Usabal Kiroldegiko belar artifiziala aldatzea «lehentasuna» dela dio PSEk

Tolosaldeko Ataria 2018ko urt. 26a, 10:45

Usabal Kiroldegia handitzeko azken fasearen lerro nagusiak bilduko dituen txosten tekniko bat osatuko du Tolosako Udalak, kirol elkarteekin elkarlanean. Horrela jakinarazi du Cristian Fernandez kirol zinegotziak.

Lehen proiektuan aurreikusitakoaren arabera, Usabalgo hirugarren fasean estali gabeko tenis eta padel pistak, edota pilotaleku bat ziren egitekoak. Tartean, ordea, Berazubi berritzeko aukera sortu zen, eta horrek asmoak aldatu zituela nabarmendu du Fernandezek. Hori dela eta, oraindik urbanizatu gabeko lursailetan zein inbertsio egin berraztertuko du udalak.

Lanketaren hasiera noiz izango den, ordea, ez dago garbi. EH Bilduk, esaterako, 2018ko udal aurrekontuan Usabalgo 3. fase hau martxan jartzeko eskatu zuen, egin beharreko proiektuak parte-hartze bidezko prozesu batean erabakitzea proposatuz.

Fernandezen esanetan, baina, Alderdi Sozialistak hartu du txosten horren lehentasunak markatzeko ardura, eta kirol eragileekin bildu eta gero emango zaio hasiera prozesu guztiari.

Bien bitartean, hainbat aukera ditu eskuartean PSEk: Bike Trial-eko eta skate park-eko espazioen hobekuntza eta handitzea da horietako bat. Garrantzitsuena, baina, belar artifizialaren aldaketa da: "Erabateko lehentasuna duela uste dugu eta udaleko gainerako alderdiek ere horrela hartzea gustatuko litzaiguke. Normalean 10 urte irauten du belar mota honek, eta bere funtzioa dagoeneko betea du orain artekoak. Erabat degradatuta dago eta erabiltzaileen eskari nagusienetako bat da", azaldu du Fernandezek. Aldaketa denboraldiaren amaieran egitea da sozialisten proposamena, kirol taldeen jarduna ez oztopatzeko.

Mantenu lana ere garrantzitsua dela nabarmendu dute sozialistek: "Berazubiko kiroldegi zaharra eta Igarondo guztiz degradatu ziren ez zelako inbertsiorik egin haien mantenuan. Orain, mantenu egokia eta inbertsio txikiak egiten jarraitzea beharrezkoa da, iraganean egindako akatsak ez errepikatzeko. Usabal Kiroldegia Euskadiko onenetakoa da eta horrela izaten jarraitzea da gure lana", gaineratu du Oscar Renedo zinegotzi ohiak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!