Emaitza historikoak lortu ditu Tolosa Atletismo taldeak kluben artekoan

Mikel Iraola 2015ko api. 28a, 16:58

Euskadiko Kluben arteko txapelketako podiumean amaitu dute Tolosako gizonezkoen, nahiz emakumezkoen taldeek; biek brontzezko garaikurra eskuratu dute.

"Sorpresa izan da guretzat. Ez genuen horrelakorik espero". Asteburuko lorpenen laburpena egitean Ivan Gallego entrenatzaileak TOLOSALDEKO ATARIA-ri esandakoak dira, pozik.

Ez da gutxiagorako, Tolosak txapelketa honetan inoiz lortu dituen emaitzarik onenak eskuratu baititu asteburu honetan: Euskadiko kluben arteko txapelketan hirugarren geratu da emakumezkoetan nahiz gizonezkoetan. Lan ona egiten ari da azkenaldian kluba, eta horren ondorio dira emaitza horiek. Ez dira kasualitatea.

Maila mantentzeko helburuarekin joan ziren tolosarrak larunbatean Donostiako Miniestadiora, hau da, kosta ala kosta, sailkapenean zortzigarren postuan amaitzea saihesteko asmoz. Ez zen lan erraza, nesken kasuan, adibidez, taldea osatzeko zailtasunak izan baitzituzten: "Atleta batzuk beren frogak ez direnetan parte hartu behar izan zuten, froga horietako puntuazioa hutsean gera ez zedin" dio Gallegok. Mutilak, aldiz, pasa den urtean lortu zuten lehen mailara igotzea.

Txapelketak aurrera egin ahala, ordea, emaitza onak iristen hasi ziren eta lehia estua izan zuten hainbat taldek. Azkenean, tolosarrek hirugarren postuari eutsi ahal izan zieten bi mailetan. "Neskek duela urte batzuk lortua zuten postu hori, baina mutilek orain arte lortutako posturik onena bostgarrena zen" azaldu du Gallegok.

Emaitzek poza eragin dute Tolosan, eta lanean jarraitzeko indarra eman dute: "Afari batekin ospatu genuen, baina umore horrek jarraitzen du. Egun hauetan entrenatzean nabaritu da, gogo asko dago". 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!