Nola jakin zenuen antzerki tailerraren berri?
Kultur etxeko buletinaren bitartez banuen tailerraren berri eta beti ematen zidan atentzioa. Umetan, eskolan, zerbait egin nuen, eta behin heldu izanda, ahal izan nuenean aukera aprobetxatu eta izena eman nuen.
Zein izan zen zure motibazioa nagusia?
Beste pertsona baten lekuan jartzeak asko erakartzen nau. Oso lotsatia izan zaitezke baina bestearen larruan sartzerakoan erabat aldatzen zara. Nik hori oso gustuko dut.
Zer da gehien gustatu zaizuna ikasitakoaz?
Tailerrean gauza asko ikasten dira: ahotsa lantzen, arnasketa, erlaxazioa, gorputz espresioa, mimika... Hau niretzat hirugarren ikasturtea da eta urtero gauza ezberdinak landu ditugu, denak oso interesgarriak. Erlaxazio teknikak ere oso lagungarriak dira.
Gehiengoa emakumeak zarete.
Bai. Badaude gizonezkoak ere, baina gehiago gara emakumeak. Ez dakit zergatik ote den. Gizonei erreparo gehiago ematen die, lotsagatik edo. Jendeak pentsatzen du exhibizionismo ariketa bat dela egiten duguna, baina ez du horrekin zerikusirik. Garrantzitsuena pertsonatik pertsonaiara pasatzeko salto horretan dago. Zu ez zara zu. Hori da aberasgarriena.
Oso rol diferenteak antzeztu dituzu hiru urteotan?
Lehendabiziko urtean eskale baten papera neukan. Iaz, emakume dotore eta marilistilla baten larruan sartu nintzen eta aurten berriz garbitzailea naiz.
Zer esan dezakezu Elena Aranbarri zuen irakasleaz?
Ez dakit asko esatea ote den, baina nire ustez Elena Madrilen edo Bartzelonan egongo balitz askoz gehiago apreziatuko lukete. Iruditzen zait izugarrizko lana egiten duela eta bere irakasteko modu hori asko gustatzen zait.
Zer eman dizu zuri taula gainean jartzeko esperientziak?
Nire gustuz egiten dudan zerbait da. Nire eguneroko bizitzak ez du zerikusirik honekin eta tailerrean egiten dudanak betetzen nau. Lagunarte bat osatu dugu eta belaunaldi ezberdinen arteko harremana ere badago: zaharrenak 70 urte inguru izango ditu eta gazteenak 16. Guztion artean, oso giro ona sortzen da.