Festaren eta giroaren gainetik geratu dira, aurten, Tolosako inauterietako gertakariek eragindako kalteen lerroburua. Besteak beste, adin txikiko bat koma induzituan dago botilakada bat jaso izanagatik, eta beste gazte bati ere aurpegian kolpe bat eman zioten botila batekin. Kontuak horrela, Christian Fernandez Tolosako Udaleko PSE-EEko ordezkariak "kezka" azaldu nahi izan du, gertakariak salatzearekin batera.
Gogora ekarri nahi izan du, Tolosako Udaltzaingoak 20 pertsona identifikatu dituztela inauteriotan, liskar edo istiluekin lotuta: "Gertakari horien aurrean kezka baino ezin dugu azaldu, ez baitira liskar isolatuak: pixkana-pixkana, Tolosako inauterien degradazioa eragiten ari dira. Aurten, badirudi argi gorria piztu dela, baina badira, jada, hiruzpalau urte, gertakari larriak suertatzen hasi zirenez geroztik. Hori moztu egin behar da", azaldu du.
Bide horretan, 2018ko inauterien balantzea "ezin negatiboagoa" dela nabarmendu nahi izan du Fernandezek eta, "alerta jo nahi ez" duten arren, hurrengo urtera begira jarri da udal ordezkaria: "Gure ustez, garaia da 2019ko inauterietako segurtasunari begira jarri eta lanean hasteko, Tolosako inauterien izen ona berreskuratze aldera".
Horri, kaleko zikinkeria "gehiegizkoa" ere gaineratu dio Tolosako PSE-EEk, azalduz, "kalean sekulako zaborra eta zikinkeria pilatu" dela, eta "pixa usaina jasanezina" izan dela puntu jakin zenbaitetan. Pankartak ezartzea ere salatu du Fernandezek: "Pankartak ugaritu egin dira, eta bandalismoak ere gora egin du, elkarbizitza arauen aurkako jarreren bitartez".
Sei eguneko jaiak erkidegoko inauteri "ezagunenak" direla zehaztuta, dena den, tolosarrak zoriontzeko tarte bat ere hartu du: "Tolosarrok festa errepikaezin bat osatzen dugu egun horietan, eta inauterietan baketsu eta eredugarri jardun duten herritarrak zoriondu nahi ditut".