Tic-tac egiten du antzerkiak

Jon Miranda Labaien 2018ko mar. 4a, 21:13

Tolosako kultur etxeko antzerki tailerrak baditu 25 urte baino gehiago. 16 urte beteak edukitzea da baldintza bakarra bertan parte hartzeko. Elena Aranbarri (Tolosa, 1967) tailerreko irakaslearen esanetan, «garrantzitsua» da taldearen aniztasuna. «Denetarik izatea aberasgarria da».

Kide guztien parte hartzean oinarritzen da tailerra eta «sormena, komunikazioa eta solidaritatea» dituzte oinarri. Aranbarriren esanetan, pertsona gisa hasten dira saioetan antzerkia lantzen, «gu geu gara tresna eta alde batera uzten ditugu harrokeria eta harrotasuna».

Hain zuzen, norberaren ezagutza posible egiteko teknikak lantzen dituzte ikastaroaren lehen partean, urritik abendura bitartean. «Sormena, kontzentrazioa, kontrola, hitz egiteko beldurra galtzea dira lantzen ditugun aldeak». Metodologia teknika ezberdinak erabiltzen dituzte horretarako eta teoriko ezberdinek (Keith Johnstone edo Dario Fo) eskainitako ideiak praktikara eramaten dituzte asteroko saioetan. Urtero material diferentea prestatzen du Aranbarrik, eta aurten esaterako, maskarak landu dituzte: «Herri txikia da Tolosa eta ezinezkoa da ikasleak mailaka bereiztea, hortaz, hasi berria den bat eta esperientzia dezente duen bat egokitu daitezke talde berean. Guztientzako interesgarria den materiala prestatzen saiatzen naiz. Denak nahastuta elkarrekin egotea ere gauza polita da».
Ahotsa eta gorputza lantzen dituzte, besteak beste, abendura bitartean eta pilatutako materiala oso baliagarria zaio gero Aranbarriri ikasturte amaierako antzerki lana prestatzeko. Urtarriletik ekainera obra landu eta aktoreek pertsonaia ezberdinak prestatzeko baliatzen dituzte saioak.
Askatasuna da lantzen duten beste balioetako bat, eta talde lanari eta elkarrekiko errespetuari garrantzia ematen diote. «Beste ordutegi bat izaten dugu tailerraren bigarren partean eta agerraldi bakoitza entseatzen dugu. Gero, entsegu orokorrak egiten ditugu denok elkarrekin. Publikoaren aurrean egoteko prest egon behar du ikasleak eta esperientzi potentea da».
Era guztietako obrak taularatu dituzte aurreko urteetan eta aurten, klasiko bat hautatu dute; «erronka handia izango da guretzat». Federico Garcia Lorcaren Yerma eskainiko dute ekainaren 15ean Leidorren, 20:30etik aurrera. 26 pertsonek hartuko dute parte antzezlan horretan. Tic-Tac izena hartzen du antzerki tailerreko taldeak eta atzera kontaketa hasia dute, ekainera bitarteko obra prestatzeko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!