Gazteburua, gazteen arazoak gizarteratzeko

Iñigo Terradillos 2018ko mai. 17a, 09:12

Ibai Julian Tolosako Gazte Asanbladako kidearekin gaur hasi eta larunbata bitarte izango den Gazteburuari buruz hitz egin dugu.

Askotariko ekitaldiak izango dira Plaza Berrian, gaur hasi eta larunbata bitarte, Tolosako Gazte Asanbladak antolatutako Gazteburuan.

Zer da Gazteburua?
Gazte Asanbladak duela lau urte abiarazi zuen ekimena da. Herriko gazteek pairatzen ditugun arazoak gizarteratzeko, eta egun batez behintzat aurre egiteko eguna da. Horretarako, gazteen arteko harremana sustatzea beharrezko ikusten genuen, eta asteburuan antolatu dugun bezalakoak egokiak dira horretarako. Bestalde, Gazte Asanbladak urtean zehar gorpuztu dituen proiektuak gizarteratzeko erreminta bezala erabiltzea ere jarri dugu helburu moduan. Proiektu komunikatiboa edota Suetenetik bertso taldeak, esaterako, beren lekua izango dute, eta horrela herritarrek ikusi ahalko dute Gazte Asanblada zertan ari den. Eta horrekin guztiarekin batera, ondo pasatzea ere, noski, helburu du Gazteburuak.

Nori zuzendua dago?
Herritar guztiak animatzen ditugu parte hartzera. Denetariko ekitaldiak daude, eta nahiz eta gazteok antolatutako espazioa izan, ez da soilik gazteentzat. Gazteok pairatzen ditugun arazo asko herritar helduagoek ere pairatzen dituzte, guztiontzako moduko edukia izango dugu, batik bat, zapalduak daudenentzako.

Kaleko Eskolan biltzen zarete Gazte Asanbladako kideak.
Bi ostiralez behin biltzen gara, Kale Nagusian dagoen Kaleko Eskolan. Hamabost lagun inguru biltzen gara batzarretan, eta proiektu desberdinetan jende gehiago dago. Kaleko Eskola zentro sozial moduan ikusten dugu, baina, Gaztetxearen aldeko borrokarekin aurrera jarraitzen dugu. Hain justu, proiektu bat dugu, eta lantalde bat horretan ari da.

[ELKARRIZKETA OSOA AUDIOAN]

Egutegia

Maiatzak 17, osteguna

18:30. Bertso saioa, Plaza Berriko karpan. Maialen Akizu, Peio Ormazabal, Maider Arregi eta German Urteaga bertsolariak ariko dira. Horrez gain, pintxo beganoak erosteko aukera izango da.

Maiatzak 18, ostirala

16:30. Las que fataban dokumentalaren proiekzioa eta tailerra.
19:00. Asanblada.
Ondoren. Afaltzeko bokata eta ostean, Peputz taldea.

Maiatzak 19, larunbata

10:00. Txupinazoa
10:30. Eztabaidagunearen aurkezpena eta kaleko eskalada txapelketa.
11:30. Gazte jokoak.
14:00. Bazkaria.
Ondoren. Suetenetik bertso taldea.
17:00. Eskalada finala eta arte urbano tailerra.
19:00. Txarangarekin kalejira.
21:00. Afaria.
22:00. Eztena, Hexen Die Frauenjadg eta Little Martin Selektah

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!