Tolosa CF Atletismo taldeko neskak, hirugarren Euskadiko kluben arteko txapelketan

Mikel Iraola 2018ko api. 16a, 10:33

Asteburuan Donostiako mini-estadioan Euskadiko kluben arteko kopa lehiatu du Tolosa CF Atletismo taldeak. Neskak podiumera igo dira, hirugarren eginda; mutilek, berriz, laugarren amaitu dute.

Harro egoteko moduan dira Tolosa CF Atletismo taldeko kideak. 35 atleta inguru izan ziren, larunbatean, Donostian, eta emaitza paregabeak lortu dituzte, beste behin ere, Euskadiko elkarteen arteko Kopan.

Emakumeek hirugarren postua erdietsi zuten, orotara 91 puntu bildu eta gero. Ez da podiumean amaitzen duten lehen aldia, baina balioa eman beharreko emaitza da, ezbairik gabe. Atletico San Sebastian izan zen garaile, 137 punturekin, eta Super Amara BAT sailkatu zen bigarren postuan 112 puntu pilatuta. Ozta ozta lortu zuten podiumera igotzea eskualdeko atletek, Durangoko Bidezabal taldeak Tolosak baino lau puntu gutxiago lortu baitzituen.

Tolosarrek 4x100 m. erreleboen lasterketan pilatu zuten puntu gehien. Ainhoa Gibelalde, Nora Ituarte, Ainara Lakuntza eta Maddi Lillok osatutako laukotea izan zen azkarrena, 50.20ko denbora eginda, eta 8 puntu eman zizkioten talde urdinari. 4x400 erreleboetan, berriz, bigarren egin zuten eskualdeko kirolariek, 4:07.19ko denborarekin: Ane Etxeberria, Maria Lasa, Maddi Perurena eta Izaro Perurenak osatu zuten taldea.

Bakarkako lanei dagokienez, 800 metroko eta 1.500 metroko probetan eta pisu jaurtiketan eskuratu zituzten emaitzarik onenak. 800 metrokoan, Izaro Perurenak bigarren egin zuen. Hain zuzen, Atletico San Sebastian taldeko Amaia Segurola tolosarra izan zen azkarrena. 1.500 metrokoan, berriz, Maria Lasa irurarrak lehen postua lortu zuen, irabazleari ia bost segundoko tartea aterata. Pisu jaurtiketan, Maria Felisa Nneguek bigarren postua lortu zuen, 11.21eko markarekin.

Gizonezkoek, berriz, laugarren amaitu zuten sailkapen nagusian, 89 puntu eskuratuta. Reala izan zen garaile, 137 punturekin; emakumeenean bezala, Super Amara BATek ere bigarren postua lortu zuen, eta Atletico San Sebastian izan zen hirugarren, 96 punturekin.

Bakarkako lanetan, 200, 400 eta 3.000 metroko lasterketetan lortu zituzten emaitzarik onenak, baita 110 hesietan ere, bigarren sailkatu baitziren proba horietan lehiatu zuten atletak. 200 metrokoan, Ander Urangak 22.04 egin zuen, Javier Mariscalen atzetik. Aitor Zabalak, 400 metrokoan, Ander Avila irabazlearengandik 23 ehunenekora amaitu zuen (50.74). Ander Ortiz ere bigarren izan zen 3.000 metrokoan 8:59.75eko denbora eginda. Julen Martinek, berriz, 16.16 egin zuen 110 hesietan, Realeko Igor Legardaren atzetik.

4x100 erreleboan, John Cabang, Joseba Larrauri, Ander Uranga eta Eneko Omeñakak osatutako laukotea hirugarren izan zen, 44.20ko marka eginda, Santurtzi eta Atleticoren atzetik. 4x400 metrokoan, Iker Epelde, Jon Ander Aurkia, Iñigo Puerta eta Aitor Zabala zazpigarren izan ziren (3:35.78).

Jarraian, emaitza guztiak:

  • 100 metro: Nora Ituarte, laugarren (12.83); Joseba Larrauri, hirugarren (11.44)
  • 200 metro: Maddi Lillo, hirugarren (26.53); Ander Uranga, bigarren (22.04)
  • 400 metro: Ane Etxeberria, bosgarren (1:02.10); Aitor Zabala, bigarren (50.74)
  • 800 metro: Izaro Perurena, bigarren (2:20.85); Unai Hernandez, bosgarren (2:04.38)
  • 1.500 metro: Maria Lasa, irabazle (4:33.00); Ander Etxeberria, zazpigarren (4:27.80)
  • 3.000 metro: Ibone Ezeizabarrena, zortzigarren (12:30.45); Ander Ortiz, bigarren (8:59.75)
  • 100 hesiak: Ainhoa Gibelalde, laugarren (16.11); Julen Martin, bigarren (16.16)
  • 400 hesiak: Libe Martinez de Rituerto, laugarren (1:09.33); Lander Gil, hirugarren (56.49)
  • 3.000 oztopoak: Iraitz Pikabea, seigarren (11:12.61)
  • Altuera-jauzia: Eunate Martinez de Rituerto, hirugarren (1.55); Andu Martinez de Rituerto, bosgarren (1.70)
  • Pertika-jauzia: Maddi Perurena, hirugarren (2.30); Iñigo Puerta, zazpigarren (2.20)
  • Luzera-jauzia: Mireia De la Parra, bosgarren (4.84); Alejandro Herrero, seigarren (5.60)
  • Salto hirukoitza: Maddi Galarza, zazpigarren (9.75); Patxi Elosegi, seigarren (12.30)
  • Pisu-jaurtiketa: Maria Felisa Nnegue, bigarren (11.21); Xabier Artieda, bosgarren (8.68)
  • Disko-jaurtiketa: Oihana Tolosa, zazpigarren (23.85); Aitor Arraiza, laugarren (33.44)
  • Mailu-jaurtiketa: June Yugeros, zazpigarren (16.11); Iker Epelde, seigarren (22.37)
  • Xabalina: Jone Agirrezabala, zortzigarren (18.18); Iker Garate, bosgarren (38.32)
  • 5.000 martxa: Naroa Gallego, bosgarren (33:46.10); Mario Estanga, bosgarren (34:22.36)

Sailkapen osatuak: Emakumezkoak | Gizonezkoak

Taldekako sailkapenak

Emakumeak

Gizonak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!