Tolosako Kasino elkartean egin zaie harrera Euskal Herritik nahiz kanpotik etorritako kofradietako kideei. Hain zuzen, besteak beste, Ordiziako Idiazabal gaztarena, Errioxako ardoarena, Irungo Anaka kofradia, Beasaingo odolkiarena, Eibarko bakailaoarena, Sarako usoarena edota Tuterako Orden del Volatín zainzuriaren kofradiek jaso dute, aurten, tolosarren gonbidapena.
Baina, horiek ez dira gonbidatu bakarrak izan. Kasino elkartetik atera ondoren, Tolosako udaletxera joan dira partaide guztiak. Bertan itxaroten zuten Olatz Peon alkatea, baita ekitaldia ikustera joan diren herritarrak eta gainerako ordezkariak ere. Eta hain zuzen, udaletxean bertan eman dira ezagutzera gainerako gonbidatuak.
Irene Larraza tolosarrak gidatu du saioa, eta Hodeiertz abesbatzak, David Azurza zuzendariak gidatuta, bi kantu abestu ditu lehenik. Ondoren, hitz egiten lehena, Imanol Zubelzu, Babarrunaren kofradiako zuzendaria izan da. Bere esanetan, "Ohore bat da duela bi urtetatik, talde eraberritua duen kofradiako buru izatea, eta eskerrak eman beharrean gara, gaurkoan, hemen, gurekin dauden kofradia, ohorezko kofrade, udaleko ordezkari nahiz herritarrei".
Jarraian, Brian Cullen, Tolosako turismo bulegoan aritzen den langile eskoziarra, kofradiakide izendatzeko unearen aurretik. Gero, beraien izenak aurrez jakitera eraman bazituzten ere, 2017ko ohorezko kofradeak deitu dituzte, opariak jaso eta zin egin aurretik.
Batetik, Edurne Trancho, sukaldari tolosarrak, batez ere, telebistari esker, Tolosako Babarrunaren izena, mundu mailan zabaltzeagatik jaso du omenaldia. "Laster Mexikora noa, eta han ere ezagutzera emango dut jaki hau", gehitu du berak. Bestetik, Ana Urrutia bizkaitarra ere izendatu dute ohorezko kofrade. Telebistan, eguraldia iragartzen nahiz bestelako erreportajeak egiten burututako lan ona nolabait ere eskertu nahi izan diote Urrutiari.
Ohorezko beste bi kofradeak, aurten, urteurrenak bete dituzten Tolosako bi talde izendatu dituzte. Batetik, TEE (Tolosako Ekinbide Etxea), 50. urtemuga ospatzen duela eta, eta bestetik, Udaberri Dantza Taldea. Modu honetara, kultur eragileak, sortu zenetik 60 urte bete dituela eta, omenaldi xumea jaso du. TEE-ren izenean, Julian Lacunza zuzendariak jaso ditu zapia, Mariona txotxongiloa eta babarrun zakua. Udaberriren kasuan, Olaia Etxeberria eta Pau Ortiz dantzariak eta taldekideak izan dira opariak jaso dituztenak. Ohorezko kofrade guztiek ere, eskerrak eman nahi izan dizkie Tolosari nahiz bertako Babarrunaren kofradiari.
Guztiek, Brian Cullenek bezala, zin egin dute eskua eltzean jarriz, ohorezko kofrade izateko baldintza guztiak onartzen dituztela esanez. Amaieran, Irati Artutxa kofradiakideak agurra dantzatu du, hodeiertz abesbatzak, David Azurzaren zuzendaritzapean, beste bi kantu abestu aurretik. Olatz Peon alkatearen hitzek borobildu dute ekitaldia: "Ohorezko kofrade horien bitartez, lagun berriak ditugu gaur gure artean, beraien lanetan Babarrunaren izena zabalduko dutenak".