[GUTUNA] Etorkizuneko abeletxeak

Xabier Goikoetxea Zuriarrain 2017ko abenduaren 18a

Jon Ander Galarragari zuzendua. 2017/11/18an Atarian idatzitakoa irakurri eta gero, aztoratu egin ninuan, alperrik aukeran baino. Jon Ander, gauza batean bakarrik gaudek ados, etorkizunean baserriak eta ustiaketa moduak asko aldatuko ditukela, zenbateraino? Ez zekiat, baina nire iritzia emango diat.  

Hasteko zenbait azalpen emateko lizentzia hartuko diat. Behiak ernari gelditzen dituk eta haurdun berriz, emakumeak. Ugaztunok esnea emateko haurdun/ernari egon beharrik ez zeukeagu, ezinbestekoa diagu erditzea. Joño! Esango duk, eta aurretik haurdun edo ernari. Bai baina jaio berririk ez bazegok, esnerik ere ez. Hire iritzi artikulurako argazkia ez zekiat hik aukeratu huan edo bestela jarri zitekean, baina ondo begiratzen baduk zertaz ohartuko haiz; Bat, behiak handiak ditukela. Noski, 40 litro ingurutako esne putzu horiek emateko “makinarie” ezin dik nola nahikoa izan. Belarra zein pentsuak jan, eraldatu, eta esne bilakatu ahal izateko. Bi, “atleta” baten gorputza ditekela. Tximelak eta era berean sendoak, errape handiari eutsi, ibili, jan, etzan, salto, korri, nagie atera…. etab. egin ahal izateko, alegia, bizitzeko. Hik irudikatzen deken esne behi hori, inoiz baduk, ez behi eta ez belar jalea ez dek izango.

Hegaztiak berriz, txerriak eta gizakiak bezala orojaleak dituk eta detaile honek soilik, sekulako ezberdintasuna izan dek hauen ustiaketa motak diseinatzeko garaian. Gaur egun ere, hegazti zein txerri ustialekuen teknifikazio maila ikaragarrie duk. Oinarrizko lanak, alegia, jaten ematea, edaten ematea, garbitzea, ekoizpena jasotzea, “erraz” mekanizatu zitezkek eta horren ondorioz, pabiloiak eraiki hituan eta hegazti zein txerriaz bete. Hauen ugalkortasunak ere behiekin ez zeukatek zer ikusirik, beraien ezaugarriengatik, gehiago eta azkarrago ugaltzeko modua zeukatek, ondorioz, hobekuntza genetikoa ere abiadura berberean zihoak. Baina hemen ere hik irudikatzen dituken animaliak ezinezkoak dituk, zeren, nor bere buruaren jabe ez dituken animaliarik, ez zaiok ekoizleari interesatzen. Eta arrazoia oso xinplea duk, lana. Menpekotasunak lana besterik ez dik, eta edozein ustialeku diseinatzen duken garaian, lana ahalik eta gehien erraztea duk helburua. Adibide bat jarriko diat. Belgikan baduk haragitarako behi arraza bat, “txuri urdin Belgiarra” (Blanc Bleu belge). Erabat Donostiarra ematen duen behi honek, edozein baserritar zein harakinaren ametsak betetzen dizkik. Hezur finekoak, haragi “pelota” erraldoiak ematen ditek. Baina nola izango dituken gauzak, munduan zehar ez dituk zabaldu ez bada gurutzatzeko helburuarekin, eta horretarako ere gutxi. Zergatik? Behiak bakarrik erditzeko gai ez ditukelako, zesarea dek nagusi. Esne gutxi ditek txahalarentzako eta zelaietan ibiltzeko hobeak dituk aldapatarako baino. Ondorioz, baserritarrak arraza hau ez dik aukeratzen gurutzatzeko ez bada, menpekotasuna, lana, gastua eta buruko mina besterik ematen dizkikelako.

Nire uste apalean, etorkizunera begira daudenak ez ditek “munstroak” sortzeko helburua, baizik eta hauek ordezkatu nahian ari dituk. Uste diat, hik irudikatzen dituken animaliak baino lehenago ikusiko dizkiagula haragi edo esne “sintetikoak”.

Eta txapa hau bota eta gero, birlobaren “pelikulea” nik nola ikusten diaten azalduko diat:

  • Aitona, gaur eskolatik atera eta museo “nografiko” batean izan gara, Kriston argazki pila arraro eta pelikula batzuk ikusi ditugu. Argazkietan, Olentzero bezala jantzita zeuden pertsonak ageri ziren. Museoko gidariak esan digu gizon gaiztoak zirela, animaliak hil eta beraien haragia jaten zutela eta gainera esnea lapurtzen omen zieten gazta izeneko zerbait egiteko. Aaag!! Ze nazka. Buruan “antenak” zituzten animaliak ere ikusi ditugu. Brahim-ek (gelako laguna) esan du “bakak” direla eta buruan dutena ez direla antenak baizik eta “kuernoak”. William Alberto Josek (gelako laguna) esan du horrelako batek, aita gazte zenean harrapatu egin zuela eta geroztik erren omen dago. Olentzeroren etxearen antzekoak ere erakutsi dizkigute, baserriak omen ziren.

  • (Aitona) Animalien aldeko eta Beganoen eraginez animalien ustiaketa debekatu ziatenez geroztik, baserriak desagertu eta basoa eta zikina gailendu huan. Animali basatiak berriz ugaritu eta azkenean baserritarrak ere, kalera jaitsi behar izan ziaten. Etxabere gehienak galdu edo basati bilakatu hituan, horregatik hik ez ardi, ez behi, ez oilo, ez dituk ezagutzen.

  • (Birloba) Aaah??… eta “Aralarko ohiana” lehen nolakoa zen ere erakutsi digute. Zuhaitz gutxi ageri zen eta Artzai izeneko gizonezko batzuk.

  • (Aitona) Bai, hauekin berdin. Debekua eta gero, desagertu hituan. Ondoren, txaboletara bideak zabaldu eta udaleku bilakatu zizkiaten. Agian, datorren urtean hi ere joango haiz. “Beno…” gaur dagoeneko elikatu haiz?

  • (Birloba) Ez, gaur zein tokatzen dira, pirula gorriak ala berdeak?

  • (Aitona) Biak, eta ekarri hitzak txuriak ere niretzako.

Zinez espero diat honelakorik ez gertatzea, eta inoiz birlobarik badiat, guk izan diagun bezala, baserrira joateko aukera izatea, arrautzak jaso, jan, gazta dastatu, etab. egitera, eta ez soilik Olentzero ikustera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!