Fronton jatetxeko eta Gernikako Arbolako obrek hartuko dute 2018a

Itzea Urkizu Arsuaga 2018ko urt. 2a, 16:34

Tolosako Udalak 25.182.000 euroko aurrekontua onartu zuen abenduko ohiko osoko bilkuran; zatirik handiena obretara eta hirigintza zerbitzuetara bideratu dute

Tolosako Udalak 25,18 milioi euroko aurrekontua izango du, hasi berria den urtea antolatu eta aurreikusitako proiektuak garatzeko. Joan den astean onartu zuten proposamena, udal gobernuko EAJ eta PSE-EEren botoekin eta, iazko aurrekontuarekin alderatuta, %1,5ekoa izan da igoera. Horrela, bi esku-hartze nagusik markatuko dute 2018. urtea, besteak beste: Fronton jatetxeko eraberritze lanek eta Gernikako Arbolako urbanizatzearen bigarren faseak.

Oposizioko EH Bilduko zinegotziek plenoaren aurretik iragarri bezala, aurrekontu proposamenaren emendakina aurkeztu zuten, argudiatuz, «planifikatu gabeko aurrekontuak» onartuko zituela udalak. Haien arabera, kreditu aldaketen bitartez lan egitea «desegokia» da, eta mugimendu ekonomiko ia denak aurrekontuan islatzea babestu zuten emendakinean. Udalbatzak, ordea, ez zuen ekarpena onartu.

Olatz Peon alkateak azpimarratu zuen, 2018ari begira osatutako aurrekontuak bi zutabe nagusi izan dituzte: «Gizarte zerbitzuak eta garapen ekonomikoa daude oinarrian. Zuhurtziaz osatu dute aurrekontua, eta egungo errealitateari erantzuten nahiz etorkizunari begiratzen saiatu gara».

25,1 milioi euroak hiru iturritatik bilduko ditu udalak: 13,9 milioi euro diru-laguntzetatik; 11,1 milioi euro zerga eta tasetatik; 124.000 euro inbertsioetako sarreretatik.

Gastu gehienak, berriz, zerbitzu eta gastu arruntetatik sortuko zaizkio udalari – 9,2 milioi euro–, eta pertsonalera –8,3 milioi euro–, diru-laguntzetara – 4,3 milioi euro–, inbertsioetara –2,1 milioi euro– eta finantza kargara –1,1 milioi euro– bideratuko dute aurrekontuaren gainerako zatia.

Obra urtea

Orain arte Fronton jatetxea hartu duen lokalaren esleipena amaitu berri denean, Tolosako Udalak azpiegitura eraberritzea erabaki du, batez ere, irisgarritasuna hobetzeko. Horrela, 575.000 euroko inbertsioa baliatuko dute teilatua berritzeko, aurrealdea konpontzeko, igogailua jartzeko eta irisgarritasuna hobetzeko.

Bide beretik, Gernikako Arbolako urbanizatzearen bigarren faseari helduko ditu udalak, urte berriarekin. Zehazki, Beotibar pilotalekuaren eta anbulatorioaren arteko eremuan egingo dute esku-hartzea eta, guztira, 600.000 euro baliatu dituzte obra proiektua, zuzendaritza nahiz obraren gauzatzea egin ahal izateko.


Batzuekin jarraitu, beste batzuei ekin

Begoña Tolosa ogasun zinegotziak eman zituen, bilkura, 2018ko aurrekontuaren inguruko argibide guztiak. Horrela, inbertsio nagusiak xehatu eta gero, 2017an abiarazi eta jarraipena izango duten proiektuak izan zituen hizpide.

Batetik, haur parkea mantentzeko eta bertan berrikuntzak egiteko 61.000 euro bideratuko dituzte, eta Olarrain auzoan eskailerak eta arrapala berrituko dituzte – 50.000 euro–. Amarozko Auzoetxe atariko estalperako, berriz, ideia lehiaketa antolatuko dute, prozesura 60.000 euro bideratuz.

Iurreamendi pasealekura ere iritsiko dira obrak, eta ibaiaren bide jarraitzen duten zatia konponduko dute, espaloia puskatuta baitago. Zuloaga auzoan barandak berrituko dituzte, eta San Blasen, berriz, baselizatik kanposanturainoko bidea osorik eraberrituko dute, Garbigunerako errepidea baldintza egokietan uzteko.

Mantenu lanekin jarraituz, Usabal kiroldegiko, Paper eskolako eta Belateko markesinetan esku-hartze txiki zenbait egingo dituzte, autobusen geralekuak egokitzeko, eta Barrena kaleko pasabidea ere zabaldu nahi du udalak, suhiltzaileek Plaza Berrira, Errementari kalera nahiz Aroztegieta kalera sarbidea izan dezaten.

Asmo berriekin batera, urte berriak proiektu berriak ere hartuko ditu. Sail horretan jorratuko dituzte, esaterako, San Esteban auzoko obrak: bizilagunekin hitz egin eta gero, bidea asfaltatzea, espaloiak berritzea, etxe atariak konpontzea eta argiteria berritzea da udalaren asmoa, 60.000 euro baliatuz. Halaber, 75.000 euro bideratuko dituzte landa auzoetako beharrei erantzuteko, eta Samaniego ikastetxeko teilatuaren 1. faseari ere ekingo diote –60.000 euro–. Iturriza jauregia udalaren jabetzara pasatu ahal izateko azken ordainketa ere 2018an egingo du udalak, eta 139.100 euro horiek ordaindu beharko dituzte.

Azkenik, Elkargune zerbitzua martxan jarriko du Tolosako Udalak, Gorosabel eraikinean, 35.100 euro baliatuz. Begoña Tolosak azpimarratu zuenez, «inbertsio xumea da, baina zerbitzua izugarria». Izan ere, Elkargunearen helburua da, banandutako gurasoei toki neutral bat eskaintzea, seme-alaben bisita eskubideetako zailtasunei aurre egin eta bertan elkartu ahal izateko.

Egin nahi dituztenei begira

Tolosako Udalak aurrekontuko 2.147.436 euro baliatuko ditu inbertsioetarako, eta epe laburrean martxan jarri nahi dituzten proiektuak prestatzeko ere gorde dituzte hainbat diru poltsa.

Horrela, aipaturikoez gain, Tolosako Udalak 2018. urtean garatuko ditu San Esteban auzoko azterketa (60.000 euro), Rondilla edo Gorosabel kaleko aurreproiektua (25.000 euro), Laskorain kaleko aurreproiektua (6.000 euro), Soldadu kaleko eraberritze proiektuaren eguneratzea (10.000 euro), kale garbitasunaz sentsibilizatzeko kanpaina (30.000 euro), bide publikoen azterketa (18.000 euro) zein udaletxeko klimatizazio sistemaren proiektua (30.000 euro).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!