaineko lehen asteburuarekin batera, Orio eta Tolosa herriek bat egingo dute, bisiguaren eta sagardoaren festa ospatzeko. Lehen, bisiguak soilik izaten zuen presentzia urteko ekitaldi nagusienetakoa den honetan, baina aurten, sagardoa gehituko diote. Lurra eta itsasoa, beraz, eskutik mahaira zerbitzatuko dira.

“Ekimen honek gure gastronomia balioan jartzea du helburu” esanez hasi du hitzaldia Olatz Peon Tolosako alkateak. Gastronomia eta natura, Tolosan eta eskualdean, “turismo alorrerako puntu estrategikoak” direla, eta gure errealitatea naturaltasun osoz ezagutzeko aukera da”. Sagardoak eta bisiguak hori biltzen dute: ohitura, natura eta lurraldetasuna, kostaldea eta barnealdea elkartzen ditugulako.

“Gure asmoa, bertako produktuak dastatzearekin batera, ezagutzera ematea da, baita kontsumitzeko ohiturak sustatzea ere”, azaldu du alkateak. Aurtengo gakoak, ordea, "ohitura hauek belaunaldi ezberdinetako jendeari zabaltzea eta profesionalengana iristeko urratsak ematea" direla azpimarratu du. Garapen ekonomikoaren ikuspegitik, berriz, esperientzia gastronomiko erakargarri bat sortzea da helburu nagusia.

Hori dela eta, horrek guztiak bat egingo du Tolosan, maiatzaren 29tik ekainaren 3ra bitarte antolatutako jarduera ezberdinen eskutik. Horrela, "goi-denboralditik aparteko bisitari kopurua areagotzea espero da" festak iraungo duen egunetan.

Lurretik: sagardoa

Lehen, arrantzaleak bisiguen bila joaten zirenean, itsasontzietan sagardoa eraman ohi zuten edari modura, ura barriketan txartu egiten zelako. Modu horretara, sagardoak ere presentzia izango du festa honen barruan. "Iaz, lehen aldiz ospatu zen Sagardofest ospakizuna, oso arrakastatsua suertatu zena. Horrek, aukera eman zigun sagardoaren bueltako bizitza eta ohiturak ezagutzeko", aipatu du alkateak.

Olatz Mitxelena, Gipuzkoako sagardogileen elkarteko kidearen hitzetan, "Tolosak eta sagardoak ukaezina den lotura bat dute". Iazko ediziotik "asko ikasi" dutela aitortuta, aurten bi festak uztartzea erabaki dute. Aurtengo edizioan, Tolosaldeko sagardogileen eskutik sagardoa dastatzeko aukera eskainiko diete bertaratzen diren guztiei. "Ez dut uste horrelako aukerez leku askotan goza daitekeenik", gaineratu du Mitxelenak.

Sagardoaren bueltan, gainera hainbat jarduera antolatu dira aurtengo festaren barruan: afari-maridajea, dantza emanaldia, Tolosako sagardoaren historia ezagutzeko bisita gidatuak, dastatze musikatuak eta dokumental bat ikusteko aukera. Aurten, berriz ere, sagardoaren bueltako ekintza guzti hauek bisiguaren festarekin egingo dute bat.

Itsasotik: bisigua

Aurtengoa, hamargarren edizioa izango bada ere, hiru urte beteko dira bisiguaren festa Zerkausira eraman zutenetik. Peonek, "Tolosan, parrilaren kulturak indar handia duela" nabarmendu nahi izan du, eta horrek, "Oriorekin harreman bat izatea ahalbideratu duela".  Bi herriak, parrilen munduan, "erreferente direla" azpimarratu nahi izan du alkateak.

Jose Migel Zendoia Katxiña jatetxeko parrilleroak, bestetik, eskerrak eman nahi izan dizkiete Tolosako Udalari eta Txinparta elkarteari. Gainera, bisiguei dagokienez, "aurten, gutxi ikusten direla esaten badute ere, Tolosari bisigurik ez zaiola faltako" aitortu du Zendoiak.

Bazkariko menuari buruz, Jose Mari Etxeberria, Txinparta elkarteko kideak hitz egin du. "Zerkausia bezalako marko paregabe honetan bazkari ederraz gozatzeko aukera izango dute bisitariek". Bazkarietarako sarrerak, Tolosaldea Tour turismo bulegoan daude salgai, eta salmenta erritmo onean badoa ere, "oraindik erosteko aukera" dagoela ohartarazi du.

Omenaldi xumea

Bisita gidatuak, larunbatean eta igandean izango dira, 11:00etan hasita. Helduek 6 euro ordaindu beharko dituzte, eta haurrek nahiz erretirodunek, berriz, 3 euro. Bisita horietarako erreserbak, aldez aurretik egitea eskatzen dute, 943697413 telefonora deituz edota tour@tolosaldea.eus helbidera idatziz.

Inaugurazio ekitaldia eguerdiko 12:00etan izango da, baina aurretik, Txinparta elkarteko kideek, Musika Bandako kide batzuen laguntzaz, bertako zuzendaria zen Luis Mari Garcia Artetxe eta bere anaia Joseja Garcia Artetxeri omenaldia egingo diete, "Tolosako musikaren alde egindako lanagatik".

Amaitzeko, ostegun iluntzeko afari-maridajea Txinparta elkartean izango dela gogorarazi nahi izan dute. 25 euro balioko du sarrerak, eta bertan ordaindu beharko da, aldez aurretik izena eman beharko delarik. Berezitasuna, "plater bakoitza sagardo mota ezberdin batekin zerbitzatzea" izango dela aipatu du Mitxelenak. Peonek, azkenik, eskerrak eman nahi izan dizkie lankidetza hau posible egin duten guztiei, eta batez ere, Tolosako nahiz Orioko parrilleroei, eta txinparta elkarteko kideei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!