"Udalaren egunerokoa islatzen duen aurrekontu proposamena" egin du EH Bilduk

Itzea Urkizu Arsuaga 2017ko abe. 19a, 17:57

Oposizioak zenbait konpromiso eta inbertsio proposatu dizkio udal gobernuari, datorren abenduaren 27ko plenoari begira.

Urte amaierak hurrengoaren hasiera antolatzea eskatzen du, eta udalek aurrekontuak prestatzen dihardute, egunotan, buru-belarri. Tolosako Udalak datorren abenduaren 27an onartuko du 2018ari begirako antolakuntza ekonomikoa eta, hitzorduaren aurretik, oposizioko alderdi nagusiak bere proposamen propioa plazaratu du. Lore Agirre eta Inaki Irazabalbeitiak eman dituzte datuak, azalduz, "aurrekontuak udalaren eguneroko errealitatea islatu behar" duela.

Udal taldearen iritziz, beren iritzia aintzat hartu beharko luke udal gobernuak, "udalbatzan pisua duen alderdia" direla iritzita: "Hala ere, nahiz eta gure proposamena onartu, badakigu aurrekontuok ez direla guk egingo genituzkeenak izango. Ez diote eztabaidari lekurik uzten".

Bide horretan, berebiziko garrantzia eman diote enplegu programak dakartzan sarrera eta gastua (280.000 euro), nahiz udaleko langileen soldata igoera (%1,5) aurrekontuan txertatzea: "Zilegi da hori kreditu aldaketa eta kreditu gehikuntzen bitartez egitea baina, horrela funtzionatuz gero, aurrekontuak ez du errealitatea islatzen, eta nolabaiteko desoreka sortzen du".

Behin proposamen hori eginda, oposizioak zenbait konpromiso hartzea proposatu die udal gobernuko EAJ eta PSE-EE kideei. Horien bitartez, 2018an barrena egin beharreko esku-hartzeak aurrez zehaztu nahi ditu EH Bilduk: "Iaz, aurrekontuak onartzean, zenbait konpromiso hartu zituen udal gobernuak, baina hitzak haizeak eramaten ditu. Aurten ere konpromiso zenbait onartzea proposatu nahi dugu".

 

Sei konpromiso zehatz

Batetik, San Esteban auzoa berritzeko egutegi bat zehaztu nahi du EH Bilduk: "Ezin da gehiago itxaron eta, azterketa bat egin eta gero, 2018ko maiatzean auzoa eraberritzen hasi beharko litzatekeela uste dugu", azaldu du Lore Agirrek.

Era berean, Olarrain auzoan biribilgune bat egitea proposatu du EH Bilduk, Azpeitira joateko bidegurutzean. Azaldu dute udalak ez duela lan horien gaineko eskumenik, "baina kudeaketa lanak egin ditzake, 2019an Gipuzkoako Foru Aldundia biribilgune hori egiten has dadin". Herriko sarrera nagusietako bat den aldetik, bitartez, Tolosako Udalak sarbidea apaindu eta oinezkoen ziurtasuna bermatzeko esku-hartzea egin beharko lukeela uste du EH Bilduk, aurrekontuan horretara 60.000 euro bideratuz.

Etxebizitza politikei begira ere jarri da oposizioa, 2015ean beraiek abiarazitako alokairu esleipenaren programa gogora ekarriz. Lehenengo, programa hori berriro martxan jartzea galdegin dute, 42.000 euroko diru poltsa baliatuz. Gero, bi ikerketa egiteko beharra ikusten dute: Tolosako etxebizitza hutsen egoerari buruzko azterketa (60.000 euro) eta benetako etxebizitza beharrak ezagutu ahal izateko ikerketa (18.000 euro).

Irisgarritasun arazoak konpontze aldera, erdiguneko tren geltokian –Apeaderoan– egin beharreko obrak egitea "ezinbestekotzat" jo du oposizioko alderdiak: "Dagokionarekin hitz egin beharra dagoela uste dugu eta, beharko balitz, Tolosako Udalak inbertsioa aurreratzea".

2018aren atarian, EH Bildu Usabal kiroldegian egitekoak diren hirugarren faseari begira ere jarri da. Horrela, oposizioko udal taldeak uste du, parte hartze prozesu bat jarri beharko litzatekeela martxan, "Tolosak eta Tolosaldeak dituzten kirol-beharrak ezagutu, eta horiei erantzuteko instalakuntzak sortzeko".

Azkenik, Alde Zaharreko RC2 gunea –Laborde-Labaien– berritzeko premiari ere lehentasuna eman nahi diote, eta horretarako diru-poltsa bat zehaztea proposatu dute.

Inbertsioak, azpiegiturei begira

Hiru inbertsio-bide proposatu ditu, EH Bilduk, 2018. urterako. Elosegi parkeko desjabetzea ordainduta, "parkea herriarena" dela azpimarratu dute: "Egoki deritzogu, parkea herritarrentzat egokitzeko 100.000 euro bideratzeari; horrela, espazioa ireki eta erabili ahal izango dugu tolosarrok".

Bide beretik, Uzturpe pilotalekuko teilatua konpontzeko beharraz ohartarazi dute, eta 60.000 euroko diru poltsa bideratuko lukete horretara.

Azkenik, Tolosako Udalak 2017an abiarazitako eraikin publikoen azterketari zukua ateratzea proposatu du EH Bilduk: "Emaitzak segituan izango ditugu esku artean eta, beraz, azterketak emandakoaren gainean inbertsioak egin behar dira".

Bide horretan, Letxuga eta Solana kaleen arteko pasabidea irekitzeko helburuz, Txokolatearen museoa Iturriza jauregira lekualdatu liteke, oposizioaren iritziz. Guadalupeko Sebendenea eraikina, berriz, musika taldeen entsegu lokalak egokituko lituzte oposizioak. Halaber, kultur etxea eraberritzeko premian dagoela azaldu dute, eta turismo bulegoa ere leku-aldatuko lukete: "Gero eta datu hobeak ditugu turismoari dagokionez, baina erreferentzia gune bat beharrezko ikusten dugu, datu horiek hobetzen jarraitzeko".

Nazioa, euskara eta gizartea

Tolosako egunerokori hertsiki loturiko diru poltsak eta inbertsioak aurreikustearekin batera, Tolosako EH Bilduk beste hiru helburutara aurrekontua bideratzea ere proposatu dio udal gobernuari: Udalbiltzari 15.000 euroko ekarpena egitea, merkataritza euskalduntzeko Erosi Euskaraz kanpainara 12.000 euro bideratzea eta, azkenik, landa auzoetara gizarte zerbitzuak zabaltzeko 30.000 euro baliatzea: "Beharra ikusten ari gara azken urteotan".

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!