Zergatik eman duzu izena antzerki tailerrean?
Aurretik lantzen genuen antzerkia eskolan, seigarren maila arte, eta han ere Elena Aranbarri genuen irakasle. Gero lau urtez utzita eduki ondoren berriz ekin diot.
Zer eskaintzen dizu zuri antzerkiak?
Libre izateko toki bat da niretzat. Lotuta ez zauden eta libre adierazteko aukera ematen dizun espazioa bat da antzerkia.
Zenbatero etortzen zara antzerki tailerrera?
Astean behin etortzen naiz, astelehenetan. Orain, ekaineko antzezlana prestatzen ari garenez, agerraldi batzuk elkarrekin muntatzeko astean beste egunen batean etorri behar izaten dugu.
Tailerrean lantzen dituzuen tekniketatik zein duzu gustukoen?
Berriena egin zaidana izan da erlaxazioa. Kontzentratzeko eta erlaxatzeko teknikak dira; nik ez ditut behin ere praktikatu eta azkenean lagungarri egiten zaizkizu. Ez bakarrik antzerkian, egunerokotasunean baliagarri zaizkizun teknikak dira, oso urduri zabiltzanean adibidez.
Zein dohain ikusten dizkiozu zeure buruari aktore gisa?
Inprobisatzen ona naizela esan izan didate. Nahi dudana egiteko askatasun hori edukitzea da gustatzen zaidana.
Hori praktikatzeko aukera izan duzu tailerrean?
Ikastaroan zehar bai; orain, ikasturte amaierako obra prestatzen ari gara eta gidoi bat dugu eskuartean, horri lotuta egin behar izaten dugu lan.
Gerora aktore bezala lan egin nahi zenuke?
Orain batxilergoko lehenengo mailan nago. Beti eduki izan dut mundu artistikorako joera, baina oraindik goiz da. Bi urte geratzen zaizkit pentsatzeko, eta gauzak denbora horretan asko aldatzen dira.
Ez zara lotsatzen taula gainean.
Ez. Askotan urduriago jartzen naiz nire ikaskideen aurrean lan bat aurkeztu behar badut.
Gomendatuko zenioke jendeari antzerki tailerrean izen ematera?
Bai. Nik lotsa guztiak hemen kendu ditut. Elenarekin txikitatik egon naiz eta gauza asko erakutsi dizkit, ez bakarrik aktore izateko, bizitzarako baliagarriak zaizkidan baloreak ere transmititu dizkit.