Bihar jarriko du salaketa, sexu erasoa jasan zuen emakumeak

Tolosaldeko Ataria 2017ko aza. 29a, 17:36

Tolosako Mugimendu Feministak salatu du Babarrunaren Festan, azaroaren 19an 02:00etan, emakume batek eraso sexista bat jasan zuela. Whatsapp bidez zabaldu dute mezua erasotzailea identifikatzeko helburuz.

Atariak erasoa jasan zuen emakumearekin hitz egin ahal izan du eta esan du bihar jarriko duela salaketa. «Horrelako gauza asko pasatzen dira eta normalean ez dugu ezer egiten eta nazkatuta nago. Ez bagara mugitzen gauzak berdin jarraituko dute. Seguruena ezingo dugu mutila identifikatu, eta lortuz gero ere ez zaio gauza handirik pasako, baina saiatu nahi dut. Mezua jasotzen badu beharbada erreakzionatu egingo du eta ez ditu horrelako gauza gehiago egingo, bera eta bera bezala pentsatzen duten mutilez ari naiz».

Emakumeak azaldu du gizonezko batek ukituak egin zizkiola Euskal Herria plazatik Rondilla kalera zihoala, erasotzailea gainetik kendu eta egindakoa leporatu ziola ere esan du. «Hasieran ez nuen erreakzionatu, baina gero atzetik joan nintzen eta hori egiteko eskubiderik ez zuela eta eraso sexista bat izan zela esan nion. Tipoa harrotu eta erasotzailea ni nintzela esan zidan», azaldu du. Erasotzailea Antonio Lekuona kalerantz joan zen.
Erasoa jasan zuen emakumeak Tolosako Udalera jo du laguntza eske. Berdintasun sailean eta Gizarte Zerbitzuetan izan da eta eurak ere mugituko direla esan diote. «Neskak oso ondo erantzun zuen erasoaren aurrean eta eraso hori nonbaiten azaltzea nahi du eta guk horretan lagunduko diogu», esan du Gizarte Zerbitzuetako Lourdes Senobillak. Ertzaintzarekin eta abokatu batekin jarriko dira harremanetan, gertaeraren berri izan dezaten.

Erasoa jasan duen emakumeak salaketa jarriko du bihar, eta lekukoak nahi ditu prozesu judiziala hasteko, horregatik egin die dei herritarrei. Dena den, whatsapp bidez zabaldu den mezuan lekukoei Gizarte Zerbitzuetara jotzeko eskatu dute, baina bertan egokiena Ertzaintzara jotzea dela esan dute. «Noski hartuko ditugula dei edo bisitak, baina egokiena Ertzaintzara jotzea da», esan du Senobillak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!