Ostegun Gizen gauean botila kolpe bat jasota, adin txikiko bat koman

Tolosaldeko Ataria 2018ko otsailaren 15a

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak aditzera eman duenez, lau pertsonak parte hartu zuten erasoan, eta aske geratu dira momentuz; adin txikikoa Donostia Ospitalean dago.

Ostegunetik ostiralerako gauean, adin txikiko gizonezko batek botila kolpe bat jaso zuen buruan. Induzitutako koman dago orain, buru-hezurra puskatuta. Erasotzaileak –bi emakume eta bi gizon– joan den igandean identifikatu eta atxilotu zituzten, eta aske geratu ziren, kargupean, epailearen aurretik pasatu eta gero. Orain, hamabost egunez behin pasatu beharko dute epaitegitik.

Segurtasun Sailak azaldu du gertakaria Tolosako Rondilla kaleko taberna baten barruan hasi zela, eta atarian amaitu zela, adin txikikoari botilakada emanez. Antza, gaztea bere kabuz etxera bueltatzeko gai izan zen, baina egoerak okerrera egin, eta ospitalera eraman behar izan zuten. Garezurra puskatua du, eta induzitutako koman dago. Erasotzaileen zigorrean eragina izango du gaztearen egoeraren garapenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!