Arauak anabasari

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko ots. 7a, 07:59

Kaosaren gorazarrea dira inauteriak eta, festak askatasunez bizitzeko sortuak badira ere, inauteriak behar du pixka bat, bizikidetzatik; udala eta karrozetako ordezkariak horretan dihardute.

Zezenaren aurretik korrika, saltoka, gurasoen bizkar gainetik, dantzan edo gurpil gainean bizi daitezke Tolosako inauteriak, inauterizale bakoitzaren rolaren arabera. Badira mozorro zarpailtsuekin esketx zoragarriak sortzeko gaitasuna dutenak eta, beste batzuek, aldiz, urte hasierako ordu, esfortzu eta euro ia denak baliatzen dituzte, artelanak ekoizteko. Nork bere inauteria bizi du, bai, eta inauteria inauterizale guztiengan bizi da. Baina, non dago inauterietako elkarbizitza?

Karroza eta konpartsek urteak daramatzate, jada, iritzi eta ikuspuntu talkak sortuz, eta gozamenerako egunak, sarri, eztabaida bilakatzen dira, Tolosako inauteriei begiratzeko moduak tarteko. Bolumen altuegia dela, masifikazioa sortzen dela, Tolosako benetako inauteria galtzen ari dela, kaleak mundu guztiarena behar duela izan.

Tolosarren arteko ika-mika eta kexuekin batera, gainera, Tolosako Udalak karroza eta konpartsen kopuru igoera bideratzeko hainbat erabaki hartu izan ditu azken urteotan. Horrela, inauterien atariak izan du, aurten, ere, polemika kutsurik.

Ferialekua betidanik izan da karrozen aterpea, baina espazio berrien bila, Hurton eta Deltan prestatu izan dituzte, azken urteotan, karrozarik handienak. Azken pabiloi hark su hartu zuen iaz, eta karrozetako ordezkariei ere piztu zitzaien txinparta, ezbeharra eta 2017ko inauterietako isunak tarteko.

Eragozpena konpontze aldera, udalak Bellota pabiloia alokatu zuen urte amaieran eta, arautegia zorrozteko helburuz, aseguru bana ordaintzera behartu dituzte karroza handienak, pabiloiari edozer gertatuta ere, iazko egoera errepika ez dadin.

Inauteri goiztiarrak, erabaki berriak eta lanak gain harturik, zenbait karrozak planto egiteko asmoa iragarri zieten udal ordezkariei. Hala ere, elkarrizketaren bidetik iritsi dira adostasun batera, eta karroza handienetako ordezkariek pauso garrantzitsua eman dute, datozen urteetako inauterietara begira: Tolosako Karrozak elkartea sortu dute, kolektibo gisa funtzionatu eta inauterien antolakuntzan efizientzia handiagoa izateko.

Besteak beste, diru laguntzak kudeatzeaz, txarangekin negoziatzeaz, eta inauterietan sor daitezkeen arazoak konpontzeaz arduratuko da elkartea. Gainera, beren jardunari seriotasun eta zilegitasun handiagoa ere eman nahi izan diote.

IBILBIDE BERRIA

Aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat karrozen ibilbide berriarena izango da. Orain arte San Frantzisko eta Rondilla kaleak hartzen zituzten karrozek, Oria kalea, Nafarroa etorbidea eta Foruen etorbidea ere izango dituzte orain.

Modu horretan, karrozen arteko distantzia handitzea 30 metro eta masifikazioak saihestea lortu nahi dute. Udalak, bere aldetik, Trianguloa plazako pilaketen aurkako neurriak hartuko ditu, konpartsa txikiak 10 metroko tarteak mantentzera behartuz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!