Etorkizuneko abeletxeak

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Galarraga 2017ko aza. 18a, 10:04

Etorkizun ez oso urrun batean, nire birlobak, bere lehen irteera egingo du ikastolatik eta ohitura den bezala, gela osoko haurrak abeletxe batera joango dira egunpasan. Aurrez gelan, andereñoak abeletxe bat, animaliak bizi eta beraietatik produktuak lortzen diren lekuak direla esango die haurrei, hala nola, esnea eta arrautzak.

Nire birlobak, aitonaren berdin-berdina izanik, behi eta oilaskoen paradisu batera joango dela imajinatuko du eta oso gustura sartuko da bere autobus espazialean, amak ipiniko dion ogitartekoa motxilan duela, eta behi pintarratu polit bati igurtzi bat egiteko itxaropenarekin eseriko da autobuseko atzeko eserlekuan.

2027. urtean ordea abeletxeak edo abere granjak teknologia eta efizientzia aldetik asko aurreratuko dira, eta gaur egungo esne eta arrautzen ekoizpen moduak batzuetan barruak nahasten dizkigun arren, etorkizunean apur bat gehiago nahastuko dizkigu. Gaur egun esne behi batek 40 litro esne ekoizten dituen heinean, etorkizunean esne ekoizpen hau bikoiztea lortuko da, nola? Ingeniaritza genetikoak etikaren mugak gaindituz eta behia, esne makina efiziente batean bihurtuz… super behia.

Super behi honen ezaugarri nagusia bere gorputz txikia eta errape erraldoiak izango dira, ziurrenik bere bizitza laburra etzanda igaroko du, ez baitu behar adina muskulu izango bere errape beldurgarriak altxatzeko. Gainera, behi hauek esnea etengabe ekoiztuko dute haurdun egon beharrik gabe, ez dakitenentzat oharra: behi batek esnea emateko haurdun egon behar du. Behi hauek ordea, hormona bidez tratatuak izango dira eta bere bizitza osoan haurdunaldi bat simulatuko diote, eta behiaren gorputzak esnea «naturalki» sortuko du etengabe. Honek, haurdunaldi ostean jaiotako txahalen kudeaketa alde batera utziko du eta behien umatzeak ekar ditzakeen gastuak aurreztuko ditu. Behi hauek ez direnez sekula mugituko, ohe txiki batzuetan egongo dira etzanda eta lerrokatuak, tutu sistema baten bidez sartuko dizkiete elikagaiak eta beste tutu batzuen bidez hondakinak atera, horrez gain odolera zuzenean hormonak bidaliko dizkion ordenagailu zentral bati konektaturik egongo dira. Behi hauek ziurrenik ez dute zerebro oso garatu bat izango, eta eskerrak!

Arnasa hartu, jan eta esnea ekoizten kontsumituko dute jandakoaren ia guztia, ozta-ozta bizi diren heinean. Imajinatu nire birloba txiki eta inozoak, bide batez aitonaren omenez Jon Ander izena ipiniko diotena, super behi koitadu honen mila buruko etxola bat ikusten duenean, non dago belarra? Eta behien zintzarriak?

Ostean, bere gelakide guztiak alboko etxolara igaroko dira, arrautzen ekoizpen etxolara. Gure Jon Ander txikiak, super behi horien irudia kendu nahian, txitak eta ama oiloak ikustera doa korrika bizian, baina arrautzen ekoizpena ere oso urruti dago oilo ama eta txita txikien ipuinetik. Oilo hauek arrautzak jartzeko diseinatuak izango baitira, elkarri mokokadarik ez egiteko eta jaiotzean mokoa mozten gizakiak denborarik gal ez dezan, jada oilo moko gabeak izango dira. Bero manten daitezen eta berogailuko gastuak aurrezteko, luma geruza gehigarri bat izango dute, baina beraien gorputzeko zatirik ikusgarrienak beren ugal organoak izango dira. Oilo hauek egunean 10 arrautza ipiniko dituzte, obario mordoa izango dituzte etengabe martxan daudenak eta beraien erruteko gorputz atal guztiak erraldoiak izango dira, arrautzak elkarren jarraian etengabe ekoizteko. Kaiola bertikaletan egongo dira lotuak, erabat geldirik, ahotik tutu batek elikagaiak ematen dizkioten heinean, azpitik mugitzen doan zinta mugikor batek beraien arrautzak bilduko ditu. Han ez da egongo oiloen kakaraka zororik.

Gure Jon Ander txikiari jada ama oilo eta txiten irudi xarmagarria erabat ezabatu zaio, baina esperantza piztu zaio, jateko erabiltzen diren oilo ederrak ikustera doazela esan diotenean. Jon Ander txikiari atsegin zaizkio animalia sendo eta pottoloak eta berebiziko bular eta izter sendoko oilotzarrak irudikatu ditu bere buru horretan. Errealitatea ordea ezberdina izango da, zeren oilasko haragia ekoizten den etxolan, zizare baten antzeko oilo luzangak egongo dira. Guztiak suge moduan lurrean arrastaka, bakoitzak sei hego pare eta beste sei izter pare dituelarik, lumarik gabe, eremu heze batean biziko dira eta lokatz artetik arrastan dabilen aingirak bezala mugituko dira. Astebetean jateko moduan izango dute bere haragia, eta oilo bakoitzetik, harategiko bandeja bat betetzeko adina hegal eta izter lortuko dira, igandeko arrozarekin jateko.

Eta hauxe izango da, etorkizuneko Jon Ander txikiaren lehen irteera ikastetxetik, oso didaktikoa, errealitatea den bezalakoa erakusten duena, eta ziurrenik Jon Ander txikia ingeniari genetiko izatea erabakiko du, eta berriro garai bateko oilo eta behiak berreskuratzen saiatuko da… bekaren bat ematen badiote behintzat!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!